Hutsik dago Olarizu

Azken urteetan, Gasteizko Olarizu hiribideko eraikinak okupatuta eduki dituzte etxea ordaintzeko modurik ez zuten herritar batzuek. Udalarekin harreman gorabeheratsua izan ondoren, kaleratu egin zituzten atzo.

Atzo kaleratu zuten emakumeetako bat, bere gauzekin eraikinetik ateratzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan Olarizu auzoko bizilagunei loa kendu dien mehatxua bete egin zuen atzo Gasteizko Udalak: bertan okupatuta bizi diren herritarrak kaleratu egin zituen, Gorka Urtaran alkatearen hitzetan, «eremu hori hiriarentzat berreskuratzeko». Zehazki, auzokideei gutun bidez jakinarazi zien atzo 07:00etatik aurrera kaleratzeak edonoiz has zitezkeela, eta, ordu horretarako, Ertzaintzaren dozena erdi patruilak inguratuak zituzten okupatutako etxeak; egun batzuk lehenago, burdinazko hesiz itxi zituen eraikinak Poliziak, eta, atzo goizean, Olarizu hiribidea ere itxi egin zuten, autorik sar ez zedin, eta kazetariak ere urrun gera zitezen. Ordurako, bizilagun batzuk hasiak ziren etxeetatik denetariko objektuak ateratzen, etsita: arropa, sukaldeko tresnak, maletak, sehaska bat. Gizon bat burumakur atera zen atarietako batetik, eta, maleta gurpildun handi bati tiraka, auzotik urruntzen hasi zen; autoen zarataren artean galdu zen laster.

Lasai hustu zituzten atzo etxeak, baina bizilagun gehienek aurreko egunetan utziak zituzten azken hilabete edo urteetako bizitokiak. Auzokide batek BERRIAri berretsi zionez, okupatutako eraikinetan oso pertsona gutxi geratzen ziren azken egunetan. Hala ere, Ertzaintzaren furgonetak bata bestearen atzetik heltzen hasi ziren. Gero eta kazetari gehiago gerturatu ahala, handituz joan zen atarien aurrean pilatutako objektuen multzoa, astiro. Giroa lasaia zen arren, Ertzaintzak istiluen aurkako tresneria atera zuen. Ezkutu eta kaskoez horniturik hasi ziren etxeetara sartzen, baina ez dirudi iskanbilarik egon zenik.

Beste aterpe baten bila

09:00ak aldera, Errekaleor auzo okupatuko kide batzuk ere hurbildu ziren Olarizuko lagunei elkartasuna agertzera —arratsean ere mobilizazioak izan ziren Gasteizen, kaleratzeak gaitzesteko—. Olarizukoek eskertu egin zuten babesa. «Irtenbidea ez digute Errekaleorrekoek eman behar. Udalak konpondu behar du gure egoera», esan zuen bizilagun batek, haserre. Haren arabera, batzuei eman die aterpe udalak: bi pertsona babespeko etxebizitza batean daude, eta beste lau, udal aterpetxean; gainerako bizilagunek, ordea, beste irtenbiderik ezean, inguruko pabiloi batean hartuko dute aterpe.

Gutxienez beste hiru pertsona atera ziren eraikinetatik. Goiza aurrera joan ahala, eguzkia berotzen hasi zen, eta emakume bati izerdia eta malkoak nahastu zitzaizkion kaleratu berri zuten etxetik gauzak hartu eta kalearen beste aldera eramatean. Eraikinean bizi ziren beste bi lagunek lagundu diote. Beste bi auzokide ere agertu ziren, eta etxeko trasteak auto batean sartu zituzten. Bitartean, lehen atarian langile batzuk betoia egiten hasi ziren, ateak ixteko; beste batzuek burdinazko ateak soldatu zituzten.

10:00ak jotzeko zirela bukatu zituzten bizilagunek atarietatik kalearen bestalderako bidaiak. Izerditan zegoen emakumea kaleko banku batean eseri zen, beste bizilagun batekin batera; haien ondoan, txakurra. Alde batean, berriz, beren etxe izandakoan eduki zituzten objektu guztiak, espaloiaren izkina batean pilatuta. Poltsa multzoak kontraste nabarmena egiten zuen ondoan zeuzkan etxe moderno berriekin. Izan ere, alkateak dioenez, ingurua «birgaitzeko» asmoa dauka udalak. Segur aski, auzoak beste bizilagun batzuk izango ditu: orain arte eraikin okupatuan bizi izan direnek ezingo dituzte eremu berri horretako etxeen prezioak ordaindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.