Koronabirusa

Garajeak, plaza klandestino horiek

Etxebizitza eraikinen garajeak kirol eta jolas leku bihurtu dira toki askotan: plaza klandestinoak. Izan ere, debekaturik dago espazio komunak erabiltzea jarduera horietarako, Ertzaintzak gogoratu duenez.
Mutil koskor bat baloiarekin jolasean garaje baten barruan.
Mutil koskor bat baloiarekin jolasean garaje baten barruan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko apirilak 16

Bere lana funtsezkotzat jo duten langile horietako bat igogailuan sartu, eta, giltza txikiarekin, botoiari eragin dio; laurden bat jiratu, eta garajera jaitsi da. Autoa hartzera doa, eskerturik oso, itxialdia gero eta ageriagoan uzten ari baitzaio nekea. Bakardade sentipena bat-batean hautsi zaio suaren aurkako atea plastikozko eskularruez ireki eta autoen eremura sartu denean. Bat, bi, hiru eta lau dira garajea zirkuitu bihurtu duten korrikalariak. Ondo ezagutzen dituen bizilagunek kono bat jarri dute izkin batean, eta garajeko solairu biak erabiltzen dituzte 150 metro inguruko itzuli bat egiteko. Izerdi patsetan daude, maskararik gabe, eta dena ematen.

Hirugarren solairuko runner amorratuak begiratua egin dio, «hau ere gurea da» esanez bezala. Autoa bere marratik ateratzeko maniobratan hasi da langilea, autoko giltza ere laurden bat jiratu ondoren. Kasik lotsa sentitu du motorraren gasek korrikalariengan izan ditzaketen eraginak direla eta... Baina ez, hura autoen erresuma dela esan dio bere buruari. Edo horrela zen garai batean, behintzat.

Izan ere, garajeak plaza dira baitira itxialdi egunotan. Jabetza pribatu baina eremu komunak dira, erabili ezin direnak, alegia, ez bada autoa sartu eta ateratzeko. Itxialdia gehiegi estutzen ari da askoren borondatea, ordea, eta, korrika egiteko zirkuitu bakarrik ez, pilotaleku ere bihur daitezke haien paretak. Langileak, eguneko jarduna bukatu ondoren, semearekin berotu ditu eskuak eta arima. Azken kintzea egiterako, zortzietan hasitako txaloak amaitu direla ohartu da.

«Senarrak eta biok lan egin behar dugu, eta alaba gaztea ez dugu bakarrik utzi nahi. Horregatik, goizero garajetik joaten gara lagun batzuen etxera, gure ataria eta haiena garajeak lotzen baititu», dio izenik eman nahi ez duen Donostialdeko emakume batek. Onartu du batzuetan hiru haurrak jolasean geratzen direla garajean, alaba eta lagunen seme-alaba biak. Helduak begira geratzen zaizkie, gogoratuz ez direla ukitu behar eskuz paretak, ateak eta zoruak. Baina, baloiarekin jolasean direla, zaila da helburu hori lortzea. «Ez gara aritzen osasun arloan ezta supermerkatuetan ere, eta zer egingo dugu, ba?».

Eskaileretan gora

Ertzaintzak aitortu du deiak jasotzen dituela aldiro, salatzeko garajeetan eta beste gune komun batzuetan (lorategi eremuak, adibidez) jarduera dagoela. Espazio horietan kirola eta jolasa egitea «erabat debekaturik» dagoela dio, eta salaketa jar dezakeela inor jarduera horiek egiten harrapatuz gero. Hala ere, gehienbat Udaltzaingoa arduratzen da itxialdiaren plaza klandestinoez. Bizilagun batzuek atariko eskaileretan gora eta behera pasatzen dute denbora apur bat, eta beste batzuek udaltzaingoari deituz, lagun hurkoa salatzeko. Itxialdiaren miseriak ahal bezala eramaten ditu bakoitzak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Pertsona batzuk maskararekin pasa den astean, Orion (Gipuzkoa). ©Jon Urbe / FOKU

Getariako Udalak, hiru kasuren berri eman, eta Osasun Sailaren jarrera salatu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote zuzenean emateko egon daitezkeen positiboen berri eta hartzeko herritarrak babesteko hartu beharreko neurriak. Azpeitiko (Gipuzkoa) Udala ere kezkatuta dago.

Jendea maskara jantzia duela, lehengo astean, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Beste 33 positibo atzeman dituzte; horietako 11, Bilbon

Arantxa Iraola

Esan dute ez dagoela motiborik Bizkaiko hiriburuan agerraldi bat dagoela adierazteko. Espainiako Gobernuak plan berri bat atondu du epidemiari aurre egiteko irizpideekin; erkidegoei aurkeztu die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna