Albistea entzun

AMONATXOAREN IDEIA ZARTATZEN

Zaharrak eta zahartzaroa modu askotara irudikatu daitezke zineman eta antzerkian; BERRIAk gai horri buruz gogoetan jarri ditu zenbait aktore eta zinemagile. Batzuek nabarmendu dute gero eta pertsonaia gehiago sortzen ari direla, nahiz eta asko rol jakin batzuetara mugatuta egon.
Itziar Aizpuru aktorea, <em>Loreak</em> filmeko eszena batean.
Itziar Aizpuru aktorea, Loreak filmeko eszena batean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olaia L. Garaialde -

2022ko ekainak 26 - Iruñea

Bi emakume zahar parez pare, belardi batean etzanda. Elkarri begira daude; gero eta hurbilago, musu emateko zorian. 80 egunean filmeko Axun eta Maite dira. Modu askotara irudikatu daitezke zaharrak eta zahartzaroa fikzioan, eta eszena hori ikus-entzunezko ekoizpenen lagin txiki bat da. Zenbait aktorek eta zinemagilek irudikapen horiei buruzko gogoeta egin dute BERRIArentzat.

Itziar Aizpuru aktorea (Getaria, Gipuzkoa, 1939) da Axun, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren 80 egunean filmean: «Axun andre normala da, bizi osoa eman du baserrian senarrarekin, eta ez dago besterik: senarrari jatekoa prestatu, etxeko lanak egin. Mundu txiki horretan josita zegoen». Txikitako lagun batekin topo egingo du, eta mundu berri bat irekiko zaio. «Maitek estudiatu egin du, munduan ibili da, lesbiana da; horrek gauzak aldatzen ditu».

Bi emakume zaharren maitasun istorioa kontatzen du film horrek. Eta, hain zuzen, Iratxe Fresneda zinemagile eta EHUko irakasleak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) nabarmendu du orain arte nagusi izan direnez bestelako ereduak sortzen ari direla fikzioan: Horregatik, 80 egunean pelikularen ekarpena txalotu du adituak: «Halako gutxi daude gurean, eta munduan ere bai, esanen nuke». Dioenez, bestelako iruditeriak sortzea du helburu: «Ez dira gazteak, ez da edertasun sexual baten irudikapena bilatzen; bestelako errepresentazio bat eta istorio batzuk bilatzen dira».

Autoritatea

Fresnedaren arabera, zahartzaroaren eta zaharren inguruko iruditeria berriak sortu arren, batzuetan aspaldiko estereotipoetara jotzeko joera dago: «Zaindu beharreko pertsona moduan irudikatzen dira; estigmatizatuak, balio gutxikoak izango balira bezala batzuetan, eta idealizatuak egoten dira besteetan, amama edo aitita izateagatik».

Bat dator Aizpuru horrekin: «Egin ditudan azkeneko pertsonaiek alzheimerra edo horrelako gaixotasunak zituzten, edo zahar etxe batean zeuden. Eta, normala den bezala, andre zaharrak ziren». Adibide gisa Mateoren ama film laburra (Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga, 2019) aipatu du. Mari Tere izeneko pertsona baten rola jokatzen du film laburrean: zahar etxe batean dagoen emakume bat da, alzheimerra dauka, eta semea ez du ezagutzen. Bestelako pertsonaiak egitea gustatuko litzaioke. «Autoritatea duen emakume adindu bat egin nahiko nuke, adoretsua».

Irati filmean (Paul Urkijo, 2022) rol horretara hurbiltzen den emakume zahar bat antzezteko aukera izan du Elena Uriz aktoreak (Iruñea, 1944). Besteak beste, zenbait kulturaren eta erlijioren arteko gatazkak islatzen ditu filmak. Urizek esan du bere pertsonaia euskal tradizioa defendatzen duen pertsona bat dela. «Indartsua naiz, niregana laguntza eske datozenek indarra ematen didatelako; hortaz, autoritate puntu bat daukat». Horrez gain, Iratiren amatxi da: «Alor afektiboa ageri da, polita, amona batena».

Film horretan ageri da Patxi Bisquert aktorea ere (Zizurkil, Gipuzkoa, 1952). Eneko Aritza Iruñeko erregea irudikatzen du, hain zuzen. Azaldu duenez, «oso parte hartze laburra» da. Eneko Sagardoi aktoreak jokatzen du erregearen rola gaztetan, eta Bisquertek zahartzaroan. «Hiltzeko momentua irudikatzen dut», zehaztu du.

Merkatuaren menpe

Pertsonaia zaharrak gehienbat «laburrak», «interes gutxikoak» eta «oso mugatuak» izaten direla uste du Bisquertek. «Normalki, adin batera iristen zarenean, pertsonaia laburragoak izaten dituzu; norbaiten aitarena edo aitonarena egiten duzu». Hala ere, esan du «ezohikoak» diren «altxorrak» ere badaudela. Eta Oreina filmeko Jose Ramon aipatu du adibidetzat (Koldo Almandoz, 2018). «Isilpeko ehiztaria da; bere burua aurrera ateratzeko edozein gauza egiteko gai da; etorkin gaztearen maisu modukoa bihurtzen da, eta putazalea da».

