Albistea entzun

Ideia jasa, euskal kultura ikusgai egiteko

Nafarroan euskal kulturak dituen erronkak aztergai izan dituzte 'Hari izpia hartzen II' jardunaldian. Erreferenteak, bizipenak eta eremu digitala aipatu dituzte, besteak beste.
Parte hartzaileak, Atarrabiako kultur etxean, gogoeta gidatuko ariketa egiten, atzo.
Parte hartzaileak, Atarrabiako kultur etxean, gogoeta gidatuko ariketa egiten, atzo. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olaia L. Garaialde -

2021eko maiatzak 29 - Atarrabia

Zer egingo dugu... Euskal kultura Nafarroan eskuragarri izateko? Erreferenteak sortzeko? Eremu digitalean euskara ikusgai egoteko? Curriculumean txertatzeko? Erdaldunei kulturaren berri emateko? Besterik egin behar dugu?»: horiek izan ziren Hari izpia hartzen II jardunaldiko gogoeta gidatuan eztabaidatu zituzten gai nagusiak. 50 lagun inguruk hartu zuten parte, Jon Abril Elhuyarreko kideak gidatutako Euskal kulturaren ikusgarritasuna eta prestigioa izeneko gogoeta saioan, atzo.

Atarrabiako kultur etxean egin zuten jardunaldia. Oskia Ugarte Uharteko Arte Garaikideko Zetroko koordinatzaileak ekin zion saioari, Sormena, kultura prestigiatzeko bidea hitzaldiarekin. Gero, Iratxe Retolaza EHUko irakasleak hartu zuen lekukoa, Euskal kulturak hezkuntza arautua zeharka dezan hitzaldiarekin. Ondoren, parte hartzaileek 30 minutuz atseden hartu zuten, eta gogoeta gidatuari txanda eman zioten.

Ordua iristear zenean, gogoetarako gelak zabalik, isilik eta hutsik zeuden. Koloreka sailkatu zituzten partaideak. Apur bat galduta, zegozkien taldeetan banatu ziren, isilik zeuden gelak betez. Abrilek hasieran aipatutako galderak erantzun behar zituzten, eta galdera bakoitzeko ekintza zehatz bat pentsatu. Hamar minutu zituzten banaka ekintzak pentsatzeko. Gogoetarako, begiradak sabaira bideratzeko, boligrafoekin kolpeak emateko eta urduritasun keinuak egiteko erabili zuten talde horiko kideek isiltasun tartea.

Horren ostean, 40 minutuko tartea izan zuten denen artean ekintzak proposatzeko. Kide batek proposatu zuen guneak edo topaguneak eratzea euskal kultura Nafarroan eskuragarri izateko eta kultura eta bizipenak sortzeko. Horrek beste eztabaida batera eraman zituen: adibidez, gune erdaldunak okupatzeaz mintzatu ziren. Jarraian, erreferenteak sortzeko, hezkuntzan txertatzeko, eta bizipen eta esperientzietarako, sortzaileekin lankidetza sustatzea proposatu zuen beste kide batek. Tarteka isiltasuna nabari zen; batzuek besteei begiratzen zieten, nork hitz egingo zuen esperoan. Eremu digitalari begira, saretze digital estrategikoa sortzeaz hitz egin zuten.

Mundu erdalduna

Eztabaidaren atal nagusi bat izan zen mundu erdalduna. Euskal kulturazale erdaldunez eta kulturazale ez direnez hitz egin zuen taldeko kide batek. Beste batek esan zuen militantziaren arabera ere sailkatu behar direla: «Badaude erdaldunak euskararen alde militatzen dutenak». Mundu horretara hurbiltzeko, beste kide batek zubi saioak sortzea proposatu zuen. Berak emandako hitzaldi feminista batzuk jarri zituen adibidetzat: «Bertan, bi hizlari geunden; batek erdaraz hitz egiten zuen, eta nik euskaraz. Entzule batzuk euskaldunak ziren, eta beste batzuk erdaldunak. Halere, denek dena itzulita jaso zuten».

Eztabaida amaitzeko, bi ekintza aukeratu behar zituzten, jarraian taldeko bozeramaileak gainerakoen aurrean azaltzeko. Hortxe, berriz ere, isiltasuna, inork ez zuelako bozeramailea izan nahi. Hasieratik erabaki zuten zubi saioak garrantzitsuak zirela; hain zuzen ere, ondorioztatu zuten kulturen arteko zubi estrategiak lantzea dela mundu erdaldunekin kultur elkarrizketak sortzeko gakoetako bat. Bigarren ekintzaren aukeraketa zailagoa izan zen. Azkenean, sortzaileekin lankidetza sustatzea eta elkarlan hori kultur diziplina desberdinetara —dantza, antzerkia eta musika, besteak beste— zabaltzea erabaki zuten.

Behin adostuta, talde guztiak batu, eta proposamenak plazaratu zituzten. Ideia asko aipatu zituzten: esate baterako, bi taldek proposatu zuten sare sozialetan erreferenteak sortzea gazteak euskarara hurbiltzeko. Horrez gain, bi taldetan ere, kultur agenda bateratuak sortzea eta kultur afektibitateko jarduerak egitea proposatu zuten: adibidez, udalekuak.

Horren ostean, Abrilek proposamen sortari amaiera eman, eta Oihana Iguaran eta Eli Pagola bertsolariei pasatu zien lekukoa. Bertsolaritza berritzea, publiko berrietara iristeko bidea hitzaldiari ekin zieten haiek. Segundo batez isiltasunak hartu zuen berriz gunea, bertsolaritzaren hari izpiei paso emateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Metallica taldeak atzo iluntzean Bilbon emandako kontzertuaren irudia. ©Miguel Toña, EFE

Metalararen dardara bizia Bilbon

Berria

Zalantza egunen ondotik, Metallicak kontzertua eman du bart San Mamesen, 45.000 lagun aurrean. Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, eta The Hellacopters ere aritu dira.

Bisitari bat Donostiako Ekain galerian, Amable Ariasen zenbait lanekin irekitako erakusketan. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Nekez zeharkatzen diren ateak

Itziar Ugarte Irizar

Ahotik ahora dabil esaldia galeristen artean: «Garai zailak dira». Ez da berria sektorearen apaltzea, arte salmentaren urritzea, baina azken bi urteetako giro nahasiak eta arteak gizartean izan duen lekualdatzeak formula berriak lantzera behartu ditu sektoreko askotariko profesionalak.

Ikusten?

Ikusten?

Arantxa Iturbe

Gaur hasten da BERRIAren aurtengo udako narrazio artikulu sorta. Arantxa Iturbe da lehen egilea.

James Hetfield abeslaria eta Kirk Hammett gitarrista, ekainaren 16an, Danimarkan. ©TORBEN CHRISTENSEN / EFE

Zalantza egunen ondotik, San Mamesen izango da gaur Metallica

Itziar Ugarte Irizar

Niña Coyote eta Chico Tornado, Nothing But Thieves, The Hellacopters eta Weezer ere ariko dira. 45.000 zalerentzako tokia dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.