Albistea entzun

Koronabirusa. Konfinamendua bukatzeko prozesua

NORMALTASUN BERRIRAKO BIDE LUZEA

Euskal Herriko nahiz Europako erakundeak hasiak dira konfinamendua pixkanaka arintzeko protokoloak diseinatzen. Leuntze faseak dituen arriskuez ohartarazi dute adituek, eta zenbait baldintza jarri dituzte, COVID-19aren olde berri batek osasun sistema birrindu ez dezan.
<b>Urruntzea.</b> Aldentzea beharrezkoa izanen da aurrerantzean. Irudian, jende ilara Errenterian.
Urruntzea. Aldentzea beharrezkoa izanen da aurrerantzean. Irudian, jende ilara Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2020ko apirilak 26

Pixkanaka, makuluez lagunduta eta pauso txikiak emanez. Istripu baten ostean osatze lana egin behar duenaren antzera eginen da konfinamendua bukatzeko prozesua. Hego Euskal Herriko haurrek, adibidez, aukera dute, gaurtik aurrera, ordubetez kalera ateratzeko, eta neurri gehiago etorriko dira datozen egunetan; kasurako, Hego Euskal Herriko herritarrek kirola egiteko eta paseatzeko aukera izanen dute larunbatetik aurrera, pandemiaren datuek ahalbidetzen badute. Maiatzaren erdialderako espero da konfinamendu fase zorrotzenaren bukaera eta bigarren faseari heltzea: leuntzearena.

Europako beste hainbat herrialdetan ere hasiak dira itxialdiaren osteko leuntze neurriak pixkanaka-pixkanaka aplikatzen. Alemanian, Txekian, Danimarkan eta Norvegian, esaterako, martxan da arintze mailakatua.

Askoren ahotan, galdera bat: noiz itzuliko da dena normaltasunera? Eta galdera horren segidan, beste asko: noiz zabalduko dituzte eskolak, jatetxeak eta zinema aretoak? Noiz baimenduko dute lagunekin elkartzea? Noiz arte eutsiko zaio telelanari? Enpresak hasiko al dira aldi baterako lan erregulazio espedienteak eteten eta langileak atzera ere kontratatzen? Oraintxe, ez dago erantzun argirik, eta normaltasun hitzak ere esanahia galdu du jada, gertakizunen zamak lausotuta. Jarduera ekonomikoa eta zerbitzu publiko batzuk berrezarrita ere, ikusteko dago nola eginen den hori, zer baldintzatan. Argi dagoena da urruntze fisikorako neurriek indarrean segitu beharko dutela hainbat hilabetez, jarraian edo tarteka. Txerto eraginkor bat agertu edo talde immunitatea lortu arte, bederen, litekeena da urteak behar izatea SARS-CoV-2aren aurreko egoerara —edo antzeko batera— bueltatzeko.

«Konfinamendua etenda edo arinduta ere, gaitza ez da desagertu, eta ez da epe laburrean desagertuko ere. Txerto bat edo botika eraginkor bat azaldu arte, birusarekin bizi beharko dugu datozen hilabeteetan», laburbildu du Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak. «Zehazki, txerto eraginkor bat lortu arte pasa daiteke urtebete, bi urte... gaitza berria da eta populazioaren gehiengoa ez dago immunizatua. Babestuak ez gaudenez, arriskua dago bat-bateko kutsatze olde berriak eragiteko».

Harvard unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolako ikerlari talde batek Science aldizkari zientifikoan argitaratutako artikulu baten arabera, beharrezkoak izan litezke «urruntze fisikorako neurri jarraituak ala aldizkakoak» 2022ko erdialdera arte. Artikuluan, gizakiei eragiten dieten beste bi koronabirusen datuak erabili dituzte zientzialariek [hotzeria arrunta eragiten duten HCoV-OC43 eta HCoV-HKU1 izeneko birusak], egungo pandemiaren bilakaera aurreikusteko.

Eredu matematiko bat erabilita, ondorioztatu dute udako hilabeteetan moteldu daitekeela SARS-CoV-2aren kutsatzea, baina ez pandemia geldiarazteko adina: «Aintzat hartutako egoera guztietan, SARS-CoV-2a gai da gaitzaren piztaldiak eragiteko, urtaroa edozein dela ere. Hala ere, negu-udaberrietan eragindako kutsatze kurbak gailur apalagokoak dira, eta udazken-neguetakoak, berriz, zorrotzagoak». Horren arabera, litekeena da 2020ko bigarren seihilekoan eta 2021 osoan agerraldi berriak izatea, eta, tarteka bada ere, urruntze fisikoa bermatzeko neurri batzuk hartu beharko dira, osasun sistemek gainezka egin ez dezaten.

«Datozen hilabeteetan, eutsi beharko diegu urruntze neurriei, orain dauzkagunak bezain zorrotzak ez badira ere», azaldu du Basarasek: «Izan daiteke lurralde jakin batean, kasuren bat atzematen denean. Baliteke abuztuan edo irailean kutsatze berriak gertatzea Bizkaian edo Nafarroan, adibidez, eta lurraldeotan itxialdi partzialak ezarri behar izatea. Ez du zertan erkidego oso bat izan, udalerri bat ere izan liteke».

