SOSLAIA. Josu Etxaburu

Plazara ohitutako irakaslea

ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Irakaskuntza publikoan zaildutakoa da Josu Etxaburu Osa (Ondarroa, Bizkaia, 1961). Irakasle ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean, euskal filologiakoak Deustuko Unibertsitatean eta, unibertsitate horretan, euskal kulturari buruzko graduondokoa egin zuen ondoren. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza irakaskuntzan, eta horietatik hogei eman ditu Elorrioko institutuan (Bizkaia), euskara eta teknologia eskolak ematen eta, hamasei urtez, zuzendari karguan. Ikasturte honetan, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan dihardu.

Hizlari trebea da, eta ez zaio arrotza publikoki hitz egitea; bere lan jardunaren esparruan, BIHE Institutu Publikoen Zuzendari Elkarteko presidentea izan da hamabost urtez; eta erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika herritarraren arloan, agertu izan da jendaurrean hizketan. Gure Esku Dago-k berak atzo nabarmendu zuenez, 2013an dinamika sortu zenetik da kide Etxaburu, eta urteak daramatza zuzendaritzan.

Besteak beste, iazko otsailean mintzatu zen publikoki erabakitzeko eskubideaz, GEDek antolatutako mahai-inguru ziklo baten barruan. Bi alorrak uztartu zituen hitzaldi hartan: «Hezkuntza hain da garrantzitsua, bakarrik politikarien esku uztea akatsa izango bailitzateke. Herri batek ezin du orain arteko ordezkaritza moduekin jokatu; herritarrek zeresana izan behar dute zuzenean. Nahi dut gizartearekin lotuta dagoen hezkuntza bat, baina, aldi berean, gizartea eraldatuko duen hezkuntza sistema bat». «Denontzako izango den eskola publikoa sortzeko» nahi du Etxaburuk erabakitzeko ahalmena: «Ez dut nahi beste batzuek nire ordez erabakitzerik; ez hangoek, ez hemengoek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.