LABek Nafarroako Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du

Sindikatuak salatu du urteetako gabeziak «inoiz baino nabarmenago» geratu direla, eta ez dela egon ez aurreikuspenik, ez alerta gaitasunik

LABeko suhiltzaileen atalaren prentsaurrekoa, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
LABek salatu du berdin diola alerta egoera zero mailakoa (leunena) edo laugarren mailakoa (larriena) izan, «beti berberak» baitira Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eskura dituen langileak eta baliabide materialak. «Larrialdi egoera bat aktibatu ala ez, guardiako suhiltzaileen kopurua gutxieneko zerbitzuena da», nabarmendu du Urko Araiz suhiltzaile zerbitzuko LABeko ordezkariak.

Gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan, adibide gisa jarri du ekainaren 14an Leire mendilerroan sutea piztu zenean Zangozako parkean hiru suhiltzaile baino ez zeudela laneko txandan. «Hori da ezarritako gutxienekoa, eta, praktikan, egunerokoan gehienekoa dena».

LABek azpimarratu du urteak daramatzatela zerbitzuaren gabeziak salatzen, eta bi asteotako egoerak «inoiz baino nabarmenago» utzi duela gabezia hori. Adibidez, langileei dagokienez, «orain dela hogei urteko langile kopuru bera» mantentzen da: hiru suhiltzaile parke bakoitzeko. «Hori ez da nahikoa egun ditugun zerbitzu guztiei erantzuteko».

Baso suhiltzaileak ere falta direla deritzote: «Salatu nahi dugu kanpainetarako gutxieneko langileak kontratatzen dituztela oraindik ere, eta hori ez dela nahikoa». Gaineratu du atal hori egonkortzeko egin den deialdi prozesua ez dela nahikoa.

Agintariei dagokienez, salatu du egitura operatiboa «oso kaskarra» zela legealdi hasieran, eta orain are gehiago okertu dela: «Barne Zuzendaritza Nagusiak epe laburreko konponbideak baino ez ditu bilatu 2020-2023 aldiko Plan Estrategikoan atzemandako okerrak zuzentzeko. Adibidez, gaur egun, buruzagitza operatiboen %50 aldi baterako okupatuta daude».

Horregatik, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du, baso suteen kasuan ez delako egon aurreikuspenik, ezta alerta gaitasunik eta prebentzio neurririk ere. Sindikatuaren aburuz, Suhiltzaileen Zerbitzua indartu eta berrantolatu behar litzateke.

Talde espezialista

Adibidez, LABek uste du talde espezialista bat sortu beharko litzatekeela oihanetako suteak itzaltzeko eta prebentziorako. Gainera, helikopteroetan aritzen den taldean langile gutxiago daude, eta horrek erantzuteko gaitasuna apaltzen du. «Egitura, langile eta antolakuntza gabeziei babes eta segurtasun ekipamenduetan, parkeetan, ibilgailuetan eta ordainsarietan egindako inbertsioa hobetzeko beharra gehitu nahi diegu, 2002. urtetik aurrera suhiltzaileen kasuan gelditu egin baitira», aipatu du Urko Araizek.

Eskuinetik ere iritsi zaizkio kritikak Nafarroako Gobernuari. Herenegun, Javier Esparza UPNko presidenteak Javier Remirez presidenteordearen dimisioa eskatu zuen, eta, hari erantzunez, Maria Txibite Nafarroako presidenteak atzo adierazi zuen Remirezekin «erabateko konfiantza» duela, baita iragan larunbatean hasitako suteak itzaltzen jardun zuen talde guztiarekin ere. «Erantzukizunez» jokatu dutela adierazi zuen: «Lehentasuna pertsonak salbatzea izan bada, lortu dugu; lehentasuna eremu urbanoak salbatzea izan bada, hein handi batean lortu dugu. Baaina, noski, baso guneetan eta nekazaritzan izandako kalteak neurtu beharko ditugu». Hain justu, aurreratu zuen datozen egunetan gobernuak azalpenak emango dituela parlamentuan.

Remirezek berak ere egin zion erreferentzia Esparzaren dimisio eskariari: «Tragediaren erabilera alderdikoia» egitea egotzi zion Navarra Sumako bozeramaileari, eta salatu zuen haren kritikak zalantzan jarri dituela babes zibilean aritutako talde osoaren gaitasuna eta kudeaketa. Gainera, gogorarazi zuen Esparzak Nafarroako Gobernuaren babes sozialerako profesionalak «primeran» ezagutzen dituela, Ingurumen kontseilaria izan zenez gero. Horregatik, bereziki larritzat jo zuen haren kritika. «Zorrotzak eta eraikitzaileak» izateko eskatu zuen, eta «politikeria» alboratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.