Hondarribiko alardea

Hondarribiko alardeko gazte batzuek andreen parte hartzea babestu dute

Hondarribiko gatazka konpontzeko deia egin dute emakumeak soldadu onartzen ez dituen desfileko hainbat kidek. Adierazi dute andreek «eskubide osoa» dutela, eta hori dela gatazka amaitzeko giltza

Adierazpena argitaratu duten gazteak, herenegun, Gernikako Arbola pasealekuan, talde argazkian.
Adierazpena argitaratu duten gazteak, herenegun, Gernikako Arbola pasealekuan, talde argazkian. BERRIA

Maite Asensio Lozano -

2019ko urriak 8

Hondarribiko alardearen inguruan (Gipuzkoa) 1990eko hamarkadatik dagoen gatazka konpontzera eta emakumeen parte hartzea bideratzera deitu du herriko gazte talde batek. Andreak soldadu gisa onartzen ez dituen desfilearen bueltakoak dira: alardean ateratzen diren gizonak, kantinera izandako emakumeak eta desfilea espaloitik ikusten dutenak. 70 lagun inguru elkartu ziren herenegun manifestu bati atxikimendua adierazteko eta argazki bat ateratzeko, eta atzo ezagutarazi zituzten idatzia eta irudia. Alardearen auzia bideratzeko deia zabaldu dute: «Irailaren 8ko eguna merezi duen duintasunera eraman behar dugu berriz».

Alardearen inguruko gatazkaren ondorioz Hondarribian dagoen egoerari buruz hainbat gogoeta plazaratu nahi izan du taldeak. Alardearekiko «maitasunez» mintzatu dira adierazpenean, ospakizuna «modu osasuntsuan» bizitzeko gogoz. «Izan ere, gaur egungo errealitateak alardea hondatzea eta hari kalte egitea besterik ez dakar, eta haren etorkizuna kolokan geratzen ari da».

Gogora ekarri dute gaur egungo alardea «mendeetan izandako aldaketa askoren emaitza» dela, ez dela beti berdin-berdina izan, eta nabarmendu dute «XXI. mendeak eskatzen dituen aldaketak bermatu» egin behar direla errituaren etorkizuna ziurtatzeko: «Horregatik, Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa duela iruditzen zaigu. Hain zuzen ere, bakoitzak bere aukera modu askean egitean datza gatazka honi amaiera emateko modu bakarra».

Bide horretan aurrera egiteko, elkarrizketa aldarrikatu dute manifestuaren bultzatzaileek. Uste dute hori dela gatazka bideratzeko modua: «Hondarribiko herritarren artean hitz eginez bakarrik konpon daiteke». Azpimarratu dute gatazkarekin hazitako belaunaldia direla: «Ez dugu istilurik gabeko alarderik ezagutzen». Baina, aldi berean, uste dute horrek indar bat ekar dezakeela: «Ziurrenik, hasierako urte gogor haietan parte hartze zuzenik ez izateagatik, gure belaunaldietan elkar ulertzeko aukerak handiak direla sentitzen dugu».

Gazteek berretsi dute «talde aktiboa» izan nahi dutela konponbidea lortzeko prozesuan. Jendaurrean agertu ostean, beste urrats baten berri ere eman dute: bilera bat eskatu diote Alarde fundazioari, Hondarribiko alardearen antolatzaileari.

Oraindik beldurrez

Azken urteetan Hondarribian izandako gorabeheren ondoren iritsi da gazteon urratsa. Gogoan izatekoa da iaz desfile gogorra egin zuela Jaizkibelek, aspaldiko urteetako jazarpenik handiena pairatuz; aurten, lasaiagoa izan da Kale Nagusiko ibilbidea, baina ezinikusia ez da desagertu. Elkarrizketa bideratzeko bi prozesu ere izan dira azken hilabeteetan, baina Jenny Pearce bideratzaileak adierazi du oraindik ez dagoela baldintzarik bi aldeak elkartzeko.

Idatziaren sustatzaileek aitortu dute oraindik ere beldur handia dagoela alardearen auziaz jendaurrean iritzia emateko: «Argazkian ateratzeko ezezkoa eman diguten pertsona gehienen arrazoia beldurra izan da, testuak dioenarekin guztizko adostasuna adierazi arren». Edonola ere, atxikimenduak eta iradokizunak biltzen jarraituko dute. Helbide elektroniko bat jarri dute: guztion.alardea@gmail.com.

Arrakalak Gernikako Arbolan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Maite Asensio Lozano

Informazio osagarria