Angel Erro.
JIRA

Film sarituak

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Zineman ikusi ditudan azken bi filmek asko dute elkarrekin. Biak ingurukoen gomendioei jarraiki ikusi ditut. Ez naiz batere originala horretan. Joker da, bata; Parasitoak, bestea. Joan zarete zuek ere ikustera? Biak munduko zinema festibal garrantzitsuenetan sarituak izan dira; Venezian eta Cannesen, hurrenez hurren. Baina ez da hori elkarrekin duten gauza bakarra. Ez da analista fina izan behar, biek klaseen arteko gatazkak islatzen dituztela konturatzeko, behe klasearen frustrazio politiko eta sozialaren isla, desberdintasunaren aurrean dagoen irtenbide falta eta ekar dezakeen leherketa begien aurrean paratuta. Niri gehiago gustatu zitzaidan bigarrena, korearra. Sotilagoa iruditu zitzaidan. «Ez, etxeko andrea ez da aberatsa baina, halere, adeitsua», kontra egiten dio familia pobreko amak bere senarrari; «adeitsua da, diruduna delako». Baina adeitasun horrek ez du txiroenganako (haien usainarekiko) higuina ezkutatzen ahal, eta nazka horrek filmaren askaera eraginen du.

Orain, Sitgesen eta Toronton arrakasta lortu ondoren, El Hoyo estreinatzen dute, bizkaitar baten opera prima. Klase borrokaren isla nabarmena, diote kritikek. Gaiak ez du, alajaina, gaurkotasuna galdu; zoritxarrez, berreskuratu baizik, mundu osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.