Xose Santos. Baso agentea eta suteen kudeaketarako zuzendari teknikoa

«Xuntak gezurra esaten du, eta betidanik baliatu izan du engainua»

Santosen esanetan, Xuntak inbertsio handiak egin ditu suteak itzaltzeko azpiegituretan, baina bazterrean utzi ditu bestelako neurriak.

OIER ZEBERIO.
O. Zeberio
Ourense
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Haserre dago Xose Santos Galiziako Gobernuaren jarrerarekin, euren eskaerei entzungor egitea egozten die agintariei, eta modu horretan urtero milaka hektarea ur erretzen uztea.

Zer egoeratan dago Galizia baso suteei dagokienez?

Azken hamarkadetako datuak ikuskatzen baditugu, konturatuko gara Galizian izaten direla Espainiako estatuan piztu diren suteen erdiak. Kiskalitako azalerari dagokionez, erretako eremu osoaren %25 eta %30 bitartean dira Galiziako lurrak. Datu garrantzitsu bat: Galiziako baso eremua estatukoaren %7 baino ez da.

Azken urteetan, askotan esan dugu suteak kudeatzeko erabiltzen dugun eredua ez dela baliagarria. Guztia esku batera jokatzen da: suteak itzaltzea. Horretarako diru gehien jartzen duen Europako lurraldea gara. 180.000 milioi euro, aurten.

Zerk egiten du huts?

Etengabe ari gara agintariei proposamenak egiten. Baso suteei buruzko lantalde bat sortzeko eskatu dugu askotan, baita baso politika jasangarriak bultzatzeko ere. Jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, lurraldearen kudeaketaz ari gara, biodibertsitateaz, paisaiez, su ebakiez... Baina ez digute jaramonik egiten.

Ez da prebentzioan inbertitzen, eta horrek meteorologiaren eskuetan uzten gaitu guztiz. Alegia, euri asko egiten badu, urte ona izaten dugu. Baina 2017an bezala gertatzen bada, hau da, muturreko baldintzak baditugu, hiru edo lau egunetan sua bazter guztietara zabalduko da.

Xuntak dio ahal duen guztia egiten duela.

Xuntak gezurra esaten du, eta betidanik baliatu izan du engainua. Gobernuak errealitatea ezkutatzen du, sistemaren kolapsoaren, bitartekoen gainbeheraren eta abarren inguruan. Haien arabera, suteen aurkako 7.000 pertsonako taldea zegoen aurtengo uztailean. Gezur borobila da, gehienez 1.500 lagun aritu baitira lanean.

Zergatik ez zaio laguntza eskatu Madrili edo Bruselari?

Galizian hirugarren maila ezarri beharko zuketen horretarako [egoera muturrekoa denean ezartzen da], eta Barne Ministerioaren erabakia da hori. Lotsagarria iruditzen zait estatuko presidentea bertara etortzea, eta Galizia hirugarren mailan ez jartzea. Gainerako erkidegoetako indarrak behar genituen, baita estatukoak ere.

Bestalde, Europako Batasuneko Babes Zibila dugu. Mekanismo hori erabili zuten Portugalen suak zabaldu zirenean. Europako babes zibilak bitartekoak eta baliabideak ditu eskura. Portugalen, Italiako, Frantziako eta Espainiar estatuko aire indarrak aritu ziren.

Orduan, zergatik ez eskatu?

Xuntak hirugarren maila jartzeko eskatuko balu edo Europako indarrak galdegingo balitu, kudeaketa taldea antolatu beharko litzateke. Hor Xuntako arduradunaz gain, estatuko arduraduna egongo litzateke, eta litekeena Europako Batasunetik begirale bat bidaltzea ere. Ondorioz, berehala ezagutaraziko lirateke datu guztiak, eta errealitate gordina azaleratuko zen. Eta zein zen errealitatea? Esku-hartze indarren kopurua faltsua zela, esandakoak baina askoz pertsona gutxiago aritu zirela lanean, herrixka osoak erre zirela suhiltzaileak heldu aurretik... Hondamendi baten aurrean gaude, eta oraindik abuztua, iraila eta urria ditugu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.