Errege berria Espainian. Justiziaren bermeak

Legearen erreinuan erregea epaile

Espainiako Konstituzioak hainbat pribilegio aitortzen dizkio Espainiako erregeari, bi bereziki: ukiezina izatea Justiziaren aurrean, eta arazo politikoetan arbitratzeko ahalmena. Horietaz baliatu da Juan Carlos Borboikoa bere erregealdian.

Felipe erregegaia, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroarekin hizketan. JUANJO MARTIN / EFE.
jokin sagarzazu
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Erregea estatuko burua da, haren batasun eta iraupenaren sinboloa; berak antolatu eta bideratzen du erakundeen jardunbide egokia». Halaxe dio Espainiako Konstituzioaren 56. artikuluaren itzulpen ofizialak, Euskaltzaindiarenak. Espainolezko jatorrizkoak, baina, «arbitrar» dio euskarazkoak «antolatu» dioen tokian. Eta aldea badago bi adieren artean. Izan ere, «arbitratzeko» ahalmena da Espainiako erregearen figurak, ikuspuntu juridiko batetik, duen ezaugarri garrantzitsuenetarikoa, «ukiezintasunarekin» batera: ukiezina, Justiziaren aurrean. Legearen gainetik dago, beraz. Ez da beste herritarrak bezalakoa. Ukiezina da eta, aldi berean, arbitroa. Baita indar armatuetako burua ere. Legearen erreinuan, erregea epaile.

Garrantzi handiko ahalmenak ditu, hortaz, Espainiako erregeak. Eta zehaztasun handia behar dute izan, zuzen interpretatu nahi badira, behintzat. Arbitratzeak, kasu, esan nahi du legeetan eragin gabe legeak betearazteko ahalmena izatea. Baina ez hori bakarrik. Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiaren arabera—hizkuntza horretan idatzita baitago Espainiako Konstituzioa—, adibidez, arbitrarioa da erabaki bat lehenestea, «norberaren apetaren arabera». Eta beste hau ere badio arbitrario hitzaz: «Epaileen eskuetan uzten den ahalmena, legea erantzutera heltzen ez den kasuetan noiz-nolako balorazioa egin dezaten». Alegia, legeak aurreikusten ez dituen kasuetan arbitroak parte hartu ahal du, parte hartu behar du. Eta kasu honetan erregea da arbitroa.

Aditu askok diote ahalmen hori sinbolikoa dela, konstituzioak erregearen paperaren inguruanjasotzen dituen besteak bezala. «Espainiako Estatuaren batasun eta iraupenaren sinboloa» da. Eta sinbolikoa ere omen da «indar armatuen gorengo agintea izatea». Baina Juan Carlos Borboikoak, 39 urteko erregealdian, hartu izan du parte hainbat gertakari politikotan; parte izan da.

1981. urteko otsailaren 23ko estatu kolpea da horren adibiderik argiena. Bi teoria daude: batak, ofizialak, dio bera izan zela Armadaren eta Guardia Zibilaren estatu kolpea eten zuena. Besteak, berriz, atzean zegoela. Bata edo bestea izan, parte hartu zuen. Hala ere, ez du inoiz azalpenik eman. Ez dagoelako behartuta, sekretu ofiziala delako. Baina sekretu ofiziala bada, berak hala nahi izan duelako da.

Izan ere, eta Francoren diktaduraren garaitik indarrean dagoen lege baten arabera, gobernuak eta armadako agintariek —erregea da goren burua— osatzen duten Estatu Nagusiaren Batzordeak dauka sekretu klasifikatzeko eta desklasifikatzeko esklusibitatea. Ez beste inork. Ezta epaileek ere. Hortaz, erregeak sekretupean manten dezake bere jardun guztia. Estatuaren batasunaren eta iraupenaren izenean. Eta hori gertatzen da Espainiako legedian «estatuaren segurtasuna» balio goren bat delako, beste estatuetako legedietan bezala, baina kasu honetan, muga zehatzik gabe —hainbat legelariren arabera, «kontzeptu juridiko zehaztugabea» da Espainiako legedian—.

Eta erregegaia, legez kanpo

Eta hala ez balitz ere, erregeak badauka beste berme konstituzional bat bere burua babesteko: Justiziaren aurrean ukiezina izatea. Alegia,edozein delitu eginda ere, ezin da epaitua izan. Estatuaren batasunaren eta iraunkortasunaren ikurra izateak ahalbidetzen dio hori. Arrazoi berberengatik, errepubliketako estatuburuek izan ohi dute pribilegio bera. Baina erregea errege izan daiteke bere bizitza osoan zehar, errepubliketako presidenteak ez bezala. Presidentea, beraz, kargua uzten duenean, auzipetua izan daiteke.

Kargua utzi berri duen Espainiako erregearen kasuan, baina,konstituzioak ez du ezer argitzen. Eta ikuspuntu kontrajarriak daude legelarien artean: batzuek diote abdikazioaren aurretik eginiko ustezko delituengatik ezin daitekeela epaitu, eta soilik erantzun beharko liokeela koroa utzi ondorengo ekintzei. Badira, aldiz, pentsatzen dutenak aurretik egindakoagatik ere epaitua izan daitekeela. Baina ez bat ez beste. Espainiako Gobernuak uste du errege izandakoak ez duela inoiz justiziaren aurrean azalpenik eman behar. Eta abian jarri du hori bermatzeko lege proiektua, Errege Etxeak espresuki hala eskatuta.

Hori gauzatu bitartean, Felipe printzeak hartuko du aitaren lekukoa, ostegunean. Hartuko ditu bere pribilegioak, eta utziko orain artekoak. Izan ere, legez kanpo jardun da orain arte printzeak, haren jarduna arautzeko legerik ez baita onartu oraindik.

Baina berdin dio. Aita edo semea izan, legearekin edo legerik gabe, legearen erreinuan erregea beti delako epailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.