Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Ikasturte giltzarria euskalgintzarako

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Kamustu ere egin da honezkero bidegurutzearen irudia euskalgintzan. Norabide asko finkatzeko moduko giltzarriak ekarriko ditu, hala ere, ikasturte berriak. Arlo sozialean, Euskaraldia izango da ardatz datozen asteetatik aurrera: azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute 11 eguneko egitasmoa. Mugimendu handia sortzen ari da. Ez da egitasmo handi bakarra izango: 21. Korrika izango da udaberrian. Esparru politikoan ere badira mugarriak: hauteskundeak Nafarroan, estatutuari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrean, eta hizkuntza politikako proiektua onartu osteko lehen ikasturtea Euskal Elkargoan. Hilabete giltzarriak euskalgintzarentzat.

Agenda betea ageri da datozen asteetarako. Urrian bertan, pisuzko hiru jardunaldi. Lehenik, hilabete barru, euskara batuaren 50. urteurrena. Arantzazun bilduko dira urriaren 4an, 5ean eta 6an, 1968an bezala. Euskaltzaindiak bihar aurkeztuko du egitaraua. Bigarrenik, Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena: euskara da ardatzetako bat —Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen du izenburua—, eta ondorioak hilaren 19an aurkeztuko dituzte Gasteizen. Eta, hirugarrenik, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien laugarren aldia, ikuspegi berritzaile bat kaleratu nahi duena: Arnasguneen prebentziotik garapenera. Hirigintzak euskarari nola eragin dion aztertu dute aurrekoetan, eta arnasguneen garapena izango dute ardatz orain. Urriaren 10ean egingo dute saioa, Azpeitian.

Gogoeta saio horien alboan, bi ekitaldi handi. Euskaraldia indar handia hartzen ari da: 350 udalerrik baino gehiagok izena eman dute, dozenaka entitatek ere bai, eta herritarrek izena emateko garaia hasiko da hilaren 20an. Bi rol daude, nor bere konpromisoarekin: ahobizi, ahal den guztietan euskaraz egingo duena; eta belarriprest, euskaraz egitea erraztuko duena. Erabilera areagotzea da helburua, ez euskararen aldeko jarrera agertzea. Mezu hori zabalduko dute datozen asteetan.

Euskararen aldeko ekitaldi sozial handiena ere ikasturte honetan izango da: Korrikaren 21. aldia. Azaroan aurkeztuko dute. Apirilaren 4tik 14ra egingo dute.

Parlamentuei begira

Nafarroan egongo da ikasturteko gakoetako bat: maiatzeko bozak, gobernu osaketa, aldaketen etorkizuna. Euskararen legea aldatzeko gogoeta abian da parlamentuan —adituen iritziak jasotzen ari dira—, eta txosten bat egingo dute. Nora iritsiko den, zail dirudi euskararen legea aldatzeak. Bidea hasi behintzat egin nahi du euskalgintzak, parlamentuaren bidea babestu: irailaren 29an jardunaldi bat egingo dute —Hizkuntza eskubideak bermatzeko legearen bidean izenburupean—, eta urriaren 27an, manifestazioa.

Eusko Legebiltzarrean ere badira aztergaiak. Batetik, estatutu berrirako proposamenetan zer leku izango duen euskarak; Kontseiluak proposamen bat egin du. Bestetik, hezkuntza legeari buruzko gogoeta hasiko dute, eta zentraltasuna izango du hizkuntza ereduen gaiak, areago azken ebaluazioaren ostean: ikasleen euskalduntzea «moteltzen» ari da, eta %45ek ez dutela beharrezko maila. Jaurlaritzak agintaldi erdia egin du. Euskalgintzarekiko erlazioa nabarmen samurtu du talde berriak. Pisuzko erabakiak hartuko ditu aurki: administrazioko dekretu berria eta euskarazko hedabideen laguntzak.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, egitasmoak mamitzeko garaia dute. Euskal Elkargoak ekainean onartu zuen hizkuntza politikarako proiektua; «ofizialki» aitortu zuen euskara, eta sustapen neurriak proposatu. Ezartzen hastea dute eginkizun. Parisen erabakiek sortutako tentsioa bideratzea ere bai: Seaskako irakasle postuen arazoak tentsioa sortu du ikasturte hasieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.