Koronabirusa

EAJk eta PSEk atzera bota dute Gotzone Sagardui gaitzesteko proposamena

Txertaketa irregularren auzian «gezurra» esatea aurpegiratu diote EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP-C's-ek Osasun sailburuari

Rebeka Ubera atrilerako bidean, Gotzone Sagardui, Josu Erkoreka eta Iñigo Urkulluren begiradapean. J.FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Basurtu eta Santa Marina erietxeetako txertaketa irregularren auzietan «gezurra» esatea, «gardentasunez» ez jokatzea eta erantzukizunak bere gain ez hartzea. Hiru arrazoi horietan bat etorri ziren atzo EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-C's, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren gaitzespena eskatzeko Eusko Legebiltzarrean. Oposizioak aho batez egin zuen eskaera, baina gobernuko bazkideek atzera bota zuten proposamena, gehiengo osoaz baliatuta. Ekinbideak ez zuen aurrera egin, eta ondorio praktikorik ez du izango, baina badu balio politiko bat, agerian utzi duelako oposizioak ez duela ontzat jotzen Sagarduiren kudeaketa, eta EAJren eta PSEren konfiantza baino ez duela Osasun sailburuak.

Hain justu, atzo, babes hori irudikatzeko keinua ikusi ahal izan zen Eusko Legebiltzarrean: Sagardui Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera iritsi zen goizeko saiora, eta ezohiko irudia ikusi zen bilkura aretoan ere, sailburu guztiak izan baitziren eztabaida bertatik bertara ikusten.

Joan den urtarrilean jakin zen Eduardo Maiz Bilboko Basurtuko ospitaleko zuzendariak eta Jose Luis Sabas Santa Marina erietxekoak ez zutela bete Osakidetzak ezarritako protokoloa eta COVID-19aren aurkako txertoa hartu zutela. Maiz kargutik kendu zuen Osasun Sailak, eta Sabasek dimisioa eman zuen. EH Bilduk otsailean erregistratu zuen Sagarduiren gaitzespen proposamena, txertaketa irregularren auzia jakin eta gero, baina haren eztabaida gelditu egin zuen, «Jaurlaritzari konfiantzarako tarte bat» emate aldera. Hala ere, iragan astean, EAJk eta PSE-EEk txertaketa irregularren inguruan oposizioak egindako agerraldi eskeak atzera bota ostean, Sagardui gaitzesteko ekimena osoko bilkurara eramateko pausoa eman zuen berriz koalizioak. Atzo eztabaidatu zuten, baita PP-C's-ek eskaera bera eginez aurkeztutako beste osoko zuzenketa bat ere. Elkarrekin Podemos-IUren babesa izan zuten bi proposamenek.

Erantzukizun eske

«Gezurra» hitza maiz entzun zen eztabaidan. Txertaketa irregularren auzian «gezurretan» aritzea elkarri aurpegiratu zieten oposizioak eta Jaurlaritzako bazkideek. EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PP-C's-ek gobernuari egotzi zioten auzian gertatutako guztia «estaltzen» saiatzea. «Zeren beldur zarete?». Rebeka Ubera EH Bilduko eta Laura Garrido PP-C's-eko legebiltzarkideakgaldera hori behin baino gehiagotan luzatu zioten gobernuari. EAJren eta PSEren ustez, berriz, oposizioko taldeek «gezur» baten gainean eraiki dute Sagarduiren gaitzespen eskea, xede bakarrarekin: Jaurlaritza «higatzea» .

«Gezurra tresna politiko onargarria al da gobernu baten kudeaketa defendatzeko? Horixe da eztabaida honen muina», azpimarratu zuen Uberak. Eta erantsi: «Guk diogu ezetz, gobernuak beti esan behar diolako egia jendeari». EH Bildukoarentzat «ulertezina» da EAJk eta PSEk txertaketa irregularren auzian inplikatutako ahotsak entzuteari uko egin izana: «Azalpenak zor dizkiozue gizarteari».

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko eledunak «gardentasunik eza» aurpegiratu zion Jaurlaritzari, bai eta auzian izandako erantzukizun guztiak zuritzeko galdegin ere. Haren ustez, afera «larria» da, baina Sagarduik legebiltzarrean emandako azalpenak ez dira aski izan. «Ezin dugu auzia berriro itxi». Harago jo zuen PPko Laura Garridok: txertaketa irregularrarekin zerikusia izan duen goi kargudun ororen dimisioa eskatu zuen. Kritikak egin zizkion Sagarduiri ere: «Bere egia eraiki du, eta bertan gotortu da».

Kritiken aurka, EAJk eta PSEk Sagarduiren kudeaketaren defentsa egin zuten, eta oposizioari leporatu zioten sailburuaren azalpenak entzun baino lehen erruduntzat jotzea: «Epaiketa sumarisimoa egin duzue». Luis Javier Telleriak gogor kritikatu zuen oposizioa, bereziki EH Bildu: «Politika zitala egiten duzue». Ideia bera nabarmendu zuen PSEko Ekain Ricok: «Azalpenak eman aurretik epaiketa egina zenuten, eta sailburua errudun zela erabakia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.