Eusko Jaurlaritza. Urte politikoaren hasiera

Aurrekontuak ez dira oztopo

Madrilgo aldaketak zailduko du legebiltzarreko jarduna, baina Espainian sozialistak gobernuan daudela baliatu nahi dute jeltzaleek

jokin sagarzazu
2018ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Gehiengo osoa lortzeko falta zaion boto bakarra zaildu zaio Urkulluri, baina horrek ez duela gehiegi kezkatzen adierazi du. EAJ-PSE koalizio gobernuak PPri esker atera ditu aurrera orain arte onartutako hiru legeak —gobernu programan beste 25 egitasmo azaltzen dira— eta, bereziki, bi urteotako aurrekontuak. Baina EAJk Madrilen Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohia kargugabetzeko zentsura mozioa babestu izanak ezbaian jarri du babes hori. «Ariketa okerra egingo nuke kontziente izango ez banintz gutxiengoan dagoen gobernu bat garela; eta ez bakarrik aurrekontuetarako, baita legebiltzarraren produkziorako ere», esan zuen lehendakariak atzo.

Hori oztopo izango duela aitortu arren, kazetarien galderei erantzunez eta aurrekontuei buruz utzi zuen lerroburu nagusiena. «Ez litzateke ez tragikoa, ez dramatikoa izango aurrekontuak luzatzea». Hori gertatuko balitz, aurreneko aldia izango litzateke azkenengo bost urteetan. Lehen agintaldiko lehenengoetan izan zen hala. Lau urteko horretan bakarrik gobernatu zuen EAJk, eta formula ezberdinak erabili zituen: PSE eta PPren abstentzioa 2014koetan, eta PSEren aldeko sei boto eta hamar abstentzio 2015 eta 2016koetan. Bigarren agintaldian, EAJ eta PSEk bitan atera dituzte aurrekontuak aurrera, PPren abstentzioarekin.

Rajoyren gobernuak, berriz, gauza bera egin zuen bi urte horietan, baina EAJren botoekin. Madrilen aldaketak izan arren, Urkulluk aitortu du PP izango dutela lehentasunezko mintzaidea. Besteei buruz ez du aipamenik egin, nahiz eta herenegun EH Bilduko Arnaldo Otegik eskua luzatu. Dena den, Urkulluk ohartarazi du aurrekontuak onartzen ez badira, Euskadiko popularrek «azalpenak» eman beharko dituztela; harentzat ez baita «koherentea» aurtengoak «babestea» eta ez datorren urtekoak. «Hori egiteko zein beste arrazoi dituzten azaldu beharko lukete».

Urkulluk horrela bereizi ditu aurrekontuen negoziazioa eta Madrilen gertatutakoak. Eta bigarren horri horri buruz adierazi du berak erantzukizunik ez duela. «Horrek EAJrekin dauka lotura; gu koalizio gobernu bat gara».

Urkulluk, halaber, ez du baloraziorik egin egungo Espainiako PPren zuzendaritzak Euskadikoan izan dezakeen eraginaz. Izan ere primarioetan Soraya Saenz de Santamariaren alde egin zuten Alfonso Alonso presidenteak eta haren gertukoek. Pablo Casado irabazlea kritikoago azaldu da abertzaleekin akordioak egitearekin, eta jakitun da Espainian oposizioan egondahelduleku zaila izango lukeela Madrilen sozialistekin ere argazki berean ateratzeak.

Urkullurentzat, berriz, Madrilgo jokaleku berriak alda ditzake bere lehentasunak. Jeltzaleek PSOEren mahaiaren gainean jarri dituzte transferitu gabe daude eskumenak; nahi dute hori izatea legealdia amaitu aurreko lorpen nagusia. Eta horretarako EAEko aurrekontuak ez dira oztopo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.