Abortuaren aurkako jazarpena, ikusgai

Elkarte katoliko batek Gasteizko hainbat markesinatan jarritako kartelak erretiratzen hasi da Gasteizko Udala. Polemika piztu du toki publikoetan bazterketa sustatzen duen propaganda agertu izanak.

Propagandisten Elkarte Katolikoak Gasteizko hainbat autobus geltokitan jarritako kartelak. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Abortatzeko kliniken aurrean otoitz egitea primeran dago»: horra Gasteizko autobus geltokietako hainbat markesinatan azken egunotan ikusi den publizitatearen mezu nagusia. ACdP Propagandisten Elkarte Katolikoa elkarteak sinatuta dago abortuaren aurkako kanpaina, eta gutxienez hiriko bost markesinatan agertu dira kartelak —udala hasia da horiek kentzen—. Kliniketara abortatzera joaten diren emakumeak jazartzera animatzen du kanpainak, Espainiako Gobernuak horrelako jarduerak legez debekatzeko dituen asmoei kritika eginez. Herritarrak horren kontra egitera deitzen ditu elkarte katolikoak kanpainaren bitartez: «Espainian 99.000 abortu baino gehiago egiten dira urtero. Abortatzeko lekuen aurrean otoitz egiten dutenen delitua da bizitza horietako batzuk salbatu nahi izatea. Mezu hori bertan behera utz daiteke Abortuaren Legearen berehalako erreformaren ondorioz». Horrela diote mezuetako batzuek.

Karteletako mezuek polemika handia piztu dute, baina, bereziki, horiek toki publikoetan agertu izanak. Hainbat elkartek eta norbanakok propaganda salatu dute sare sozialetan, eta erantzukizunak eskatu dizkiote Gasteizko Udalari. Izan ere, JC Decaux enpresa da hiriko espazio publikoetako publizitatea kudeatzen duena, baina udalaren esku dago ardura nagusia. Eta, hain justu ere, udal araudiak argi eta garbi zehazten du espazio publikoetan jartzen den publizitatea ezin dela «inolaz ere diskriminatzailea eta iraingarria izan». Kanpainak sortutako polemikak neurriak hartzera behartu du udala, eta, atzo bertan, kartelak kentzeko eskatu zion JC Decaux enpresari. Emakundek propio egindako txostena aztertuta egin zion eskaria: txosten horren arabera, kanpainak urratu egiten ditu «emakumeek sexu eta ugalketa babesteko eta osotasun fisiko eta moralerako duten eskubidea».

Soka luzea ekarri du markesinetako kartelen auziak. Joan den astean, EH Bildu eta Elkarrekin Gasteiz udal taldeek publizitatea berehala kentzeko eskatu zioten udalari, kanpainak emakumearen «erabakitzeko borondate askearen aurka» egiten duela eta «gorrotoa» sustatzen duela argudiatuta. Gasteizko alkatea kanpaina erretiratzearen alde agertu zen, «iraingarria» eta «baztertzailea» dela iritzita, baina ñabartu zuen «oreka» bilatu beharra zegoela emakumeen eskubideen eta adierazpen askatasunaren artean.

«Legediaren aurkakoa da»

Clara Campoamor elkarte feministak gogor kritikatu du Gasteizko Udalaren jarrera. «Beranduegi» erreakzionatzea egotzi dio Cecilia Piris elkarteko abokatuak udalari. Pirisek BERRIAri adierazi dio udalaren erantzuna ez dela espero zitekeen bezain «irmoa» izan, eta gogorarazi du arduradun politikoen erantzukizuna dela toki publikoetan ageri den publizitatea baztertzailea ez izatea. Pirisen ustez, auzi horrek agerian utzi du ez dagoela «kontrolik» toki publikoetan jartzen den publizitatearen edukien gainean. «Ezin dugu ahaztu: edukia iraingarria da, eta, gainera, indarrean den legediaren aurkakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.