Baina zergatik da salbuespena Oreina-koa? Zergatik izan ohi dira pertsonaia zaharrak beti klase batekoak? «Ekoizleek pentsatuko dute ez direla komertzialak; hori bilatzen baita», azaldu du aktoreak. Uste du zineman ez ezik literaturan ere ez dela arretarik jartzen zaharren istorioetan: «Gaur egun egiten diren pelikula asko gazteentzat edo are gazteagoentzat egiten dituzte».

Eskaintzen dizkioten pertsonaiek antzeko rolak dituztela esan du Bisquertek: «Politikan ibilitakoak, nekazaritza mundukoak, sindikalistak; aske horietakoak». Aitortu du komedia egitea gustatuko litzaiokeela. «Inori ez zaio okurritu komedia egin dezakedala; ez dakit zergatik».

Aizpururi eta Urizi behin baino gehiagotan tokatu izan zaie amatxi baten rola antzeztea; hala ere, bestelako eredu batzuk sortzen ari direla uste du Urizek. «Zorionez, gauzak aldatzen ari dira: lehen oso lotuta zegoen amonaren ideiari».

Antzeztu ez ezik, artea kontsumitu ere egiten du, gogoz, eta zaharrak nola ikusten dituen kontatu du: «Zineman gero eta emakume zahar gehiago ikusten dira: indartsuak, munduan dabiltzanak, irakurzaleak, esperientzia berriak izan nahi dituztenak eta izaten dituztenak. Uste dut amonatxoaren prototipoa pasatu dela». Baina azpimarratu du hori guztia bere ustea dela.

Fresnedak ere uste du lehen rolak «konkretuagoak» zirela: «Aitona-amonak ziren; bizitza oso aktiboa ez zuten pertsonak». Gaur egun dibertsitatea «handitu» dela azpimarratu du. Hori azaltzeko, Amama filmaz mintzo da (Asier Altuna, 2015). «Ez da ohituta gauzkaten amama baten inguruko iruditeria, zerbait gehiago da: emakume indartsua, energetikoa eta naturaren eta bizitzaren bestelako errepresentazio bat egiten duena».

Zinemagilearen ustez, aktoreen eskakizunek eragin dute aldaketa: «Emakumezko aktoreek sarritan esaten zuten adin batetik aurrera ez zegoela pertsonaiarik; presio horrek aniztasuna ekarri du». Gaineratu du mugimendu sozialek, gizartearen eskakizunek eta ikusleek ere eragin dutela. «Zer-nolako adina daukate zinemara joaten direnek? Nor dira? Horrek ere merkatua eraldatzen du».

Zaharren pertzepzioaz

Noiz hasten da zahartzaroa? Definizioak zalantzak sortu ditu elkarrizketatuen artean. Fresnedaren ustez, denboraren poderioz eraldatzen joan da hori ere. «Lethal Weapon filmean [Richard Donner, 1987], Danny Glover ia adinekoa zen 50 urterekin; egun, Jennifer Lopez gaztetxotzat daukagu, zaharragoa bada ere».

Urizen arabera, zahartzaroaren definizioa pertsonaren arabera aldatzen da: «Neure buruarekin kontent nago; zaharra naiz. Oso aktiboa izan naiz beti, eta aurrerantzean ere aktibo izan nahi dut». Esan du horrek aukera ematen diola kontu kulturaletan ibiltzeko: «Nire gustuko diren aktibitate asko ditut; osasun aldetik ondo nagoenez, pozik nago». Geldi ez geratzea da giltza harentzat. «Bagaude pertsona zahar aktiboak; zahartzeak ez dakar berez aktiboa ez izatea, betiere osasunak laguntzen badizu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Dantza ez da ulertzeko»

Leire Perlines Apalategi

Olatz de Andresek 'Doppelgänger' lanaren hiru kapsula aurkeztuko ditu Donostian; atzo izan zen emanaldi bat, eta gaur izango dira beste biak. Musika Hamabostaldian lehen aldiz ariko da aurten.
Ezkerretik hasita, Koldo Olabarri, Joseba Apaolaza eta Ainhoa Etxebarria aktoreak. ©TXALO PRODUKZIOAK

'Sagastitarrak' lanarekin abizenaren eztabaida oholtzaratuko du Txalok

Leire Perlines Apalategi

Gaur estreinatuko du Txalo konpainiak 'Sagastitarrak'. Joseba Apaolaza, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria dira antzezleak. Anton, aita, ez dator bat alabak hartu duen azken erabakiarekin
Joseba Ossa. ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala

 ©Andoni Canellada / Foku

Suomieraren eta Itakaren arteko bidaia

Ainize Madariaga

Bizitzako planetatik kanpo zegoen suomiera; alta, barneraino sartu zitzaion, mundu ikuskera berria eman zion, eta geroa net baldintzatu. Itakarako bidaian bezala, egitarau hetsia baino, irekia nahiago baitu. Itzultzaile bilakatu da suomierari esker, baina zintzoki aitortu du itzulpengintzak bere mugak dauzkala.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...