Ekialde Hurbileko lurrikarak

Ekialde Hurbileko lurrikaretatik hilabetera, 50.000 lagun dira hildakoak

Turkian eremu hondatuak berreraikitzeko lanek 32,5 bilioi euroko kostua izango dute. Sirian, GKEek salatu dute laguntza humanitarioa ez dela erabat iritsi biktimengana

Gizon bat bere emaztearen eta seme-alaben hilobietan, herenegun, Kahramanmarasen (Turkia). S. S. / EFE.
ander perez zala
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Turkia, Siria eta Kurdistan astindu zituzten bi lurrikaretatik hilabetera, agintariek gutxienez 50.000 hildako zenbatu dituzte —horietako 45.968 Turkian—, eta 108.000 zauritu. Baliteke, baina, kopuru horiek oraindik ere gora egitea, pertsona asko eta asko senideen bila ari baitira; eta, batez ere, identifikatzeko baitaude bizia galdu zuten milaka lagun.

Ikusi gehiago: Bi milioi pertsona etxerik gabe

Ekialde Hurbilean mende batean izandako «hondamendi naturalik okerrena» izan zen iragan otsailaren 6koa, OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Turkian, Richter eskalako 7,7 eta 7,8 graduko astinduek 1,5 milioi zibil utzi zituzten etxebizitzarik gabe —332 kanpalekutan bizi dira orain—, eta 214.000 eraikin erorita edo jausteko arriskuan daude —gehienak, Hatay eta Kahramanmaras probintzietan—.

Ezbehar horiek ondorio sozial, humanitario eta politiko sakonak eragin dituzte, agerian utzi baitute, besteak beste, eraikuntza enpresek ez zituztela segurtasun arauak errespetatu. Horrek sekulako haserrea eragin du herritarren artean, eta Recep Tayyip Erdogan herrialdeko estatuburuari begira jarri dira denak, parlamenturako eta presidentetzarako bozetarako bi hilabete inguru falta diren honetan —oraindik zehazteko dago nola emango duten botoa lurrikara gehien sufritu zuten eremuetan, larrialdi egoeran baitaude—, eta ezbeharretik bere onera itzultzeko prozesua hasi berri duten honetan. Kalteturiko probintzietan egindako bisitan, Erdoganek «barkamena» eskatu zuen, eta argudiatu zuen «ezinezkoa» zela halako ezbehar bati aurre egiteko prest egotea.

Orain, arreta berreraikitze lanetan dago jarria, eta ez da erraza izango. Turkiaren eta Kurdistanen, esaterako, Munduko Bankuak kalkulatu du 32,5 bilioi euroko kostua izango duela zaharberritze prozesuak, eta hori egoera zailean gertatuko da, Turkia jada krisi ekonomiko sakon batean murgilduta baitzegoen lurrikarak gertatu zirenean.

Egun, herrialde horretako inflazioa %55ean dago, eta ekonomialariek argudiatu dute kopuru hori are gehiago igoko dela datozen hilabeteetan, produktu eta zerbitzuen eskaria handitu egingo baita.

Sirian, okerrago

Siria ipar-mendebaldean, lurrikarek are gehiago okertu dute hamar urteotako gerrak ekarri duen egoera latza, muturreko islamistak eta Siriako armada oraindik ere borrokan ari diren eremuetan pairatzen ari baitira kalterik handienak —Idlib eta Alepo probintzietan—. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 8,8 milioi laguni eragin diete duela hilabeteko astinduek, eta 5,3 milioi pertsonak behar dute laguntza humanitarioa. Damaskok, berriz, esana du gutxienez 5.700 lagun hil direla lurrikaren ondorioz.

Egoera horretan, nazioarteko mugak itxita daude, eta horrek zaildu egin du laguntza Idlib eta Alepo probintzietara iristea, batez ere lurrikarak gertatu eta lehen egunetan. GKE gobernuz kanpoko erakundeek esan dute azken asteetan baietz, laguntza hori sartu dela Idliben, baina ez dela iristen ari gehien behar duten zibilengana.

Afera horren inguruan, Save The Children GKEak atzo azaldu zuen, ohar baten bidez, biktima asko larri dabiltzala elikagaiak lortzeko; esan zuenez, hornidura arazoak daude, eta asko garestitu dira elikagaiak. «Kalte handia pairaturiko Siriako iparraldeko hainbat barrutitan, azoketan elikagai gutxi edo bat ere ez dago. Ez dago astirik galtzeko: hil edo bizikoa da Siriako familiei laguntzea», ohartarazi zuen GKEak oharrean.

AI Amnesty Internationalek, berriz, salatu zuen Siriako Gobernuak eta muturreko islamistek laguntza humanitarioz beteriko ehun kamioi baino gehiago blokeatu dituztela. Hortaz, AIren arabera, horiek ezin izan dira sartu, batetik, Alepo hiriaren inguruko eremu batzuetara —kurduak gehiengo direnetara—; eta, bestetik, Afrinera

Politikoki, lurrikaren eragina bestelakoa izan da Baxar al-Assad Siriako presidentearentzat, Erdoganekin konparatuta. Nazioarteko aliatuen laguntza jasotzeaz gain, Al-Assadek harremanak handitu ditu eskualdeko beste herrialde batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.