urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Tunelaren erditik

2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Lerrook idazten nabilela, artikulua bidaltzerakoan, COVID-19a zuten 96 heriotzaren berri ematen du BERRIAren webguneak. Irakurtzen duzunerako, 100 baino gehiago izango dira. Gaur zortzi martxoko azken artikulua argitaratzen denerako, kopuru hori beste bi, hiru, lau... zenbatekoa izango ote da?

Astea betetzen dugu Espainiako gobernuak Hegoaldeko euskaldunoi etxeratzeko agindu zigula, geneukan autonomia apurra kenduta bidenabar. Ipar Euskal Herrian bizpahiru egun beranduago iritsi zen agindua, artean zazpi kasu positibo baino ez zeudela, denak ere Lapurdiko kostaldean ordurako ehunka ziren Gasteizen. Espainian asko izan dira Madrilgo egoera ikusita hiriburua itxi beharra aipatu dutenak, eta berehala hiriko pisuan gotortu beharrean Mediterraneoko etxera joan direnetako zenbaitek gaitza hedatu dute. Pentsa liteke antzeko ondorioa izango duela Donibane Lohizunen eta beste herri batzuetan agertu diren paristar bisitariek, uda arte hutsik egon ohi diren etxe zenbaitetan berriz ere bizilagunak badirela erreparatuta.

Urtarrilean erredakzioko kazetari batzuei aipatu nien, Txinan demokrazia liberalik ez egoteak eta estatu autokratikoa izateak mendebaldean pentsaezinak ziren neurriak hartzea ahalbidetzen ziela. Ez nenbilen zuzen. «Pentsaezina» nioen lekuan, bazterrotan ez zela egingarri iradokitzen nuen, etxeratze aginduak eta hirien itxiera eta herritarren mugimendua mugatzeak eskubide zibilen aldeko mugimenduak piztu eta eztabaida demokratiko eta legalak piztuko zituelakoan. Protesta egongo zela, alegia. Otzan-otzan onartu dugu, horratik, ezinbesteko zela barneratuta; otzan baina, era berean, konpromiso zibiko handiz. Ikusi genituen Shanghaiko metroa hutsik eta Pekingo abenidak film futurista baten itxuran, eta ezinezkoa zirudien horrelakorik Bilbon irudikatzea. Eta hara non, New Yorkeko Times Square ere hustu den.

Erakundeengan ikusi ez dugun konpromiso handiz. Urteetako murrizketa eta ustelkeria-kasuen ondorena gordin lehertu zaigu. Ostiralean 2.000 positibora iritsi zen Euskal Herria. Munduko eskalan, Norvegia (1.957 kasu) eta Belgikaren (2.257) artean zegoen beraz, datu ofizialei jaramon eginez. Baina Belgikan 37 heriotza izan ziren, Euskal Herrian ordurako zeudenen (78) erdiak baino gutxiago, eta Norvegian zazpi lagun baino ez ziren. Eskandinaviarrak indartsuago diren seinale? Osasun sistema publiko indartsuak badu eraginik, baina detekzioan dago aldea, bistan da. Esanguratsua iparraldeko herrialdeko tasa ehuneko 0,35ekoa zela, Euskal Herrian baino hamar aldiz txikiagoa.

Koronabirusa Italiaren irailaren 11 dela diote munduko albistegiek. Txinako heriotza kopurua gainditu zuen ostegunean. Gaur bost mila heriotzaren langa izugarria gaindituko dute. Horietako 3.000 baino gehiago Lombardian hilak, herrialdeko lekurik aberatsenean, zerbitzu onenak dauden iparraldean. Atera kontuak zer nolako hondamendia etor litekeen penintsulan hegoalderantz eginez gero gaitzak. Badira faktore sozialak, Txinan 46 urtekoa ei zen birusa harrapatu zuten herritarren bataz bestekoa, eta 63koa Italian, munduko biztanleria zaharkituenetakoa baitauka. Euskal Herriak bezala.

Eremu teknologikoa izan da gaitzari aurre egiteko garrantzitsuenetakoa Txinan eta Hego Korean, eta urteetan irabazitako hainbat eskubide zibilen galera. Eta tuneletik irtendakoan, ikusi beharko da zelatatze totalitario horretan galdutakotik zenbat onartzeko prest gauden, kontrol sozialaren eta osasunaren arteko balantzan jartzen badira.

Tragedia hain larria ez balitz, justizia poetikoa ere izan liteke Txinako Gurutze Gorriko ordezkaria italiarrei errieta egiten entzutea; Europako herrialde bateko ordezkaria Asiako bati txarto ari direla entzungo bagenu, jarrera kolonialista dela esango genuke. Baina abian da Txinaren New Deal-a. Mikel Aiestaran kazetariak iradoki du asteon, ikusiko ote ditugun Txinaren laguntza hegazkinak AEBetan? New Yorkek egin du dagoeneko alarma deia, eta Kalifornia ere sartu da itxialdian. Dozenaka milioi herritar daude osasun babesik edo asegururik gabe, eta osasun krisi baterako pentsa litekeen agintaririk eskasena dago Etxe Zurian.

Donald Trumpek gura duena esan dezake, baina Years and Years BBCren telesail txalotuaren estreinako kapitulua balitz bezala, Asia munduan nagusi jartzeko azken kolpea izan liteke. Teknologia eta finantzen hiriburua Atlantikoaren mendebaldean, ekoizpena Pazifikoaren beste aldean, Asia eta Amerikaren arteko lehiak Europa ahulduko du gehien. Washingtondik gidatutako anglosaxoniar indar ekonomiko eta militarra hor egongo da oraindik botere handienari eutsi arren. Trumpek Txina baino ardura larriagorik izan beharko luke, bere idazkietan «Corona» ezabatu eta Txinatar birusa idatzi arren. Barne lehiak kezkatzen du, ez arrazoirik gabe. Gezur, datu faltsu eta bular kolpeek ez dute askorik balio pandemiaren aurrean. Ez Washingtonen, ez eta Gasteiz eta Iruñeko Etxezuritxoetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.