Koronabirusa

Jaurlaritzak ez du beharrezko ikusten

«Transmisio handia» dagoela aitortu du, baina ez du itxierarik egingo. Baheketak egingo dituzte Ordizian eta Durangon

Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Azken egunetako datuak kezkatzeko modukoak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Atzokoak dira horren seinale: 657 positibo atzeman zituen Osakidetzak. Itxuraz bezperakoak baino datu hobeak izan arren —743 lagunek eman zuten positibo—, positibo tasak gora egin du: %6,1etik %8,4ra. Azken eguneko kasurik gehienak Bizkaian atzeman badituzte ere —313 kasu; Gipuzkoan, 275; eta Araban, 59—, birusak Gipuzkoan du intzidentziarik handiena. Lurralde horretako 5.000 biztanletik gorako hamalau herritan izan dituzte 100.000 biztanleko 500 kutsatu baino gehiago azken hamalau egunetan. Hori dela eta, Osasun Sailak gorriz markatuta ditu herri hauek: Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Zumaia eta Zumarraga. Bizkaian, antzeko egoeran daude Abadiño, Durango, Elorrio eta Ermua. Araban ez dago muga hori gainditzen duen herririk. Osakidetzak 6.177 kasu aktibo dauzka, eta 13.273 pertsonari jarraipena egiten ari da.

Positiboek isla dute ospitaleetako egoeran ere. Igandean beste 33 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten Osakidetzaren zentroetan, eta 300 lagun daude koronabirusak jota ospitaleetan—bezperan baino hamabost gehiago—. Azken asteetako daturik txarrena da ospitaleetakoa. Horietako 55 ZIUetan dituzte, kopururik handiena urriaren 5etik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere aitortu du birusaren «transmisio handia» dagoela. Halere, intzidentziarik handiena duten herriak ixtea ez dute buruan, Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak atzo adierazi zuenez. Haren hitzetan, oraindik ikusteko dago horrelako neurriek funtzionatzen ote duten, baina neurri gehiago hartu behar badira, hala egingo dute. Erantsi zuen udan garai batzuetan egon direla 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago, baina ez dutela herririk itxi behar izan: «Aztarnarien sistemak kasuak aurkitu ditu, eta kontaktuak bakartu. Egoerari buelta eman zaio». Herritarrak guztiz konfinatzea ere ez dago Jaurlaritzaren epe motzeko planetan. Orain arteko neurriak betetzeko eskatu du Garitanok: «Oso garrantzitsua da leku publikoetan eta pribatuetan mugikortasuna eta pertsonak biltzea dakarten ekintza sozialak saihestea».

Herriak itxi ez, baina bestelako neurri batzuk hartuko dituzte kasu ugari dituzten herrietan. Zehazki, baheketa selektiboak egingo dituzte Ordizian (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia). 13 eta 40 urte arteko herritarrei eskatuko diete proba egiteko, intzidentziarik handiena adin tarte horretan baitago, Garitanoren hitzetan.

Udal batzuk euren kasa ari dira neurri gehigarriak hartzen. Urnietakoak (Gipuzkoa), adibidez, udal egoitza gehienak itxiko ditu: tasarik handieneko herrien multzoan dago, eta asteburuan beste hamasei positibo izan dira.

%1 inguruk positibo

Azken asteetan egindako baheketen emaitzak ere jakinarazi ditu Osasun Sailak. Azpeitian (Gipuzkoa) egindakotik 2.297 emaitza jaso dituzte, eta 32 lagunek eman dute positibo; hau da, %1,4k. Gasteizko Sansomendi auzoan, 2.497 proba egin dituzte, eta 28 positibo egon dira; hau da, %1,1. Azkenik, Azkoitian (Gipuzkoa), 3.077 proba egin zituzten, eta 35ek eman zuten positibo; hau da, %1,1ek. Kazetariek galdetu arren, Garitanok ez du azaldu zer emaitza izan dituzten Beasaingo Txindoki institutuan eta Irungo Txingudi ikastetxean (Gipuzkoa) egindako PCR probetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.