Autobus gidariak, asteburuen beldur

Hitzezko erasoak eta eraso fisikoak eragozteko segurtasun neurriak eskatu dizkiote autobus gidariek Bizkaiko Foru Aldundiari. Jarduera protokoloak eta formakuntza saioak izatea eskatzen dute bereziki.

Bilbotik Ondarroara (Bizkaia) doan Bizkaibuseko autobusa. RAUL BOGAJO / FOKU.
iraia vieira gil
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Bi aste igaro dira Mungiatik (Bizkaia) Bilborako autobuseko hiru erabiltzailek gidariari eraso egin eta konorterik gabe utzi zutenetik. Ez da horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia, eta, horregatik hain zuzen, gidariek jakinarazi dute kezkatuta daudela egoerarekin. «Gidari bati erasotzen dioten bakoitzean, tentsioa eta beldurra areagotu egiten da gure artean», adierazi du Jose Jaime Anzola Lopez Ezkerraldeko Bizkaibuseko ELAko delegatuak.

Orain dela 30 urte hasi zen Bizkaibusen gidari lanak egiten, eta duela 25 egin zioten eraso lehenbizikoz. «Larunbat goiza zen, eta ibilbidea amaitzear nengoen, baina erabiltzaile batek lotan jarraitzen zuen», kontatu du. Erabiltzailea esnatzea erabaki zuen Anzolak: «Erantzun moduan, kolpe bat eman zidan buruarekin». Ordutik, beldurra ematen dio autobusean lo doan erabiltzaileren batekin bakarrik geratzeak: «Edozein zaratak deseroso sentiarazten nau».

Asteburuetako ordu txikiak dira, Anzolaren ustez, autobusa gidatzeko ordurik txarrenak: «Festa egitetik dator jendea, eta alkoholak eta hartutako guztiak urduritu egiten ditu». Edozein kontu gidariari erasotzeko arrazoi bihurtzen dute: «Eguneko edozein ordutan eta tokitan gerta daiteke, baina asteburuetan gertatzen da gehienbat». Erasoak, gainera, hitzezkoak dira askotan. «Eraso fisikoak ez dira hain ugariak; hitzen bidez erasotzen digute gehienetan, eta halakoak bai, ia egunero gertatzen zaizkigu».

Protokoloa eta trebakuntza

Gidariren bati erasotzen dioten bakoitzean salaketa jartzen dutela azaldu du Anzolak, bai eta enpresako eta instituzioetako buruekin hitz egiten dutela ere: «Ez gara isilik geratzen; beharrezkoak diren neurriak behingoz ezartzeko eskatzen diegu, eta, askotan, eraso egin diotenaren aldeko elkarretaratzeak ere antolatzen ditugu». Bizkaiko Foru Aldundiarekin zenbait elkarrizketa izan dituzte jada, «baina orain arte ez digute inolako konponbiderik eman».

Mungiatik Bilborako autobuseko gidariaren erasoaren ostean, begirale bat jarri dute ibilbide hori egiten duen autobusean. Gainerakoetan ez dute aparteko neurririk hartu, eta, beraz, salatu dute konponbidea ez dela nahikoa: «Autobus guztietan hobetu beharko lituzkete segurtasun neurriak, eta gidari guztiek jaso beharko genituzke formakuntza saioak». Egoera jakin batzuetan zer egin jakiteko protokoloa izatea beharrezkoa ere badela adierazi du Anzolak. «Lo doan erabiltzaile hori esnatu beharko nukeen ala ez jakiteko, adibidez».

Benetako erantzun bat eman dezala eskatu dio Anzolak Bizkaiko Foru Aldundiari. «Babes neurriak hartuko dituztela esaten digute, baina ez dute ezer egiten». Gidariren bati beste erasoren bat egiten dioten arte: «Orduan bai. Orduan hitzaldi politikoak ematen dituzte, eta egoera lotsagarria dela esaten dute». Komunikabideek berdin jokatzen dutela salatu du. «Erasoaren albistea ateratzen dute, eta berehala ahazten dute gertatutakoa».

Erabiltzaileentzat ere badu mezua: errespetua baino ez diete eskatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.