Zientzia herritarrena ere bada

Herritarrak zientziari lotutako jardueretan parte hartzea ahalbidetzen duten ekimenak areagotu egin dira azken urteotan. Datuak eskuratzeko ez ezik, ikerketan buru-belarri murgiltzeko aukerak badira gaur egun.

Pertsona bat, Bielorrusiako herritxo batean egindako artxiboko irudi batean, teleskopiotik begira izarrak aztertzen. TATIANA ZENKOVITX / EFE.
Juanma Gallego.
2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Puntako laborategietan eta unibertsitateetako lantalde espezializatuetan egiten du gaur egungo zientziak bere ibilbide gehiena, baina hori ez da beti horrela izan. Historiari begira jarrita, zaleek eginkizun garrantzitsua bete dute zientziaren garapenean. Horietako batzuek aurkikuntza harrigarriak egin dituzte. Australian bizi den Robert Evans astronomo zaletua da ezagunetakoa, Oliver Sacks eta Bill Bryson zientzia dibulgatzaileek euren lanetan aipatu dutelako. Sydneytik 80 bat kilometrotara dagoen bere etxetik mugitu gabe 40 supernoba baino gehiago topatu ditu teleskopio txiki baten laguntzaz.

Evansen ospea bereganatu gabe, asko hurbiltzen dira zientziara, parte hartu, lagundu eta ikasi nahian. Etxeko lorategian dagoen meteorologia estazio txiki batek, esaterako, eguraldiari buruzko aurreikuspenak egiteko ahalmena izan dezake, baina urteetan estazio horretan bildutako datuek klimaren inguruko informazio ugari eman diezaieke klimatologoei. Parkean lasai asko paseatzen duten ornitologia zale askok, berriz, hegaztien kontaketak egiten dituzte, eta jasotako informazio hori Ornitho.eus bezalako webguneetan jartzen dute zientzialarien zein interesa duten gainerako zaleen esku. Eta etxeko sabaian jarritako teleskopio xume bat eta pazientzia pixka bat nahikoa izan litezke katalogatu gabeko kometa berri bat topatzeko. Mota horretako jarduerek zientzialarientzako informazio baliagarria ematen badute ere, zalea ez dago guztiz inplikatuta zientzia prozesu osoan. Hala uste du Elhuyar Fundazioko Zientziaren Gizarteratzearen arloko arduradun Garazi Andonegik. Horregatik, beste aurrerapauso bat emateko beharra azpimarratu du Elhuyarreko kideak; datuak edo laginak biltzeaz harago doan ibilbide bat irekitzeari buruz ari da.

Zientziakide izena eman diote proiektuari, eta hurrengo asteburuan abiatuko da, Pasaian (Gipuzkoa). AZTI zentroarekin elkarlanean, hogei lagunek Pasaiako Badiako uraren kalitatea neurtuko dute. «Prozesu osoan parte hartuko dute», azaldu du Andonegik. «Zehazki zer ikertu nahi duten erabakiko dute, zientzia metodoan ohikoak diren galderak planteatuko dituzte, eta laginketetan ere parte hartuko dute». Baina haien zeregina ez da soilik horretara mugatuko. «Laborategiko analisietan ere izango dira, emaitzak jasoko dituzte, eta giza ondorioak zabalduko dituzte». Ikerketan parte hartuko dutenak profesionalak ez direnez, une oro AZTIko ikertzaileak izango dituzte alboan, laguntzeko prest.

Loturak sendotuz

Ekimenaren abiapuntua, hein handi batean, Europako Batasuneko Horizon 2020 egitasmoan zehaztutako filosofian datza. Bertan Berrikuntza eta Ikerketa Arduratsuaren kontzeptua bultzatzearen beharra azpimarratzen da, zientziaren eta gizartearen arteko loturak indartu eta mamitze aldera. «Ikerketaren munduan filosofia berri bat proposatzen da bertan, gizartearen beharrei lotuagoa, etikaren ikuspuntutik arduratsua, gobernantza modu berriak bultzatuz eta genero berdintasuna kontuan hartuta», gogoratu du Elhuyarreko kideak.

Horrelako planteamendua ikerketa guztietan txertatzea ezinezkoa dela aitortu du Andonegik. «Jakintza maila altua eskatzen duten arloetan edota ezinbestean gailu oso konplexuen erabilera eskatzen duten ikerketetan, noski, ezin da halakorik ezarri. Baina gure ikerketa sarean badaude hainbat eta hainbat ikerketa herritarrekin erraz landu daitezkeenak».

Hilaren 14an, uraren kalitatea adierazten duten parametroak azalduko zaizkie parte hartzaileei, eta, batez ere, parametro horien inguruko argibideak emango dituzte. «Adibidez, uraren uhertasuna neurtzen dugunean, horrek zer adierazten duen». Bi egun geroago, laginak hartuko dituzte badiako bi puntutan, eta, urriaren 16an, laborategiko lanean murgilduko dira herritarrak. Hilaren 24rako aurkeztuko dituzte emaitzak.

Lehen esperientzia horretatik abiatuta egingo du bidea Zientziakide egitasmoak. «Ikerketa zentroekin sare bat osatu nahi dugu pixkanaka, ikertzaileek ere kontzientzia har dezaten beraien ikerketak gizarteari lotuago egoteak onurak ekarriko dizkiela, bai ikertzaileei eta baita gizarteari ere», azpimarratu du Andonegik.

Datorren urterako, haurrentzako antzeko jarduera bat martxan jarri nahi du Elhuyar Fundazioak. Kasu horretan ere, ingurumena eta zientzia uztartuko ditu Zientziakide programaren edizio berri horrek. «Pausoka joango gara, baina, ikertzaile batek esaten zidan gisan, herritarren zientziaren kontzeptua gure artean gelditzeko etorri da».

