Udal eta foru hauteskundeak. Hezkuntza

Hezkuntza. Txibitek irailerako utzitako ikasgaia

Nafarroan, hauteskunde kanpainak ez ditu hezkuntzako eragileen protestak eten. Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek manifestazioa egin zuten atzo, eta Gimeno kontseilaria kargugabetzeko eskatu zioten lehendakariari. Lan gatazkaz harago, arazoak pilatu zaizkio gobernuari.

Manifestazioa. Steilasek, LABek, ELAk eta CCOOk protesta egin zuten atzo Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun

Hezkuntza komunitatea sutan da Nafarroan. Karguaren zina egin zuenean, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok lehentasuntzat jo zuen «sare publikoa indartzea» eta «duintzea»; lau urte geroago, sare publikoa da kalera atera dena, kontseilariaren kargugabetzea eskatzera.

Atzo, manifestazioa egin zuten Iruñean Hezkuntza sektoreko sindikatu ia guztiek. Steilasek, LABek, CCOOk eta ELAk «txarretsi» egin zuten Gimenoren jokabidea, salatu zuten Hezkuntza Departamentuak «blokeatu» egin duela negoziazio sindikala eta ratioen gaineko informazioa «maltzurkeriaz» erabili duela, «ikastetxe askotako masifikazioa ezkutatzeko». Are: esan zuten kontseilariak «sistematikoki uko egin diola» irakasleen ordezkariekin negoziatzeari, eta, hortaz, «bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batek» ezin duela bere karguan mantendu.

Hasieran, UGT sindikatuak ere bat egin zuen atzoko manifestazio deialdiarekin, baina, hauteskunde kanpaina hasita, atzera egitea erabaki zuen. Aurreko protesta eta lanuzteetan, ordea, sindikatu guztiek aho batez salatu zuten Hezkuntza Departamentuaren jokabidea.

Otsailaren 15ean, adibidez, Funtzio Publikoko sindikatu guztiek lanuztera deitu zituzten administrazioko langileak. Greba hartan, Hezkuntza sektoreak berebiziko pisua izan zuen, eta mobilizazio egutegi bat zehaztu zuten hurrengo hilabeteetarako. Apirilaren 3an, berriz, greba deialdi propioa egin zuten Hezkuntzako sindikatuek, eta sektorea geldiaraztea lortu zuten: Nafarroako Gobernuaren arabera, irakasleen %21ek bat egin zuten deialdiarekin; sindikatuen esanetan, ordea, erdiek baino gehiagok egin zuten greba: %55ek.

Mobilizazio horietan guztietan, lau eskaera nagusi egin dituzte sindikatuek: ikasgeletako ratioak jaistea —20 ikasle gehienez Haur Hezkuntzan eta egutegi bat ezartzea jaitsiera hori ikasketa maila guztietara zabaltzeko—; lantaldeak egonkortzea; lan gainkarga murriztea; eta 2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea —soldatak KPI kontsumorako prezioen indizearen arabera igotzea, %10eko osagarria eta gainerakoa berreskuratzeko egutegi bat ezartzea—.

D ereduari trabak

Irakasleen lan baldintzei dagokiona, baina, ez da legealdi honetan Hezkuntza Departamentuan piztutako sute bakarra izan. Euskalgintzako eragile anitzek ere Gimenoren dimisioa eskatu dute behin baino gehiagotan, euskararen normalizazioaren aurka jarduteagatik. Egozten diote, besteak beste, Mendigorrian eta Iruñeko Lezkairu auzoan euskarazko irakaskuntzari trabak jarri izana.

Mendigorriko Maria Espinal Olcoz eskola publikoko familiek 2021-2022ko ikasturtean lortu zuten seme-alabak D ereduan matrikulatzeko aukera, borroka luze baten ostean. Zehazki, hango gurasoek salatu zuten «hainbat eskaera, interpelazio eta mobilizazioren ondoren» baizik ez zutela lortu euskarazko lerro bat jartzea.

Mendigorrikoen aurretik, eskaera bera egin zuten Castejongo eskola publikoko gurasoek (2019an), eta horien ostean heldu ziren Larragakoak eta Lezkairukoak (iaz). Kasu guztietan, ezinegona agertu dute seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi dutenek: elkartu, antolatu eta bultza egin behar izan dutela, berezkoa duten eskubide bat aitortua izan zedin. Lezkairun, gainera, «ezkutuko trabak» salatu dituzte gurasoek: Hezkuntza Departamentuak baiezkoa eman zion bertako eskola publikoan D eredua jartzeari —aurrekontuen negoziazioan PSNk EH Bildurekin adostutako neurrietako bat izan zen—, baina zenbait familiak salatu dute ikastetxeko arduradunek ez dietela aukera hori eman, eta beste eskola batzuetara bideratu dituztela.

D ereduaren hedatzeari jarritako oztopoek ez dute zer ikustekorik PAI Ingelesez Ikasteko Programak Gimenoren agintaldian izan duen bultzadarekin. Iazko apirilean, PSNk lege proposamen bat aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan, funtzio publikoko 350 irakasle lanpostu egonkortzeko. Egiazki, baina, harago doa: PAI babesteko lege bat da, ingeleseko C1 maila lan deialdietako eskakizun bihurtuta. Navarra Sumak eta PSNk bat egin zuten legebiltzarrean araua onartzeko, eta bi taldeek asmoa agertu zuten heldu den legealdian urrats gehiago egiteko, «PAI programa hezkuntza eredu bihur dadin».

