KANTATUKO DIREN HITZAK SORTZEA

Musikari askok bilakatzen dituzte kantu beste sortzaile batzuek idatzitako hitzak. Enkarguz egin ohi dituzte gehienetan, doinua eta gaia aurrez emanda, baina baita aurretik idatzitako testuak erabilita ere. Entzulearentzat sarri ezezaguna izan ohi den langintza da, ordea, kanta idazlearena.

BERRIA.
aitor biain
2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Iradokitzearen eta anbiguotasunaren artea da kantugintza Harkaitz Canoren hitzetan. Batetik, «sintesi ariketa handi bat» esan nahi duelako idazlearentzat: 40-50 hitzekin istorio bat, giro bat edo atmosfera bat sortu behar izaten duelako; eta, bestetik, «medium ariketa bat» ere badelako, hau da, kantari bakoitzaren aldartearen, gogoaren, kantaeraren eta biografiaren zerbitzura lan egin behar izaten duelako. Aldiz, «harmonia baten goi mailara» iristea bezala da musika eta hitzak lotzea Itxaro Bordarentzat; «faszinazio bat», musikarik jo ez arren musika «betidanik» maite duen batentzat.

Dozenaka musikariren hamarnaka abestiren hitzak idatzi dituzte Canok ala Bordak azken urteetan. Ezagunak dira horietako batzuk, ez horren ezagunak beste batzuk, baina beraien lumatik sortutakoak dira gero beste batzuen ahotsetan abestu diren hitzak. Badok.eus atarian beraien izenak bilatzailean jarri besterik ez dago zerrenda horretaz jabetzeko: Hertzainak, Oskorri, Maite Larburu, Petti, Sorkun, Josu Muguruza, Mursego, Iker Lauroba, Niko Etxart, Ken Zazpi, Niña Coyote eta Chico Tornado, Pier Paul Berzaitz, Thierry Biskarri, Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, Maddi Oihenart...

Urteak dira langintza horretan ari direla. Kasu batzuetan, doinuetara ekarri dituzte aurretik sortutako testuak, eta, beste batzuetan, melodietara moldatu dituzte horretarako propio sortutakoak. Izan ere, badu loturarik beraien ohiko jardunarekin. Bordaren arabera, kantugintza ere literatura baita. «Izan zitekeen literaturako beste genero bat ere, baina literatura da azkenean. Gehigarri bat da enetzat. Poesia egiten da hitzen musikarekin; musika materialik gabe. Eta beste kasuan biak lotzen dira».

Canoren arabera, ordea, kantuak eta poesiak ez dute zertan antzik izan, «hoskidetasunaren eta erritmoaren bilaketa» konpartitu arren. «Kantua, poesia ez bezala, ez dago amaituta norbaitek kantatzen duen arte, hitza ez da buruaskia abesti baten baitan, beste zerbaiten zerbitzura dago: musikaren indarra, melodiaren marrazkia...». Horretan antz handiagoa du gidoi batena, idazlearen hitzetan, norbaitek esan dezan idazten delako hura ere.

Enkarguz egin dituzte lanik gehienak biek ere. Bordak, esaterako, 1977an sortu zituen kantu batentzako aurreneko hitzak; Beskoitzeko (Lapurdi) Otxalde taldearentzat izan zen. Ongi gogoan ditu une haiek, adierazi duenez. «Norbait idazten duzunari interesatzea eta idazten duzuna musikan jartzea enetzat hunkigarria izan zen». Geroztik, makina bat musika taldek eta bakarlarik musikatu dituzte haren olerkiak ere; sarri, berak jakin gabe. «Batzuetan, dudak ere baditut, eta banoa liburuetarat ikustera egiazki nirea den».

Uztail Oparo Ostean egitasmoarekin hasi zen Cano kantuetarako hitzak idazten. Igor Calzada musikariarekin batera egin zuen proiektua izan zen, 2000. urtean, eta Canoren poemek eta Calzadaren abestiek bidaia baten kontakizuna osatzen zuten zuzeneko ikuskizun batean. «Asko ikasi nuen harekin, besteak beste, idazten nituen hitzen erdiak sobera zeudela», ekarri du gogora idazleak. Urte batzuk lehenago, halere, Lubaki Bandako Itziar Iruretagoienak haren olerki batzuk musikatu zituen.