Kutsatze «kontrolatu» bat

Ikuspegi horrekin bat dator David Roiz birologoa ere. Biologian doktorea eta gaixotasun berrien ikerlaria da Roiz, Montpellierko IRD Garapenaren Ikerketarako Institutuan (Frantzia). Haren esanetan, pandemiaren egungo fasean, «ez luke zentzurik izanen» erabateko zabaltze bat proposatzeak, ezta itxialdi zorrotza luzatzeak ere: «Donald Trumpek eta beste zenbaitek planteatu dute denok atera beharko genukeela kalera, konfinamendu neurririk gabe, ekonomia salbatzeko. Horrek arrisku itzela dakar, gaitzaren olde berriak etorri eta osasun sistemak kolapsa daitezkeelako». Roizen irudiko, ordea, etxean giltzapetuta segitzea ez da «konponbide iraunkor» bat: «Konfinamendu zorrotzak, orain arte egin dugunaren gisakoak, eraginkorrak dira larrialdi garaian, helburua denean birusaren hedatze tasa murriztea. Egoera hori gehiegi luzatzen bada, ordea, kaltegarriak izan daitezke gizartearentzat, ekonomiarentzat eta, epe luzean, baita osasun publikoarentzat ere».

Hori dela eta, konfinamendutik ateratzeko bidea «mailakatua eta pixkanakakoa» izan behar dela uste dute bai Roizek bai Basarasek. «Aukera bat izan daiteke konfinamendua kenduz joatea adinaren arabera, COVID-19ak ez baitie era berean eragiten adin tarte guztikoei; beste bide bat da konfinamendu neurriak aldizka ezartzea, aste batzuetan bai eta beste batzuetan ez; eta, azkenik, egokia izanen da neurriok lurraldeka aplikatzea, Bartzelonan balio duen neurri bat desegokia izan daitekeelako Azpeitian», azaldu du Montpellierko IRD institutuko ikerlariak.

Roizen ustez, datozen hilabeteetan kutsatze berriak gertatzea, «saihestu ezinezkoa» izateaz gain, «komenigarria» ere izan daiteke, «gizartea pixkanaka immunizatuko litzatekeelako, olde bortitzik gabe eta osasun sistemak gainezka egin gabe». Horretarako, baina, gakoak dira «kontrola eta monitorizazio zehatza», ikerlariaren arabera: «Neurri guztiak, noski, uztartu beharko dira probak modu masiboan egitearekin, gizartearen kontzientziazioarekin eta osasun heziketa on batekin. Ohiturak aldatu beharko ditu jendeak aurrerantzean ere: gutxieneko distantzia gorde, berrogeialdi epeak errespetatu... Ohitu beharko dugu normaltasun berri honetara».

Nola hasi ateak irekitzen

OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Batzordeak ere aholku sorta helarazi diete estatuei, itxialditik ateratzeko prozesua «progresiboki, era mailakatuan» egin eta COVID-19aren beste agerraldi posible batek osasun zerbitzuak kinka larrian jar ez ditzan. Zehazki, Bruselak iragan astean argitaratutako bide orriaren hitzaurrean azpimarratzen da arintze neurriek «tokian tokikoak» izan behar dutela, eta ez uniformeak.

Espainiak eta Frantziak ez diote Europako Batzordearen aholku horri jaramon handirik egin orain arte: Espainiak alarma egoera ezarri zuenetik, birzentralizazioa indartu du eta bere menpeko lurralde guztietan neurri bertsuak ezarri, COVID-19ak erkidego bakoitzean duen hedatze mailari erreparatu gabe. Aste honetan aldatu du irizpidea, lehen aldiz: Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek onartu du konfinamendua bukatzeko prozesuak «asimetrikoa» izan beharko duela, neurriak «lurraldeka» hartzeko prest direla, eta pandemiaren bilakaeraren arabera «aurrepausoak» edo «atzerapausoak» emanen dituztela. Edonola ere, prozesuan egin beharreko urratsei buruzko azkeneko hitza Madrilek duela berretsi du.

Frantziako Gobernuak ere osatua du dagoeneko arintzea diseinatzeko lantalde bat, eta, batzorde horretako adituek prozesua «lurraldeka» gauzatzeko aukera lehenetsi duten arren, bide hori baztertu du Emmanuel Macron presidenteak, «lan esparru nazional» eta zentralizatu baten alde. Parisek bihar aurkeztuko die plana udal ordezkariei, baina zenbait neurri iragarri ditu jada: maiatzaren 11n, adibidez, eskolak zabalduko dituzte berriro, baina «hautazkoa» izanen da haurrak eramatea. Ostatu eta jatetxeen irekierari buruzko erabakia, ordea, maiatzaren bukaerarako utzi du Eliseoak.