Opus Deiren eskolak

Ikasleak sexuka bereizten dituzten ikastetxe pribatuei ezarritako zigorra izan da Gimenok lorpen gisara aurkeztu ahal izan duen puntu bakarrenetakoa: Irabia-Izaga eta Miravalles-El Redin ikastetxeen finantzaketa —Opus Deirenak dira— bertan behera utzi zuen departamentuak urtarrilean, «hezkuntza maila horretan ikasleak bereiziak dituztelako».

Ez da, baina, eskola horiekin lotutako polemika bakarra izan. Apirilean, Nafarroako arartekoak salatu zuen bi zentro horietan notak «puzten» dituztela. Gimenok uko egin zion auzia ikertzeari eta ikastetxeak ikuskatzeari.

ALDERDIEN PROPOSAMENAK

Hezkuntza ere sartu da kanpainan, eta alderdiek haren inguruko dozenaka proposamen dituzte programetan. Laburpen bat da hurrengoa:

UPN
Askatasuna. Javier Esparza buru duen alderdiak behin eta berriz aipatzen du askatasuna hitza hezkuntzaz aritzean. Adibidez, jarri dute zentro publikoen eta itunpekoen eskaintza «justua eta orekatua» bermatuko dutela, «familiek askatasunez erabaki dezaten beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza mota».
Ingelesa. PAI ingelesez ikasteko programari buruz ari dira behin eta berriz. Hitzeman dute bultzatuko dutela hura hizkuntza eredu bihurtzea, eta, gainera, beraien herrian PAI ez duten familiei eskola jangela eta garraioa ordainduko diete, beste herri batera joan daitezen. Gainera, nabarmendu dute ikasleek eskola ordu gehiago egin beharko dituztela ingelesez. Ez dago jasota D ereduarekin zer egingo duten.

PSN
Hizkuntzak. Hezkuntzaren eremuan euskararen erabilera «bultzatu» egingo duela jaso du PSNk, eta, horretarako, adibidez, A, B eta D ereduetako irakasleen prestakuntza bultzatu asmo dute, esan dutenez. Ez dute hitz egiten D eredua zabaltzeaz, ezta PAIri buruz ere.
Aurrekontua. PSNk esan duenez, «progresiboki» handitu nahi dute hezkuntzara bideratutako diru kopurua, BPG Barne Produktu Gordinaren %5 izatera gerturatu arte. Haien hitzetan, helburuetako bat izango da Haur Hezkuntzako lehen zikloa doakoa izatea familia guztientzat. Ratioak jaistea ere agindu dute.
Hezkidetza. Eskuineko sektoreen ezinegona eragin zuen hezkidetzarako Skolae programak, baina Maria Txibite buru duen alderdiak hura bultzatzen jarraitzeko asmoa du. Nabarmendu dutenez, bermatuko dute diru publikoz hornitutako eskola guztietan martxan egotea.

EH Bildu
Eredua. Koalizio abertzalearen esanetan, «kalitatezko hezkuntza sistema publiko-komunitario propioa» dute xede. Horretarako, besteak beste, nahi dute 2026an hezkuntza itun sozial eta politikoa lantzeko prozesua abiatzea eta 2027an lege berria onartzea. Segregazioaren kontrako itun sozial eta politikoa ere jorratu asmo dute.
Euskara. «EH Bilduk euskarazko murgiltze ereduaren alde egingo du», nabarmendu dute. Gainera: «Hausnarketa sakona abiatuko da tokiko, hezkuntzako eta euskalgintzako eragile guztiekin batera ikastoletan zein D eredu publikoan matrikulazioa sustatzeko formula eraginkorren eta mapa berrantolatzearen inguruan, eremu diskriminatuari eta kinka larrian egon daitezkeen ikastolei arreta berezia emanez».

Geroa Bai
Eleaniztasuna. Geroa Bai-k eleaniztasuna arautu nahi du dekretu baten bidez, eta bi hizkuntza «propioak» hartu nahi ditu bertan ardatz gisa, baita PAIren dekretua bertan behera laga ere. Gainera, ziurtatu dute D ereduko gelak irekiko dituztela «eskaria dagoen leku guztietan».
Hezkidetza. Ziurtatu dutenez, «finkatu eta orokortu» egin nahi dute Skolaerekin hasitako lana.

Zurekin Nafarroa
Publikotasuna. Zurekin Nafarroaren irudiko, hezkuntzak «publikoa, inklusiboa eta kalitatezkoa» izan behar du. Horretarako, ziurtatu dutenez, bermatuko dute hezkuntza jabetza eta kudeaketa publikoko iikastetxeen bidez garatzea. Hain hitzetan, «progresiboki» hezkuntza itunak bertan behera lagatzea nahi dute, baita gaur egun itunpekoak diren zentroak sare publikoan sartzea ere.
Eleaniztasuna. Hauxe da helburua: hezkuntza sistema eleaniztuna. Hortik abiatuta, euskarazko hezkuntza Nafarroa osora zabaldu nahi dute, betiere, «aukeratzeko askatasunaren printzipiotik, progresiboki eta inposatu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.