Sismografoa poltsikoan

Kontsumoko teknologiaren zabalkundeak orain dela urte batzuk ezinezkoak ziruditen ahalmenak ere jarri ditu martxan. Sakelako telefonoen gorakada izan da horren adibide. Berkeleyko Unibertsitateko (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak) Laborategi Sismologikoko ikertzaileak konturatu ziren jende askok oinarrizko sismografo bat eraman ohi zuela poltsikoan.

«AEBetako mendebaldeko kostaldean martxan jartzen ari garen lurrikaren alerta goiztiarren sistema abiatzeko, mugimendu horiek atzemateko gai diren sentsoreen kopurua handitu behar genuen ezinbestean», azaldu du Berkeleyko Laborategi Sismologikoko ikertzaile Qingkai Kong-ek.

Lehenik eta behin, sentsore horiek eskaintzen zuten zehaztasun maila ezagutu behar zuten ikertzaileek, eta norabide horretan proba ugari egin zuten. «Sakelakoen barruan dauden sentsoreen kalitatea nahikoa zela ikusi genuen».

Gizakien ohiko jarduerak eta lurrikarek sortutako mugimenduak bereizteko gai diren algoritmoak garatu dituzte ikertzaileek. Hortaz, Android telefonoetan erabiltzeko moduko MyShake izeneko aplikazioa garatu dute. Orain arte, 200.000 lagunek baino gehiagok deskargatu eta erabili dute aplikazioa, eta, datu horiei esker, lehen emaitza akademikoak argitaratu dituzte. «Ikusi dugu smartphone gailuek lan bikaina egiten dutela datu sismikoak jasotzeko», nabarmendu du sismologoak.

«Kontuan izan behar dugu gure asmoa ez dela lurrikarak aurreikustea, lurrikararen lehen abisua ematea baizik. Bestalde, eskuratzen ari garen datu horiek guztiak zientzia aplikazio berrietarako erabili nahi ditugu».

Ordenagailu pertsonalak

Teknologiaren eta herritarren zientziaren arteko ezkontzaren azken adibideetako bat da My-Shake aplikazioa, baina lotura hori aspaldikoa da. SETI@home proiektua izan zen aitzindaria. Berkeleyko Unibertsitatean bertan jaio zen SETI, eta lurretik kanpoko bizi adimentsua topatzea da haren helburu nagusia. SETI proiektuaren arduradunentzat, kanpo espaziotik jasotako seinaleen azterketa egin ahal izateko beharrezkoa den kalkulu potentzia itzela izan da betidanik kezka handienetako bat.

Horregatik, informazio hori guztia zati txikietan zatitu eta ordenagailu askori banatzea bururatu zitzaien. Ideia horretatik abiatuta, 1999an SETI@home jaio zen, mundu osoko boluntarioen ordenagailuetan ezarritako babes pantaila gisa. Boluntarioak ordenagailua erabiltzen ez duenean abiatzen da BOINC izeneko programa, eta zarataz betetako seinaleen itsaso sakon batean bilatzen ditu bizi adimentsuaren printzak. Urte askotan informazio mordoa aztertu bada ere, oraindik ez da topatu Lurraz kanpoko balizko zibilizazioen berri ematen duen seinalerik.

David Anderson Berkeleyko irakaslea izan zen BOINC plataformaren sortzailea, eta, gaur egun, horren arduraduna da. «SETI@home martxan jarri genuenean arazo tekniko bat izan zen. Programak erabiltzen zituen algoritmo zientifikoak hobetzen genituenean, boluntarioek ezinbestean deskargatu behar zuten softwarearen bertsio berria. Horregatik sortu genuen BOINC, programa berri horrek bere kabuz zerbitzarietatik deskargatzen duelako zientzia programa bakoitzaren bertsio eguneratua», esan du adituak.

Halere, estralurtarren bilaketaz gain, denborarekin zientzia egitasmo ugari bateratu du BOINC plataformak. Horretaz harro azaldu da Anderson. «Nire asmo nagusia climateprediction.net eta Einstein@home bezalako proiektuak sustatzea izan da».

Egun, 500.000 lagunek eta milioi bat ordenagailuk parte hartzen dute datu multzoak aztertzeko zientzia programa horietan, eta emaitza ugari eman dituzte. Haurren minbizia sendatzeko botiken identifikazioa, itsasoko ura iragazteko nanomaterialen aurkikuntza, biko pulsarren topatzea eta epe luzerako klima aldaketari buruzko iragarpenak hobetzea nabarmendu ditu adituak. Herritarren zientziaren beharra aldarrikatu du Andersonek. «Egia esanda, ez zaio ematen beharko lukeen garrantzia. Oraindik ere saiatzen ari naiz irudikatzen nola helarazi borondatezko informatikaren boterea zientzialari gehiagori», azaldu du. «Askotan hitz egiten dugu informatikaren ahalmenari buruz eta zientzia emaitzei buruz, baina, horrez gain, niretzat borondatezko informatika bide bikaina da herritarrek zientziaz pentsatu eta ikas dezaten. Zientzialariek pentsatzen duten moduan pentsa dezaten, sinesberak izan beharrean eszeptikoak izan daitezen eta haien bizitza baino luzeagoak diren eskalez hausnarketa egin dezaten. Funtsean, asmoa da zientzia ikerketa ezberdinek dituzten ondorio sozialei eta ekologikoei buruz gogoeta egin dezaten, eta euren kabuz erabaki dezatela zer den desiragarria edo garrantzitsua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.