Europako Batasuna. Luxenburgoko auzitegiaren sententzia

Hungariaren iritziz, sententziak EBren «botere abusua» islatzen du

Epaiak agerian utzi ditu Poloniako koalizio ultrakontserbadorearen barne desadostasunak

Viktor Orban Hungariako lehen ministroa Bruselan, iragan abenduko Europar Kontseiluan. JOHANNA GERON / EFE.
ander perez zala
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunaren funtsak jasotzeko baldintza nagusia zuzenbide estatua errespetatzea izateak helburu bakarra izan du hasiera-hasieratik, eta xede hori ez da preseski sekretu bat izan. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak legezkotzat jo duen mekanismoa Hungariako eta Poloniako gobernuen joerari aurre egiteko tresna bat da, eta, hortaz, logikoki, Budapest eta Varsovia dira erabakiarekin kritiko agertu direnak. Judit Varga Hungariako Justizia ministroak atzo esan zuenez, epaiak EBko erakundeen «botere abusua» islatzen du, batez ere haren herrialdearen kontrakoa.

Une garrantzitsuan iritsi da Luxenburgoko auzitegiaren erabakia, apirilaren 3an parlamenturako hauteskundeak egingo baitituzte Hungarian, eta, itxura guztien arabera, boz horien kanpainako eztabaidagai nagusia EB izango baita. Egun berean, gainera, Viktor Orban lehen ministroaren gobernuak sustaturiko lege homofoboari buruzko erreferenduma egingo dute; hain justu, Europako Batzordeak hainbatetan kritikatu duena.

Vargaren iritziz, sententzia bere gobernuaren kontrako «presio bat» da, uste baitu apirileko galdeketarekin zerikusia duela. Are, erabaki «politikotzat» ere jo zuen, atzo Facebook sare sozialera igotako mezuan: «Haurrak babesteari buruzko galdeketagatik hartu du erabakia».

Hungariako Parlamentuak LGTBI kolektiboa baztertzen duen lege bat onartu zuen joan den ekainean. Neurriak debekatu egin du eskoletan homosexualitatearekin eta sexu aldaketarekin lotutako edukiak lantzea, eta telebistan ere ezingo dira gai horiek jorratzen dituzten saioak eta iragarkiak eman egunez eta gaueko lehen orduetan. Gobernuaren esanetan, haurrak «LGTBI ekintzaileen sexu propagandatik babesteko» sustatu zuten legea.

Poloniako Gobernuaren aldetik ere kritikak izan ziren nagusi Luxenburgoko auzitegiaren sententziaz aritzean. Baina, bere kasuan, desberdintasun garrantzitsu batekin: koalizio ultrakontserbadorea osatzen duten alderdien arteko desadostasunak agerian geratu zirela.

«Prozesu arriskutsua»

Mateusz Morawiecki lehen ministroarentzat, epai hori «beste pauso bat da non EBko erakundeek beren eskumenak zabaltzen dituzten» , eta martxan dagoen «prozesu arriskutsu baten partetzat» aurkeztu zuen. Zbigniew Ziobro Justizia ministroa ere kritiko agertu zen sententziarekin, baina horren errua gobernuburuari bota zion: «Morawiecki lehen ministroaren hutsegite historikoaren zantzu bat da. Mota horretako erregulazioa [mekanismoa] txertatzea onartu zuen».

Justizia ministroa haratago joan zen, eta lehen ministroari egotzi zion «Berlinen eta Bruselaren aginduak onartzea». Morawiecki PiS Legea eta Justizia alderdikoa da, eta Ziobro, Polonia Batukoa—PiSen zatiketa bat da—; elkarrekin aurkeztu ziren 2015eko eta 2019ko bozetara —beste alderdi txiki batzuekin—, eta harrezkeroztik agintean daude.

Sistema judizialaz egindako erreformak eta horretaz Europako Batzordeak helarazitako kritikek bi alderdien arteko arrakalak handitu dituzte, batez ere iaztik. Ziobroren atzoko hitzek hori berretsi dute: «[Koalizio barneko] Egiazko desberdintasuna da Poloniaren etorkizunari eta garapenari buruz dugun estrategiak».

Poloniako koalizio gobernua hainbatetan izan da hausturaren atarian, eta behin eta berriz aipatu da hauteskundeak aurreratzeko aukera, edo PiSek gutxiengoan gobernatzeko erabakia hartzea. Hortaz, ikusteko dago atzoko epaiak zer ondorio ekarriko dituen, baita Hungariako apirileko bozek ere. Tentsioa handia baita Varsovian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.