Albistea entzun

Erretretaren erreforma

Frantziako sindikatuek urtarrilaren 31n emango diote segida protestari

Lehen mobilizazio egunean bi milioi lagunetik gora bildu dituztela ziurtatu dute. Macronek erantzun die erreformarekin jarraituko duela
Frantziako sindikatu nagusietako buruzagiak, atzo, Parisko manifestazio jendetsuan.
Frantziako sindikatu nagusietako buruzagiak, atzo, Parisko manifestazio jendetsuan. YOAN VALAT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko urtarrilak 20

Lehen xedea aise lortu dute Frantziako sindikatuek: jendetza kalera ateratzea gobernuak indarrean jarri nahi duen erreformaren aurka. Orain, beste helburu bat dute, aurrenekoa baino zailagoa: erreformaren aurkako mugimendu iraunkor bat osatzea, gobernua makurrarazi ahal izateko. Mugimenduari segida emateko hurrengo hitzordua jarria dute: urtarrilaren 31. Data horren aurretik ere izango dira protestak; esaterako, findegietako langileek greba egunak antolatu dituzte.

Sindikatuen aspaldi ikusi gabeko batasunak isla izan zuen atzoko protesta egunean. Manifestazio jendetsuak izan ziren Frantziako hiri gehienetan; bi milioitik gora lagun manifestatu zirela esan zuten sindikatuek, eta kopurua 1,12 milioira murriztu zuen Poliziak. Bata zein bestea izan, jende asko izan zela onartu zuen Olivier Dussopt Lan ministroak: «Bagenekien mobilizazioa garrantzitsua izango zela, erretreta gai berezia delako».

Manifestari gehien Parisen bildu zen, 400.000 lagun, CGTren arabera. Han izan ziren Frantziako sindikatu nagusietako buruak, pozik mobilizazioak izandako erantzun zabalarekin. «Inkestetan irakurtzen dugunaren isla izan da mobilizazioa; hau da, herri honetako herritar gehienak erreformaren aurka daude», aldarrikatu zuen Phillippe Martinez CGTko idazkari nagusiak.

«Erakunde guztiak hemen gaude. Horrek erakusten du jendea sumindua dela», esan zuen Gaelle Martinez Solidaires sindikatuko idazkariak. «Erretiro ona nahi dugu, ez dugu erretretara hautsita iritsi nahi, nekatuta», Laurent Escure UNSAko buruak.

Manifestazioa, oro har, baketsua izan zen, baina izan ziren istilu txiki batzuk ere. Poliziak 38 lagun atxilotu zituen, arma zuriak eramateagatik eta txikizioak egiteagatik.

Ezkerreko alderdietako ordezkariek ere parte hartu zuten mobilizazioetan. Ez, ordea, eskuin muturreko RN Batasun Nazionaleko buruak, haiek ere erreformaren aurka izan arren.

Macron, irmo

Egun bakarreko protestak ez du Emmanuel Macron Frantziako presidentea gibelaraziko. Bartzelonan zela, amore emateko asmorik ez zuen azaldu Frantziako Errepublikako presidenteak. «Gobernuak erreformarekin jarraituko du, errespetuz, elkarrizketarako asmoarekin, baina irmotasunez eta ardura erakutsiz».

Protesten «legitimotasuna» onartuta ere, erreformaren izaera «demokratikoa» aldarrikatu du presidenteak, erretretaren adina gibelatzeko asmoa zuela iragarri baitzuen presidentetza hauteskundeetako kanpainan. «Gauzak esan egin behar dira hautaketa demokratikoak egiten direnean. Eta presidentetza hauteskundeetan eta legebiltzarrerakoetan gauzak oso argi esan ziren». Gobernuak bere erreforma aurkeztu aurretik sindikatuekin eta patronalekin negoziatu duela gaineratu du, eta orain diputatuen eta senatarien txanda da «proiektua aberasteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. ©TERESA SUAREZ / EFE

Erretreten erreforma onartuta geratu da, Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ostean

Iker Aranburu

Erreforma geratzeko azken saioak huts egin du, baina gehiago ahuldu du Frantziako Gobernuaren kapital politikoa.

Grebalariak Mardyck-eko erregai biltegia blokeatzen, iragan astean. ©Teresa Suarez / Efe

Findegietako langileen greba erregai eskasia zabaltzen ari da Frantzian

Iker Aranburu

Ipar Euskal Herrian oraindik ez da arazo handirik. Frantziako Gobernuak lan egitera behartu ditu Marseilla ondoko petrolio biltegi bateko langileak.

BM supermerkatu bat, artxiboko irudian. ©Andoni Canellada / FOKU

Inflazioak eragindako kontsumo-ohituren aldaketei aurre egin diela dio Uvescok

Iñaut Matauko Rada

Inflazioak baldintzatutako urtean %5,3 handitu ditu salmentak supermerkatuen taldeak, eta 986 milioi euro fakturatu ditu. Prezioen murrizketak balio-katearen puntu guztientzat jasangarriak izan behar direla uste dute.

Volkswagenen erakustokia Bruselako auto azokan. ©STEPHANIE LECOCQ / EFE

Auto salmentak %11,5 ugaritu dira aurten Europan

Imanol Magro Eizmendi

Osagaien krisiak eragindako inbutua arintzen ari da, eta zazpigarren hilabetez jarraian egin dute gora salmentek. Espainian eta Italian izan da gorakadarik handiena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...