Koronabirusa

Konstituzionalaren ebazpenaren harira, kezka erakutsi dute erakunde ugarik

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esan du erabakia «harrigarria» izan dela. Ikusteko dago isunekin zer jazoko den

Bi udaltzain Arriaga parean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Eragile politiko eta instituzional ugarik arrangura adierazi dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legearen aurkakotzat jo dituelako Espainiako Gobernuak 2020ko martxoan COVID-19aren izurriari aurre egiteko ezarritako alarma egoera eta horren babesean hartutako neurriak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak, esaterako, azaldu du erabakia «harrigarria» iruditzen zaiola,eta «egin denaren parte handi bat ezerezean» utziko duela.

Sei magistratuk eman zuten herenegun alarma egoeraren babesean hartutako neurri batzuk konstituzioaren aurkakotzat jotzearen aldeko botoa; bostek kontrakoa. Erkorekak esan du alarma egoerak Polizia guztiak eraman zituela «osasun publikoko araudia zorrotz betearaztera». Jaurlaritzako Segurtasun Sailak «antolaketa ahalegin handia» egin zuen, Erkorekaren hitzetan: langile gehiago kontratatuta, aplikazio informatikoetan inbertsioak eginda, «bat-batean 40 bider handitu zirelako zigor espedienteak». Horrek «atsekabea» sor dezake polizien artean, Erkorekaren ustez.

Sailburuak jakinarazi duenez, lehen alarma egoeran 22.955 salaketa jarri ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 13.500, Ertzaintzak jarritakoak, eta 9.500, udaltzaingoek. Horiei gehitu behar zaizkie Donostiako, Bilboko eta Gasteizko udalek jarritakoak, prozedura propioak baitituzte. Espediente horiek fase diferenteetan daude, eta 5.000 inguru jada pagatuta daude. Orain, ikusteko dago isuna jaso zutenei dirua itzuli beharko zaien edo ez.

Salbuespen egoera

Antzera aritu da Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkaria, hark ere «harrigarritzat» jo baitu auzitegiaren erabakia. Esan du alarma egoerak «bizi asko salbatu» zituela, eta «momentu horretan egin behar zena» egin zela. Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak, berriz, azaldu du ez dituela ezagutzen Auzitegi Konstituzionalaren argudioak —oraindik ez da sententzia argitaratu—, baina, edonola ere, ebazpenak dioena zera dela: alarma egoeraren ordez salbuespen egoera ezarri behar dela «oinarrizko eskubideak eteteko»: «Sortu diren iritziak direnak dira, ez ditut eztabaidatuko, baina balio juridikoen ikuspegitik interesgarria da alde bateko nahiz besteko botoek azaltzen dituzten argudioak entzutea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.