Etxerat-en adierazpena kritikatu dute euskal presoen hainbat senidek

Erredakzioa
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskal presoen eta iheslarien 32 senidek eta lagunek gutun publiko batean kritikatu egin dute Etxerat elkarteak ETAren biktimei barkamena eskatu izana, nahiz eta idatzian ez duten Etxerat-en aipamen zehatzik egin. «Argitasun osoz adierazi nahi dugu senide moduan guk ez diogula inolako barkamen eskaerarik zor inori, ez dugula onartzen ETAren biktimen mina areagotu izana, eta salatzen dugula ETAren biktimen hainbat erakundek gure egoera kaskartzeko egindako lobby lana», diote Gure duintasuna ez dago salgai eskutitzean. Izen-abizenez sinatu dute. «Ez dugu onartzen ez dagokigun ardurarik, eta are gutxiago gure senideen eta gure bizitzak izorratzen dituzten horien nahi aseezinak kontentatzeko».

Etxerat-ek, martxoaren 1ean Donostian aurkeztutako adierazpenean, «begirunea eta enpatia» agertu zien indarkeriaren biktima guztiei, eta «barkamena» eskatu ETArenei, haien «minaren aurrean isiltasuna» izan duela eta «urrun» egon dela aitortuta. Adierazpena, «bizikidetzari» egindako «ekarpena» dela zioten elkarteko bozeramaileek.

Maite Aranalde, aske

Maite Aranalde euskal presoa (EPPK) behin-behinean libre geratu da, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Soto del Realeko (Madril, Espainia) espetxetik herenegun gauean atera zen Aranalde; zain zituen senide eta lagun batzuk. Joan den urteko irailean Frantziak Espainiaratu egin zuen.

Bestalde, Espainiako Espetxe Erakundeek Xabier Agirre eta Unai Fano euskal presoak (EPPK) Euskal Herrira gerturatu dituzte: Agirre Logroñoko kartzelara eraman dute, Ocaña I-etik, eta Fano Soriara, Algecirastik. Bigarren graduan dauzkate. Bi hurbilketak otsailaren 22an iragarri zituen Madrilek.

PSOEren gobernuak 22 euskal preso gerturatu ditu; horietatik hogei, azarotik aurrera. Euskal Herriratu, berriz, hiru, eta Xabier Sagardoirena (EPPK) iragarria du, baita hirugarren gradua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.