OMEk ere emanak ditu arintzea hainbat bermerekin egin ahal izateko irizpide zehatzak. Gaur-gaurkoz, Espainiak eta Frantziak ez dituzte gehienak betetzen, eta Euskal Herriko erakundeek ere ez. Lehen puntua da birusaren kutsatzearen gaineko kontrola: transmisio komunitarioa gainditu eta kutsatze kate guztiak identifikatu ahal izatea. Bigarren puntuak diagnostikoari egiten dio erreferentzia: COVID-19 kasu berriak antzemateko probak «era masiboan eta orokortuan» egin beharra. OMEren hirugarren irizpidea da gaitzaren eragina murriztea osasun zentro eta zaharren egoitzetan, izurritearen foku nagusietan, alegia.

Puntu horiez gain, OMEk estatuei aholkatu die prebentzio neurriak indartu ditzatela «lantokietan, eskoletan eta unibertsitateetan»; eta «atzerriko kasuen inportazioa» galaraz dezatela; baita «kontzientziazio soziala» susta dezatela ere, «giza komunitateak ongi heziak, prestatuak eta konprometituak egon daitezen».

Euskal Herria eta Katalunia

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua hasiak dira jada konfinamendutik ateratzeko plan propioak garatzen. Maria Txibiteren gobernuak ez du oraingoz xehetasunik eman, baina ziurtatu du neurri guztiak «OMEren eta Europako Batasunaren irizpideei jarraikiz» aplikatuko dituztela. Adituek ezarritako baldintzak betetze aldera, diagnostikorako gaitasuna handitu du Nafarroako Gobernuak: 1.400 PCR test egiten dituzte egunean, eta 4.000ra iristeko asmoa agertu dute.

«Nafarroa nahiko egoera onean dago orain, arintzeari aurre egiteko», azaldu zuen Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko zuzendari Maria Nuinek, iragan asteartean eginiko agerraldian: «Duela hilabete, gure helburua zen kurba apaltzea, osasun sistemak gainezka egin ez zezan. Orain, gaitza kontrolatzeko gaitasuna indartzen ari gara, gure osasun sistema gai izan dadin probak egiteko, kontaktuei jarraipena egiteko eta positibo gisa identifikatutako pertsonak bakartzeko».

Txibiteren gobernuak baino zehaztasun gehiago eman ditu Eusko Jaurlaritzak aste honetan, eta Normaltasun Berrirako Trantsizio Plana aurkeztu du. Horretan, hainbat proposamen jaso dituzte; esate baterako, kirola egitera ateratzeko baimena ematea bakarrik eta denbora mugatuta eta administrazio publikoko langileak pixkanaka lanera itzultzea.

Maiatzaren bigarren hamabostalditik aurrera, berriz, beste neurri batzuk ere «aztertuko» ditu jaurlaritzak: DBHko 4. mailako, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzea; saltoki txikiak irekitzea tabernak eta jatetxeak ez; eta kultur eta kirol jarduerak baimentzea, besteak beste.

Euskal Herritik gertuen, Kataluniak egin ditu urrats argienak. Generalitateak aditu talde bati enkargatu dio plan bat diseinatzeko, eta aste honetan aurkeztu dute. Adituek indar berezia egin dute gaitzaren zabalpena ezagutzeko premian, eta PCR probak eta test serologikoak modu masiboan egitea proposatzen dute, arrisku taldeei lehentasuna emanez. Stopcovid telefono aplikazioaren erabilera sustatzea ere gomendatu dute, beti pribatutasuna zainduz. Datu horiek balioko lukete talde immunitatea neurtzeko, hartzen ari diren neurrien egokitasuna ezagutzeko, eta detektatutako gaixo guztiak eta haien kontaktuak bakartzeko.

Oinarri horiekin, bost fase izango lituzke planak: 1) Lanera itzultzea; 2) Gaixo ez dauden pertsonak kalera itzultzea; 3) 30 pertsona baino gutxiago hartuko lituzketen ostatu eta ekitaldiak irekitzea; 4) Ikastetxeak, kultur eta kirol jarduerak eta halakoak berreskuratzea; eta 5) 30 pertsona baino gehiagoko negozioak eta ekitaldiak berreskuratzea.

Arintze planak abian jarri aurretik, baina, OMEk jarritako baldintzak bete beharko lirateke lurralde guztietan, baina, gaur-gaurkoz, ez da halakorik gertatzen. Miren Basarasen ustez, «helburu hori erdiesteko bidean buru-belarri lanean» aritu beharko lukete erakundeek orain: «Konfinamendutik atera ahal izateko, aurretik ikusi beharra dago gizartea horretarako prest dagoen; oraintxe, Euskal Herrian ez ditugu baldintza horiek betetzen. Gaitzaren hedatzea moteltzen ari da, bai, baina denbora gutxi daramagu beheranzko joeran, eta ikusteko dago noraino iritsiko den moteltze hori; bestalde, ez dakigu zenbateraino dagoen gaitza hedatua». Fase hori ere «aurki» helduko dela uste dute adituek, baina «pazientzia» aholkatu dute: «Bide luzea izanen da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon
Sejo Carrascosa, atzo, saria jasotzen. ©EHGHAM

Gehitu elkarteak «benetako» berdintasun lege bat eskatu du

Berria

Gorroto delituak Euskal Herrian %46 ugaritu direla salatu du, eta neurriak hartzeko dei egin die erakundeei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...