Musikariaren gabezia bat

Rafa Ruedak maiz kolaboratu du idazleekin, bere melodiei berbak jartzean. Azaldu duenez, behar batek eraginda jo du beste sortzaileengana. «Letragiletzat bainoago, musikaritzat daukat neure burua; horregatik jo izan dut beste idazle batzuengana. Eta uste izan dudalako nik inoiz sortutako testuekin egindako kantuetan beste norbaiten laguntza izan banu emaitza borobilagoa izango zela».

Berak idatzitako testuak abesten hasi zen hasieran, baina, musika ibilbidean aurrera egin ahala, gehiago erabili ditu beste batzuek idatzitako testuak bereak baino. «Disko batetik bestera uste dut joera gorakoa izan dela beti. Imajinatzen dut gehiago ikusteak eta zer idazle on ditugun inguruan deskubritzeak ere baduela zerikusia horretan».

Izan ere, musikariak aitortu du irakurzaletzat duela bere burua, eta gustuko du liburuak irakurri ahala idazle berriak ezagutzea. Rueda (Zart, 2020), bere azken diskoan, esaterako, Mari Luz Estebanen eta Elena Olaberen hitzak erabili ditu lehen aldiz bi abestitan. Haren diskografian aurkitu daitezke, Joseba Sarrionandia, Unai Iturriaga, Leire Lopez, Gotzon Barandiaran, Kirmen Uribe edo Harkaitz Canoren hitzak.

Oso bestelako kasua da Nahia Zubeldiarena. Lumi taldeko kideak aitortu du musikariak sarri izan ohi duela halako «frustrazio bat» hitzekin, baina bere kasuan nahiago du beretik aritu besteen lumatik baino. «Izan dut tentazioa beste batzuen testuak erabiltzekoa, baina ez zaizkit sekula nireak egiten. Batzuetan, beharrizan bat balitz bezala bizi dut, baina, bestalde, maite dut idaztea; maite dut borrokan ibiltzea antzemateko zein hitz den egoki eta zein ez, hitzen jokoa... Biziki maite dut hori».

Hain zuzen, kontrako bidea hartu du musikariak azken urteetan, kantatuak izateko hitzak idatzi beharrean doinurik gabe errezitatzeko hitzak idazten hasi baita. Egonaldia egin zuen 2020an Hendaiako Nekatoenean (Lapurdi), eta olerkiak idazteko baliatu. Sorkuntza prozesu hark beste helburu bat bazuen ere, han idatzitako testu batzuk kantu bihurtu ditu orain, eta horiekin osatu du aurki kaleratuko duen disko berria: Bezperen dirdira. «Kantu bilakatu ez direnei ere leku bat egin nahi izan diogu diskoan: liburuxkan argitaratzeaz gain, zuzenekoetan ere errezitatuko ditugu».

Behin baino ez ditu beste sortzaile baten hitzak erabili kantu batean. Itzal Zikinak (Moi Moi Rercords, 2019) diskoan izan zen: Leire Lopezek sortu zituen Erromantikoarena kantuaren hitzak. «Egia da, baina, justuki kantu hori da bakarrenetakoa non hitz horiek kantatu ordez erraten ditudan».

Garrantzi handia ematen die abestien hitzei Zubeldiak; doinuen osagarri dira, haren ustez: «Jotzen dugun musika gure baitan daramagu Manuk [Matthysek] eta biok, eta, zikintasun edo iluntasun hori musikan jorratzea maite dugun bezala, nik hitzetan ere maite dut hori jorratzea».

Ruedaren iritziz ere, melodiak bezain garrantzitsuak dira hitzak. «Transmititzeko duen gaitasun guztia aprobetxatzen ez saiatzea, niretzat, desaprobetxatzea da. Ni saiatzen naiz hitzaren indar hori ahal den neurrian bere osotasunean baliatzen».

Doinua da, nolanahi ere, gehienetan kantuaren abiapuntu eta oinarri, bai Ruedaren kasuan eta bai Zubeldiaren kasuan. «Behin musika sortuta, guk erabiltzen dugu halako sasi-hizkuntza bat melodia murtxikatzeko, nolabait, eta hori grabatuta eta gutxi gorabeherako tematika bat finkatuta jotzen dut letragileengana. Lau ideia kontatzen dizkiet, eta euren esku uzten dut guztia gero», azaldu du Ruedak.

Melodiaren pisua

Modu horretan jardun du Canorekin, esaterako; «zingles» deituriko dialekto asmatuaren bidez, hain zuzen ere. Melodiaren gainean idatzi zituen hitzak Iker Laurobaren eta Jexuxmai Lopetegiren kasuan ere; aldiz, hitzetatik abiatu zen Pettiren Manipulazio estrategiak (Zart, 2020) diskoa osatzean, eta Jabier Muguruzaren eta Mursegoren abestiak egiteko orduan.

