Albistea entzun

KRITIKA. Performancea

Maputxeen lurraldean

Agus Perez -

2019ko apirilak 28

'Tierras del Sud-Bilduma'

Dramaturgia: Txalo Toloza. Koreografia: Laida Azkona. Interpreteak: Laida Azkona, Txalo Toloza. Testuen euskaratzea: Maialen Sobrino. Lekua: Aulestiko inguruak eta frontoia. Eguna: Apirilak 25.

Aspaldi ez genuen Laida Azkonaren berri, eta hara non Aulestiko ADEL jardunaldietan estreinatu duen bere azken proposamena. Betelun (Nafarroa) jaiotako artista munduko hainbat lekutan bizi eta hezi da, eta orain Bartzelonan du egoitza, baina ez da Euskal Herriaz ahazten. Ezagutu genuen bere lehen lana Mu-To Bilbon eta Ean ikusi genuen, azken hori Eako Poesia Egunetan, eta gero etorri zen Extraños mares arden harrigarri hura, non, Atacamako basamortuan kokatuta, Guggenheim inperioaren jatorria ezin garbiago azaltzen zen, Txilen egindako espoliazio masiboaren ondorioz.

Oraingo Tierras del Sud - Bilduma hau Tierras del Sud SA lanaren deribazioa dugu, eta aurrekoa bezala, Pacifico izeneko trilogia baten parte da. Hiru lanen ezinbesteko beste sortzailea Txalo Toloza txiletarra da, eta hurrengo atalean Amazoniari buruz hitz egingo digute. Barkatu, irakurle, atariko kontuekin hainbeste luzatu izana, baina uste dut Euskal Herriko zerumuga artistikoan mugarri eztabaidaezina dela Azkona-Tolozatarren lan jarraitu eta determinatua, eta gainera, munduko beste herri indigenekin konektatzen gaituela, hurrengo lerroetan ikusiko dugun bezala.

Aulestiko plazan hasi da emanaldia, ikusle bakoitza entzuteko kaskoak jantzita, eta herriko kaleetatik abiatu gara geldialdirik egin gabe, maputxeen sarraski masiboaren historia atalez atal entzuten genuen bitartean. Jauregi izandako armarridun etxe baten alboan igaro gara, eta kasualitatea izango zen, baina geure iragan konkistatzailea gogorarazi digu hor nonbait. Gero, herritik aldentzen joan gara, erreka gaineko zubia zeharkatu, soroen ertzetatik ibili, Erdi Aroko galtzada bat zapaldu eta inguruko mendiak ikusi ditugu maputxeen lurraldeen konkista gupidagabea —ustez loriatsua, Argentinako historia ofizialean— eta haiek jasandako izugarrikeriak entzuten genituen bitartean.

Performancearen ikuspegitik, bikaina iruditu zait zeharkaldiaren ideia, maputxeentzat hain funtsezkoa den naturaren izaera azpimarratzeaz gain, haien exodoa —Patagoniatik Andeetaraino— eta deportazioa geure urratsekin gogoratzen genuelako, gu eroso eta girgilu barik ibili arren. Herriko futbol zelaian paratutako hagatxo argidunek ehunka mila arima haien oroitzapena ekarri digute, eta haien omenez dantzatu dugu rewe baten —maputxeen monolito mistikoa— inguruan, jatorrizko perkusio eta txirulen doinu pean.

Azken atalean frontoian bildu gara, eta Azkonak bere gorputzarekin irudikatu ditu ustezko etnografia xedeekin egindako argazki tamalgarri haien jarrerak, egiatan europar supremazismoa zuritzeko egin zirenak. Gero, dantzarako dituen dohain eta prestakuntza bidez berrinterpretatu ditu arima galdu haien dolua eta munduko museoetara bidalitako emakume, gizon eta umeen deserrotze eta sufrimendua. Amaitutakoan, nolabaiteko lasaitua hartu dugu jakitean euskaldun izateak maputxeen bihotza zabaltzen digula gaurko munduan. Amaitzeko, argitu egingo dugu zergatik deitu dioten Tierras del Sud SA jatorrizko lanari: horrela deitzen da Benetton enpresa Patagonian, eta han ia milioi bat hektarea daukate berez maputxeenak ziren lurraldeetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'
Kurdistango ordezkariak eta haien kideak, atzo, Irudienean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hondakinen gainetik, liburuak

Andoni Imaz

Kobaneko liburutegiaren istorioa kontatzen du 'Hala ere' dokumentalak. Kurdistango zenbait ordezkarik aurkeztu dute, Durangoko Azokan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.