urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bost urte yezidien genozidiotik

2019ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Bost urte bete dira egunotan genozidio yezidia hasi zela. 2014ko udan izan zen, abuztu hasieran Estatu Islamiko izeneko taldeko jihadistek Sinjar mendia harrapatu, gizonezkoak hil eta emakumezkoak eta umeak bahitu zituztenean, esklabo egiteko. Mosul eta Siriako azoketan neska yezidien enkanteak egin zituzten. Estatu Islamikoarenak egin zuen, lurralde guztia galdu zuten, baina ia 3.000 yezidi desagertuta daude oraindik, duela bi aste Nadia Murad Bakearen Nobel saridun yezidiak Donald Trumpi Etxe Zurian gogorarazi bezala.

Mundu osoko kontzientzia piztu zuen hark, eta segidan etorri zen Kobane hiriaren setioak eta gerrillari kurduen defentsak lilura iraultzailea ekarri zuten. Gurera ere, urteetan Kurdistango gaiak lantzen dozena bat lagun ibili ostean, elkartasun olatu txiki baina garrantzitsua etorri zen—paradoxikoa da Ekialde Hurbilean miresten ditugun neska ausarten aldean, gure artean bizi diren kultura musulmaneko lagunengan zelan jartzen dugun beti arreta pertsona kontserbadoreenen eskubideetan, buruzapia eramatearen auzian, umeak eskolan besteen pare ikasi eta jolastu diren beharrari heldu beharrean, eta musulman ezkertiar, antiklerikal eta feministei entzun ordez—.

Lapurdin mugimendu pixka bat, Bilboaldean ere bai, Donostian, Iruñean... apal eta talde txikiak dira, baina geroz eta ekimen gehiago egiten dira Kurdistanen alde. Ezin ahaztu duela bost urte, yezidien genozidioa gertatzen ari zela, ehunka euskaldun herriz herri ari zela protestatzen Israel Gaza bonbardatzen ari zelako. Salagarria zalantzarik gabe, baina hain zen mingarria protesta jendetsu haiei begiratzea eta Sinjar mendiko hondamendiari inork jaramonik egiten ez ziola ikustea.

Hura gertatu zenerako, bi urteko esperientzia autonomoa zeukaten Rojavan, Siriaren menpeko Kurdistan mendebaldean. Baxar al-Assadek armada herrialdearen mendebaldean eta hirietan kontzentratu zuen, eta botere hutsune horretan milizia kurduek beren herriaren defentsaren eta gobernuaren ardura hartu zuten. Autogestio eredu sinesgaitza da, herri, hizkuntza eta sinesmenen arteko harmoniazko bizikidetza lezioa, eta emakumearen ahalduntze ariketa bikainena Ekialde Hurbilean.

Ataka ez da sekula erraza izan, eta orain ere ez da. Sinjarreko herriak duela hiru urte askatu zituzten gerrillari kurduek, baina oso gutxi dira hara itzuli diren yezidiak, besteak beste ez delako ezer egin herriak berreraikitzeko: Irakeko Kurdistaneko agintariek mesfidati gobernatu izan zuten beti, haien pexmergek ihesari eman zioten 2014an jihadistak iritsi zirenean, eta PKKn trebatutako eta Sirian eta Rojavan borrokatu ziren gerrillari haiei esker askatu zituzten mendianegarriz hiltzear zirenak. Barzani klanak mehatxu gisa ikusi du Siriako esperientzia, hegoaldeko kurdu asko ere gogaituta baitaude ustelkeriaz. 2017ko erreferendumaren osteko oldarraldian galdu zuen Arbilek eskualdearen kontrola, baina Bagdadek ere ezer gutxi egin du berreraikitzeko.

Oraindik astero-astero iristen dira jihadisten eskuetatik ihes egin duten ume zein emakumeen albisteak. Alemania izan da sexu esklabo bihurtutako emakume horien alde gehien egin duena, bisak emateaz gain trauma izugarri hori artatzeko programak landuta.

Gurean ere asko igo da kurduekiko arreta, artikuluak, liburuak, elkartasun taldeak eta egitasmoak. Durango Kobanerekin senidetuta dago. Garabidek hizkuntza lankidetza egiten du kurduekin. Arabieraz edo espainolez egiten duten beste errealitate batzuen ondoan, kurduekin hizkuntza gutxituaren konplizitatea pizten da berehala.

Genozidio yezidiak bost urte egin ditu, Estatu Islamikoak ez dauka lurralderik, baina paradoxikoki, islamismo sunitak eta xiitak ezertan bat egiten dutenetan, Ankarak eta Teheranek esaterako, kurduak bonbardatzeko izaten da. Qandil mendietan, Maxmurreko iheslari gunean, Afrinen edo Rojavako mugaldean, Turkiaren mehatxua beti dago ahal duen lekuan jotzeko prest. Eta euskaldunon elkartasuna hor ere beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.