urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Efemerideak, kartografiak, memoria

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Mundura begiratzeko tarte honetan salbuespena egin nuen martxoaren 15ean. Barrura begiratzeko unea zen etxeratzea agindu ziguten hura, eta kasualitatez alaba zifra bateko adinetik bikora iristeak aitzakia polita zirudien. Gure herrian libre ibiltzea berreskuratu dugun honetan, utziko didazue aitzakia berari heltzea urruneko lekuez ez baina gure bazterrez gozatzeko, zifra biko adinetik hirukora iritsi den pertsona batekin.

Herenegun ziren ehun urte Xalbador bertsolari handia jaio zela, 1920ko ekainaren 19aren mendeurrena, hain zuzen ere. Biharamunean, Urepeletik berrehun kilometro baino gehiagora, Florentina Olabarria Urrutikoetxea jaio zen. Atzo ospatu genuen amama Florenen mendeurrena. Gure zorionerako, Urepeleko artzaina ez bezala, Zolloko dama gugaz zen ospatzen. Laudio eta Bilbo artean, herri euskaldunetan mendebalderen dagoena da Zollo, ziur aski, Nerbioiren ezkerretara dagoen bakarra.

Gazterik hasi zen amama lanean, Hego-Uribeko kartografia atoan aipatuko dizu orduko lekuak gogoan: Orozko, Zeberio, Kallea (Ugao), Arrigorriaga; azkenean, neskame sartu zen Bilbon, Boluetatik, hiriburuak bereganatu berri zuen Begoñako errepublikatik. Arbolantxako baserri eta txakolindegietan bizi-bizirik zegoen euskara. Ez da asko abuztuko Justugunez tabernetako bertsolarien kontuak kontatu dizkigutela, «ez oingoak langoak, e, haik tragoa atara eta bizkor kantekotsuen adarra joteko».

Espainiera ere indartsu zebilen euskararen lurralde mugakide hori bereganatzen, eta are bizkorrago egin zuen handik aurrera. «Bilbao, ya es España» zioen El Correo-k amamak 17 urte bete zituen egunean. Eguna euskarazko egunkariak astebete zeraman isilik —El Correo-k berak ostu zion errotatiba, egungo panorama mediatikoa ezin uler daiteke hamarkada askotako hegemonia ahaztuta—; mende erdi baino gehiago pasatu zen euskarazko egunkaririk berriz irakurri arte.

Kontatu digu amamak Sopuertara joan zela ihesi neskame zegoen etxekoekin, gonapean ezkutatu behar izan zuela ikurrina, eta Bilbon ezkutatuta bizi zen senargaiari eroaten zizkiola erbestetik neska lagunak bidalitako gutunak. Etxean gordetako pistola bat eta Sabino Aranaren figura bat ere sartu ditu berbetan eta Boluetako aterpean bizi izandako bonbardaketa eta amaiera adierazten zuen sirena entzun aurretik irten eta bonbapean hil zen gaztea. Epikatik gutxi du berbak, eta gosetik asko: soldaduen atzetik ogi-koskorren eske.

Mendebaldeko kartografia da amamaren berbeta. Uribealde guztian oso ohikoa da Urrutikoetxea izena, Bizkaiko kostatik Arabako Aiaraldera. Gero, gure herriaren historiak ekialderaino eroan du izena, Lapurditik Zuberoaraino, mende batean gure herrian bizi izandako migrazioen, gerren eta erbesteen ondorioz. Mendebaldetik ekialderaino, baita Parisko ziegetaraino ere, herri honen bakegintzan egindako lanari beti mendeku gosez baino erantzuten ez dutenen aldetik.

Asko eta lar aipatu ditugu herenegungo Cobarongo ekitaldia, gure kostaldean onartuko ez genituen urbanizazioetara bidea zabaltzeko. Egia esan, maite dut gure herriaren mendebaldea, gustura nabil euskal baserria etxalde montañesarekin nahasten den herrietan. Hibridazio naturala bai, baina kontzientzia nazionala ere bai: Enkarterritik begira oso urrunak dirudite Baxenabarreko etxe zuri eta teila gorriek, baina ezin ahaztu Lanestosan Agirre lehendakariaren kalea zegoen artean Franco, Jose Antonio, Mola eta antzeko bidez josita zegoela aldameneko Ramales herri kantabriarra oso berriki arte.

Karrantza baino lehen Turtziozera hartuta, Agirre lehendakariaren manifestua gogorarazten duen oroitarria dago: «Euskal tropekin Euzkadiren mugara iritsi naiz (...) Euzkaditik irten aurretik, bere izenean egiten dut protesta munduaren aurrean, XX. mende bete-betean, euskaldunoi kendu egin digute aberria; haren eskubidea dugu gurea delako eta izugarri maite dugulako. Espainiako faxismoak indar mertzenarioak, atzerrikoak eta Alemania eta Italiako gerra elementuak behar izan ditu. (...) Lurraldea menperatuko zuten. Euskal Herriaren arima ez, inoiz ez (...) Berriz gureganatutako dugu gurasoen lurra eta berriz ezarriko ditugu irÞaindutako hizkuntza, laidoztatutako legea, ostutako askatasuna».

Schengen eremua zabaldu da asteon, astelehenean zati handiena eta Pirinioen hegoaldetik gaurtik. Afrikako mugatik eremu artikoraino joan liteke berriz ere, pandemiak zuhur ibiltzera behartu arren. Udako solstizioa eta San Joan suak dominaziorik basatienaren abiapuntu izan ziren duela 83 urte. Bilboko euskaldunek leku gutxitan ez bezala jasan zuten errepresioa eta hizkuntzaren umiliazioa eta debekua. Aurtengo udaberria ere barrura begira joan zaigu, eta herritarren osasuna zaindu behar zuten agintariek gure hizkuntzari ere ezarri diote itxialdia, kausa garrantzitsuagoez arduratzen zirelakoan. Pandemia ez da amaitu, baina libre gara mugitzeko Zollotik Lexantzüraino, hego-ipar, sartalde-sortalde. Eta Pariseraino, baina izan dadila erbestea amaitzeko eta azken ziega atzean uzteko. Josuk etxean behar du. Zorionak, amama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.