Koronabirusa

Osakidetza prest da zaintza intentsiboetako unitateetako oheak bikoizteko

Kasuek gora segitzen dute: 3.742 dira Hego Euskal Herrian; 164 zendu. Larunbatean iragarritako kontingentzia plana aurkeztu du Jaurlaritzak

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua, atzoko agerraldian. IREKIA.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Izurrietan adi-adi erreparatu behar zaie datuei, eboluzioa aztertzeko. Eta hona atzoko partea: Hego Euskal Herrian COVID-19 eritasunaren 3.742 kasu daude baieztatuta. Hildakoak 164 dira. Bizkaian, 157 positibo gehiagoren berri eman zuten atzoko zenbaketan; Nafarroan, 128; Araban, 77; Gipuzkoan, 73. Testak ez daude orokortuta, ordea, eta ezkutuan daude oraindik kasu asko. Apurka-apurka gora ari da gaitza gainditu duten pazienteen kopurua ere: 307 eriri eman diete oraingoz sendagiria Osakidetzako eta Osasunbideko profesionalek; hala ere, den-denak ez daude osatuta.

Hainbat testetan birusaren arrastorik ez dagoela frogatu behar da gaixoak guztiz sendatuta daudela esateko, eta egoera horretan, adibidez, 48 paziente daudela esan du Osakidetzak. Astia beharko da, beraz, datu hori nola handitzen den eta sendotzen den ikusteko. Eguneko datuen berri emateaz gain, atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak aurkeztu zuen izurriari aurre egiteko Osasun Sailak ondu duen plana; Urkullu lehendakariak larunbatean iragarri zuen, eta atzo zehaztu zuten nolakoa izango den. Zainketa intentsiboak behar izaten dituzte eri askok, eta, hain justu, plangintza horren bidez arta horiek emateko unitateetako oheak bikoizteko prest direla adierazi zuen Murgak.

Kontingentzia plana ondu dute lau egoera aintzat hartuta. Lehen planaren egoeran daude oraindik, adibidez, Gipuzkoa eta Araba: zainketa intentsiboak emateko oheak %50 ugaritu dituzte, geroko uzteko modukotzat jo dituzten hainbat jarduera atzeratuta. Hori aski ez denerako, bigarren antolaketa bat proposatu du planak: itunpeko zentroetara jotzea ohe bila. Horrekin ere ez da aski, ordea, zenbait kasutan, eta horrela daude orain Araban, adibidez; horregatik, moldaketa erantsi batzuk egin behar izan dituzte pazienteen arta ona bermatzeko. Egoera asko korapilatuko balitz, azkenik, arta intentsiboetako unitateetako oheak «beste toki batzuetan» ere jarriko lirateke: planaren laugarren maila litzateke hori, eta azkena. 550 ohe bermatuko lituzke, orotara, pazienteentzat. Osasun sistema oraindik horren premian ez dagoela azaldu zuen Murgak, baina «prest» daudela, egoera hori heltzen bada, behar diren moldaketak egiteko.

Plan horren martxa ona bermatzeko, arta bereziko unitateen arduradun bakar bat ipiniko dute hiru herrialdeetarako: hartara,profesional horrek osasun sistema osoko «ikuspegi orokorra» izango du, eta horren araberako neurriak hartu ahal izango ditu. Sistemaren eraginkortasuna bermatze aldera, halaber, lau eremutan banatu dute osasun zerbitzua, geografia aintzat hartuta: Bizkaiko kosta, Bizkaiko barrualdea, Gipuzkoa eta Araba. Ondu duten planaren barruan, era berean, profesionalentzako materiala, lantaldeen martxa ona eta profesional guzien trebakuntza bermatzeko urratsak egiteko asmoa dute. Premia izango da; izan ere, langileen partetik kexuak izan dira.

Osakidetza da COVID-19aren ondorioz ospitaleratze gehien dituzten osasun zerbitzuetako bat: kasuen %30 inguru artatu dituzte erietxean. Murgak krisiaren hasieratik onartu du kopuru handia dela, eta, kasu arinenak etxean artatzea dela asmoa. Telefono deiak hartzeko zerbitzu berri bat jarri dute, informazioa emateko; izan ere, orain arte martxan egon den aholkularitza telefonoa gainezka eginda egon da sarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.