Erabakitzeko eskubidea. Giza katea

Munduko plaza eta egunkarietan zabaldu den aldarrikapena

Josep Guardiola, igandean Berlinen, Gure Esku Dago-ren ikurrarekin. BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Igandeko giza kateak Euskal Herriko kaleetan zein hedabideetan hartu duen indarra munduko txoko ugaritara heldu da. Batetik, atzerrian bizi diren hainbat euskal herritarrek kate txikiak egin zituzten, igandean, nonahi. Bestetik, nazioarteko hedabide askok eman dute erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio erraldoiaren berri; zenbaitek, zabal. Espainiako hedabideek protesta isilarazteko jarrera hartuta gehienek aipatu ere egin ez duten arren, mundu zabaleko asko izan dira protestaren indarra erakutsi dutenak.

Reuters Erresuma Batuko berri agentzia ospetsuak mundu osoan zabaldu zuen albistea igandean; Hego Amerikako Prensa Latinak ere bai, bere eremuan. Ameriketako Estatu Batuetan Chicago Tribune eta International Business Times egunkarietan ikusi dute berria, eta telebistan ere bai, KTVL katean. Iranies Press TV eta Hispan TV kateek ere zabaldu dute albistea telebistan. Baita Euronews-ek, Channel News Asia-k eta Voice of Russia-k, esaterako.

Egunkarien artean, Frantziako Le Monde-k jaso du informazioa, Suitzako Les Temps-ek, Mexikoko Excelsior-ek eta Nikaraguako La Jornada-k. Katalunian, Vilaweb kazeta elektronikoak eta L'independant egunkariak arreta berezia eskaini diote.

Atzerrian bizi diren euskal herritarrek igandean egindako mobilizazioetako batzuetan kataluniarrekin parte hartu zuten, Omnium elkarteak erabakitzeko eskubidearen alde antolatutako giza dorreen ingurumarian. Berlinen, esaterako, Municheko Bayern futbol taldeko entrenatzaile Pep Guardiola kataluniarrak parte hartu zuen, eta Gure Esku Dago-ren ikurrarekin argazkia atera zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.