Albistea entzun

Euskara. Hizkuntza eskubideak

Nafarroan euskaraz egin daitezkeen tramite telematikoak, %25etik behera

Administrazioak «euskaldunen eskubideak urratzen» dituela salatu dute Uemak eta Behatokiak
Aitor Elexpuru (Uema) eta Agurne Gaubeka (Behatokia), atzo, Nafarroako Parlamentuan.
Aitor Elexpuru (Uema) eta Agurne Gaubeka (Behatokia), atzo, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2022ko urtarrilak 20 - Iruñea

Lautik bat. Ezta hori ere: gaur egun, Nafarroako herritarrek 1.434 tramite telematiko egin ditzakete administrazioarekin, eta, horietatik, 334tan bakarrik erabil dezakete euskara. %23,29tan, alegia. Udalek eta toki entitateek Nafarroako administrazioarekin egin ditzaketen izapideen kasuan, are makurragoa da egoera: 778tik hogei baino ez dira euskaraz egiten ahal: %2,5. Nafarroan, euskaldunen hizkuntz eskubideak «behin eta berriro urratzen» direla salatu zuten atzo Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Nafarroako Parlamentuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako batzordean.

«Kezkatuta gaude, herritarrek Nafarroako Gobernuarekin dituzten harreman telematikoetan ez direlako hizkuntza eskubideak errespetatzen, ez zuzeneko arretan, ezta telefono edo Internet bidezkoan ere. Urteak daramatzagu horrela», azaldu zuen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak, batzorde parlamentarioaren ostean eginiko agerraldian.

Telefono bidezko arretari dagokionez, gainera, Gaubekak nabarmendu du euskarazko hautua egiteak «bestelako albo kalteak» ere eragiten dizkiela herritarrei: «Besteak beste, informazioa jasotzea gaztelaniaz baino beranduago edo euskara maila eskasarekin». Horrek guztiak herritarren arteko berdintasuna urratzen duela salatu zuen Behatokiko buruak. «Nabarmena da gutxiespena euskara erabili nahi duten herritarrekiko eta udalekiko».

Aitor Elexpuruk, Uemako zuzendaritzako kide eta Berako alkateak, parlamentariei gogorarazi zien Nafarroako Gobernuak hobetsi egiten dituela komunikabide elektroniko eta telematikoak, «herritarrekiko zein administrazioekiko zerbitzuetan denbora aurrezteko bide gisa». Helburu hori lortzeko, baina, «erosotasuna, malgutasuna, bizkortasuna eta garaietara doitzeko erraztasuna» eskaini beharko lituzkeela gaineratu zuen: «Errealitatea oso bestelakoa da». Uemako eta Behatokiko ordezkariek batzordean azaldu zutenez, administrazioaren jardun telematikoak «goitik behera» urratzen du foru arauek eta dekretuek ebazten dutena: «Besteak beste, Nafarroako administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko betebeharra».

Eremu guztietan, kale

Elexpuruk esan zuen «ziurgabetasun handiko egoera» dela euskaraz lan egiten duten udalentzat: «Legeak ez du bermatzen Nafarroako Gobernuarekin egunero ditugun harremanak euskaraz izatea. Askotan, ez dakigu udaletik euskaraz bidaltzen ditugun agiriak, abisuak edo oharrak jasotzen dituzten edo gaztelaniazkoen tratu eta arreta bera eskaintzen dieten».

Izan ere, eskubide urraketak «eremu guztietan» gertatzen direla gaineratu zuen Gaubekak, «baita hizkuntza eskubideak gehien bermatzen diren eremuetan ere». Arazoaren muina Euskararen Legean bertan dagoela uste du Behatokiko zuzendariak, «Nafarroaren zatikatzea» eragin duelako: «Eremu euskalduneko herritarrek, ustez, legez bermatuta izan beharko lituzkete beren hizkuntza eskubideak, baina jasotzen dituzten zerbitzu gehienak Iruñean daude, eremu mistoan, eta araudia ezberdina da. Argi uzten du horrek disfuntzio bat dagoela, eta hori konpondu beharra dago lehenbailehen».

Behatokiko kidearen esanetan, egungo araudia «ez da nahikoa» euskara erabili nahi duten herritarren eskubideak bermatzeko. Hori dela eta, bi eskari egin dizkiote Nafarroako Gobernuari: «Batetik, berma dezala egoitza elektronikoko tramiteak zein bestelako jarduerak euskaraz egin ahal izango direla; eta bestetik, herritarrekiko zerbitzu guztietan euskarazko zerbitzua berdintasunean bermatzeko langile elebidunak ezar ditzala».

Gaubekak parlamentariei gogorarazi zien bi baldintzak beharrezkoak direla euskarazko arreta bermatze aldera: «Talde parlamentario guztiek onartu dute errealitatea zein den, eta hori bada urrats bat. Baina batzuek ez dute horretan bereizkeria edo eskubide urraketa handirik sumatzen, edo uste dute egungo lege esparrua nahikoa dela eskubide horiek bermatzeko». Behatokiko zuzendariaren ustez, baina, ezinbestekoa da arauak aldatzea eta administrazioa euskalduntzea: «Arreta euskaraz bermatzeko eta aplikazio nahiz baliabide telematikoak euskaraz eskaini ahal izateko, behar-beharrezkoa da baliabide horiek martxan jarriko dituzten langile elebidunak kontratatzea».

Hori dela eta, «hitzetatik ekintzetara pasatzeko» galdegin zieten Nafarroako Gobernuari eusten dioten talde politikoei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Proiektua eta kablea, biak doaz ezkutuan

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Gatika eta Frantziako Cubnezais arteko itsaspeko goi tentsioko argindar kableak aurki jasoko ditu baimenak. Haren aurkako mugimendua sortu da Mungialdean, eragingo dituen kalteak eta ordezkatzen duen eredua salatzeko.

Euskaltzaleen Topaguneko kideak, Hendaian. ©

Amonarriz: «Guretzat, aurtengo biltzarra historikoa izan da»

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Artetxea, Biltxoko, Mintza Lasai, Ote Lore eta Zabalik elkarteak Topaguneko bazkide egin dira. Euskara elkarteen saretzea eta erabilera bultzatzea azpimarratu dute helburu gisa.

Nafarroako zahar etxeetako langileak, atzo, Iruñean, protestan. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Egoitzen kudeaketa salatu dute langileek eta senideek

Edurne Begiristain

Nafarroan greba egin dute ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk deituta, lan ituna lortzeko. Gasteizen, Babestu Arabak zaintza eredu berri bat eskatu du

Iraitz Lazkano erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkariak atzean dituela, atzo, Seguran. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Euskara aireratu dute Seguran

Irati Urdalleta Lete

Uemak antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna egin dute Seguran. Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok udalerri euskaldun guztiak Uemaren parte izatera animatu ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...