Afganistan

EBk Afganistanen mugakideen bizkar utzi nahi du errefuxiatuen auzia

Batasuneko gobernu bakoitzak erabakiko du zenbat errefuxiatu hartu, adostu dutenez

Iheslari talde bat Iran eta Turkia arteko mugan, Turkiara sartzeko ahaleginetan. SEDAT SUNA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Beste errefuxiatu olde masibo bat nola edo hala eragoztean tematuta daude EB Europako Batasuneko gobernuburuak, eta horrekiko konbentzimenduak gain hartu dio euren ikuspegi humanitarioari, talibanak boterera iritsi ostean hainbeste haizatutakoari.

Barne ministroek goi bilera egin zuten atzo, Afganistango krisi humanitarioa dagoeneko eragiten ari den ihesaldiari erantzun bateratu bat adosteko, eta erabaki zuten laguntza ekonomikoa handitzea Afganistanen inguruko herrialdeei eta «migratzaileak eta errefuxiatuak kantitate handitan» jasotzen dituzten herrialdeei.

Era horretan, EBko mugetara milaka iheslari iristea eragotzi nahi dute. Babesa emango dieten herrialde horiekin «batera» lan egiteko konpromisoa ere hartu zuten, «kontrolik gabeko mugimenduak eta tamaina handiko migrazio ilegala» eragozteko. Horrez gain, EBko estatu bakoitzaren borondatearen menpe utzi zuten horietako bakoitzak hartu beharreko errefuxiatu kopurua, azpimarratuz kolektibo «zaurgarriei» lehentasuna emango zaiela. Babesa emango dieten herrialde horiekin «batera» lan egiteko konpromisoa ere hartu zuten, «kontrolik gabeko mugimenduak eta eskala handiko migrazio ilegala, iraganean izandakoa bezalakoa, eragozteko».

Bileran adostutakoa defendatu zuen Ylva Johnasson EBko Barne komisarioak, onartutako neurriak migrazio ilegalaren kontrakoak direla argudiatuta. «Trafikatzaileen bidez jendea modu ilegalean Europako Batasunera iristea eragotzi behar dugu», azaldu zuen.

Ordurako zenbait hedabidek zabaldua zuten haiek onartutako testuaren edukia, zeina, iturri berberen arabera, migrazioarekiko ildo gogorrena duten herrialdeen eskarietara makurtuta baitzegoen; batez ere, Austriaren eta Poloniarenetara. Vienak abuztu erdialdean proposatu zuen, hain justu, herrialdea uzten duten afganiarrak inguruko herrialdeetako deportazio zentroetan hartzea.

Iheslariak hartzearen kontrako posizio irmoena duten herrialdeetako bat da Austria, Poloniarekin eta Ekialdeko Europako beste batzuekin batera. Atzo, Sebastian Kurz Austriako kantzilerrak berretsi zuen ez daudela prest Bruselak onartutako inolako kuotarik onartzeko, argudiatuta bere herrialdekoa dela, proportzioan, «afganiarren komunitate handiena munduan».

Vienaren eta haren sokakoen ildoari Alemaniak gidatutakoa kontrajarri zitzaion bileran, zeinak iheslariei asiloa ematea defendatzen duen, nahiz eta lehentasuna migratzaileen iritsiera ez sustatzea den harentzat ere. Argi utzi zuen hori Hort Seehofer Barne ministroak, gainerako estatuetako homologoei eskatu baitzien Erresuma Batua eredu moduan ez hartzeko, eta, hark egin duen moduan , errefuxiatu kopuru jakin bat hartzeko prest ez agertzeko —urte amaierara arte 5.000 errefuxiatu hartuko ditu Londresek, eta 20.000, datozen bost urteetan—. «Zenbakiak emateak erakartze eragin bat izaten du, eta ez da hori nahi duguna», adierazi zuen Seehoferrek. Bezperan, Luxenburgoko Atzerri ministro Jean Asselbornek proposatu zuen EBk 40.000 eta 50.000 errefuxiatu artean hartzea.

Berlinek errefuxiatuekiko zuen jarrera nabarmen uzkurtu da 2015etik hona, eta Angela Merkel kantzilerra ez dago prest berriz ere migrazioaren auzian katramilatzeko, bere agintaldia azkenetan den honetan eta hauteskunde orokorretarako hilabeteren faltan. Ezta hari erreleboa emango diotenak ere. «2015eko akatsak ez errepikatzeaz» ohartarazi du berriki CDU Batasun Kristau Demokrataren hautagai Armin Laschetek, onartu ondoren hauteskunde kanpainan migrazioaren auziak lekua izango duela.

Gainera, agintea galtzeko aukera urteetako hurbilen ikusten dute kontserbadoreek. Bozen aurreko lehen eztabaidaren ondoren publiko egindako inkestetan garaile ageri da Olaf Scholz SPD Alderdi Sozialdemokratako hautagaia.

Albokoek ere asmorik ez

Errefuxiatuei inguruko herrialdeetan harrera egiteko EBren asmoa ez dago estatu kideetako gobernuburuen menpe soilik, ordea. Gogotik ahalegindu beharko du Bruselak harrera herrialde izan daitezen nahi duen horiek limurtzeko, gaur-gaurkoz ez baitute errefuxiatuak hartzeko borondaterik agertu. Uzbekistango Atzerri Ministerioak atzo jakinarazi zuen itxita daukala Afganistanekiko muga. Talibanengandik ihesean dabiltzanei lagunduko diela ziurtatu zuen, baina soilik airez iritsitakoei. Handik heldutako hegazkinei lurreratzen utziko diela azaldu zuen, baina ez diela Uzbekistanen geratzen utziko, eta beste herrialde batzuetara joan behako dutela ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.