Bordak, ordea, nahiago du libreki idatzi, eta musikariaren ardurapean jarri egokitzapena, nahiz eta alderantziz egiteko enkarguak ere jaso dituen. Baina bereziki zail zaio hitzak melodiaren arabera «okertzea». «Zaila egiten zait eta desafio baten gisa hartu izan dut beti lalala hortarik musika eman baten gainean testu bat ateratzea; magma horretatik zerbait kantagarri edo hunkigarri egitea. Behar dut ene sorkuntza, ene idazteko modua aldatu. Beste moduan ohituago naiz».

Kasu bakoitza, kantu bakoitza bezalaxe, desberdina da, eta, beraz, langintza prozesua ere aldatuz joaten da, Bordak adierazi duenez. Hori dela eta, kantu bakoitzak ere ezaugarri propioak ditu, eta, horien arabera, garrantzi handiagoa ematen die testuaren osagarriei idazleak ere. Hala, batzuetan, errima eta metrika izan daitezke inportanteenak, eta, beste batzuetan, gaiaren lanketa eta egitura.

Iritzi berekoa da Cano ere. Hitzak idazteko garaian saiatzen da, halere, «naturaltasun suertebat» bilatzen, eta zein kantarik abesten duen «oso presente» izaten. «Badu jostunetik zerbait letragilearen lanak, kantari jakin batentzat idazten duzuna ez zenuke beste batentzat idatziko».

Norentzat idatzi jakiteaz gain, zeri buruz idatzi ere asmatu behar izaten dute kantu idazleek, eta horretan ere gaiak adina modu daude erabakitzeko. Ruedak,gehienetan, ideia baten inguruan idazteko pista batzuk ematen dizkie idazleei. Bordak ere ideia bat jaso ohi du, normalean, musikariaren partetik idazten hasi aurretik, baina, sarri, libre ere izan ohi da gaia hautatzeko. Canok, bestalde, nahiago du gaia musikariarekin adostu eta pista batzuk jaso, nahiz eta gehiegi ez zehaztu.

Aldiz, Zubeldiak ez dio mugarik jarri nahi sormenari, nahiz eta aitortu duen hastapenetik baldintzatzeak «segurtasun marko bat» ematen ahal diola idazleari. Pop elektronikoa egiten du berak, eta ez du uste estiloak gaia baldintzatzen duenik. Harentzat, erronka nagusia da «arinegiak» edota «ulerterrazegiak» izan daitezkeen ideietatik aldentzea: klixeak alboratzea, alegia.

Egiletzaren mugak

Ruedak argi du kantua kantu bihurtzeko bi diziplinak ezinbestekoak direla, eta, beraz, abestiaren egiletza ere erdibana egiten du kantu idazlearekin. Egiletza konpartitua sentitzen du Bordak ere, erdi bereak, erdi kantu idazlearenak. Ordea, aitortu du hainbatetan gertatu izan zaiola kantu baten hitzak bereak direla ez jakitea entzuleak, eta, are, aitortzarik ere ez egitea musikariak dena delako diskoan. «Beharbada, Jon Maiari edo Sarrionandiari baino gehiago gertatu zait». Baina ez dio ardurarik; izan ere, uste du kantuaren helburua hori dela: entzuleak bere egitea. «Idazlea askotan geratu da eskribau baten gisa, eta nik ene burua halakotzat daukat, bereziki musikarako idazten dudanean: besteen esperientzia musikalen arrakaletan sartzeko langile bat banintz bezala».

Canoren irudikoz ere, gutxienekoa da kantuaren egiletza; are, uste du ikusezintasunak baduela bere «xarma». Haren hitzetan, kantu idazle bati gerta dakiokeen gauzarik onena da jendeak uste izatea kantua herri kanta bat dela. «Kontua da entzuleak letra jakin bat kantari jakin batekin sistematikoki lotzeak esan nahi duela kantari horrek osmosi bidez bere egin dituela hitzak; Lili bat kantuak ezin duela, demagun, Laboarena baizik izan, eta letra melodia bati edo ahots jakin bati itsatsita geratu zaiola. Are, Lili bat poema paperaren gainean mutu ikusten duzularik, zerbait falta zaiola irudikatzen duzu orain: Laboa falta zaio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.