Albistea entzun

Parisko erasoen auziko hogei akusatuak zigortu ditu Frantziako justiziak

Epaileek bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diote erasotzaileetako bat izatea egotzi dioten akusatuari. Besteei, bost eta 30 urte bitartekoa
Salah Abdeslamen defentsa abokatuak, atzo, epaia jakinarazi zuen Frantziako epaitegira sartzen.
Salah Abdeslamen defentsa abokatuak, atzo, epaia jakinarazi zuen Frantziako epaitegira sartzen. C. PETIT TESSON / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2022ko ekainak 30

Frantziako justiziak erruduntzat jo ditu 2015eko azaroaren 13an Parisen izan ziren erasoengatik auzipetutako hogei akusatuak. Horien artean da Salah Abdeslam auzipetu nagusia. Fiskaltzak eskatu bezala, epaimahaiak bizi guztiko zigorra ezarri zion atzo —aske gelditzeko aukerarik gabekoa—, Parisko atentatuen egileetako bat dela iritzita. Akusazioaren arabera, Abdeslam da erasoen ostean bizirik gelditu ziren hamar erasotzaileetako bakarra.

Epaiak amaiera eman dio ia hamar hilabete iraun duen eta 400 biktimaren lekukotzak jaso dituen epaiketari, baina ez du lortu erasoei buruzko hainbat zalantza argitzea. Besteak beste, erasotzaileak egun berean atentatu gehiago egiten ahalegindu ote ziren.

Frantzian bake garaian sekula izan den erasorik bortitzena izan zen 2015eko azaroaren 13koa. Ia une berean egin zioten eraso hiriburuko zenbait taberna eta jatetxetan, Bataclan aretoan eta Saint Denisko futbol zelaiaren inguruetan zeuden herritarrei. 130 lagun baino gehiago hil zituzten, eta laurehundik gora zauritu. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen ekintza.

Abdeslamek sei urte egin ditu espetxean, eta bere lehen hautua isilik geratzea izan zen arren, biktimei barkamena eskatu zien epaiketaren azken fasean. «Barkamena eskatzen dizuet. Badakit gorrotoak hor jarraitzen duela, baina neurritsu gorrotatzeko eskatzen dizuet», adierazi zuen auzi saio batean.

Abdeslamek epaileari azaldu zion bere misioa zela Parisko erdiguneko taberna batean immolatzea, baina tabernako bezeroak ikusi zituenean atzera egin zuela, «gizatasunagatik». Fiskaltzaren iritziz, berriz, Abdeslamek erasoa burutu gabe utzi zuen soinean zeraman lehergailu gerrikoak huts egin zuelako. Epaileek ministerio publikoaren bertsioa berretsi dute.

Gainerako akusatuak, berriz, maila batean edo bestean erasotzaileei atentatuak egiten laguntzeagatik zigortu dituzte. Erantzukizunik handiena Mohamed Abriniri egotzi diote, arlo logistikoaren buru izan zelakoan. 2016ko apirilean atxilotu zuten, Belgikan. Epaimahaiak bizi guztiko kartzela zigorra ezarri dio, eta gutxienez 22 urte eman beharko ditu espetxean nahitaez.

Eraso gehiagoren hipotesia

Abrini eta beste akusatu batzuk epaiketan isilik geratu direla-eta, erasoen gaineko zalantza ugari argitzeko itxaropena zapuztu zaie biktimei eta akusazioei. Besteak beste, epaiketak ez du lortu argitzea EIk plan bat ote zuen Parisko erasoen egun berean atentatu gehiago egiteko. Poliziaren hipotesia da Amsterdamgo Schiphol eta Parisko Charles de Gaulle aireportuetan ere eraso egiteko prest zeudela.

Ikerketaren arabera, Bruselan errotuta zegoen erasotzaile taldeko hamar kidek azaroaren 12an Parisera bidaiatu zuten bitartean, beste kide batzuek joan-etorriko bidaia egin zuten Amsterdamera, azaroaren 13an. Bestalde, Poliziak Bruselako zakarrontzi batean aurkitu zuen ordenagailu batean Azaroak 13 izeneko karpeta bat aurkitu zuen, barruan Schiphol taldea izeneko karpeta zuena. Abdeslamek Parisko erasoen egunean Charles de Gaulle aireportuan geldialdi bat egin zuela ere baieztatu du ikerketak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Xi Jinping eta Vladimir Putin, asteartean, Moskun. ©SERGEI KARPUHIN / EFE
Erreskate talde bat Rzhixtxiveko erasoko biktima bat eramaten. ©O. PETRASIUK / EFE

Zaporizhiako zentralaren egoera «prekarioa» dela ohartarazi du NBEk

I. Susaeta

Eraso baten ondorioz bederatzi pertsona hil dira Kievetik gertu. Hungariak adierazi du ez duela atxilotuko Putin, Hagak hala agindu duen arren
Kenyako bi artzain, hildako auntzen gorpuei begira, artxiboko argazki batean. / ©Dael Irungu, EFE

Bostetik batek ez du edateko ur nahikorik Afrika ekialdean

Arantxa Elizegi Egilegor - Oskar Epelde Juldain

Etiopian, Kenyan eta Somalian uraren prezioak %400 egin du gora 2021eko urtarriletik, eta 22,7 milioi lagunentzat ezinezkoa da hura erostea. Somalian, iaz, 43.000 pertsona hil ziren lehortearen ondorioz.

 ©BERRIA

«Laguntzaren menpe gaude: ez dugu beste aukerarik»

O. E. J.

Ekintzailearen esanetan, diru falta da erakundeen arazo nagusia, horrek ezinezko egiten baitu luzerako planak bultzatzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...