Greba eskubidea errespetatzeko eskatu du ELAk

Sindikatuak Eusko Jaurlaritzari egin dio eskaera, Bizkaiko zahar etxeetako langileek hilaren 14an egingo duten lanuztearen harira

ELAk deitutako elkarretaratzea, atzo, Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ELA.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bizkaiko zahar etxeetako langileek greba egingo dute abenduaren 14an, besteak beste egoitzetako lan baldintzetan hobekuntzak eskatzeko. ELA sindikatuak lanuzte deialdia erregistratu zuen atzo, eta Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuen. Sindikatuak Jaurlaritzari eskatu zion zahar etxeetako langileen «grebarako eskubidea errespetatzeko».

Irune Cerezo ELAko ordezkariaren arabera, greba egunean Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzua ezartzen badu, sektoreko 5.000 langileren grebarako eskubidea «urratuko luke», eta zahar etxeetako «egiturazko arazoak handituko» lituzke.

Erabakiak «balantza patronalaren eta aldundiaren interesetara makurtuko luke», azaldu zuen Cerezok. Izan ere, azken urte eta erdian egindako negoziazio mahaietan, patronalak eta aldundiak «soldatak izoztearen, lanaldi partzialekin jarraitzearen eta langileak lehen egunetik ez ordezkatzearen aldeko apustua» egin dute.

Era berean, ELAk gogorarazi zuen Bizkaiko Aldundiak 255 milioi euro inguruko diru sail bat onartu duela, baina ez dela inbertituko «langileen baldintzetan eta zerbitzuaren hobekuntzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.