arantxa iraola
Koronabirusa. ANALISIA

Aldian aldiko lezioen herrena

2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun

Gizarteari zuzenduriko prebentzio irizpideak berritu egin ditu Labik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemiaren kontrolerako neurriak ebazten dituen aholku batzordeak. Hilabeteotako agenda informatiboan deialdi aski garrantzitsuak bihurtu dira batzorde horren bilerak —bai eta prebentzio neurriak ebazten dituzten gainerako erakundeenak ere—; adi-adi erreparatzen zaie, eta ozen adierazten dira haietan ezarritako mugen ezaugarriak. Aldian-aldian ikasi beharreko lezio berriak izaten dira. Ulertzekoa da. Izan ere, horien arabera jakiten dute herritarrek, adibidez, probintzia batetik bestera joan daitezkeen, tabernetan zer ordu arte gera daitezkeen, iluntzeetan kalean ibiltzeko baimena noiz amaitzen zaien, kirola nola egin dezaketen, edota etxeko haur eta gaztetxoen eskolaz kanpoko jarduerak zer-nola goberna ditzaketen. Horiek horrela, zenbat goiburu ez ote ziren idatzi hilabeteotan gai horien inguruan! Zenbat albistegi ez ote diren ireki! Iraunkorra izan da, gainera, egin behar izan den ahalegina, etenik gabea. Izan ere, neurriak ez dira irmoak; egoera epidemiologikoaren arabera eta gizarte konbentzioen arabera aldatzera jo da —argi ikusi da Eguberrietan—, eta usu ez da erraza izan neurrien azken eguneratzeez ondo jabetuta egotea.

 

Aldian behin ikasi behar diren lezio horiek hartzen duten berebiziko tokia aintzat hartuta, ordea, zalantza ere sortzen da; ez ote duten tapatzen arazoaren benetako muina. The Lancet aldizkarian bat egin dute Europa osoko hainbat zientzialarik: artikulu bat argitaratu dute, eta, beste hainbat neurriren artean, zera eskatu diete agintariei, jardun «koordinatua» sustatzeko, kasuen jaitsiera iraunkorra bilatzeko, eta «epe luzeko ikuspegia izateko». Alde horretatik, unean unean hartu behar diren erabakiez harago, horiek behar adina hauspotzea ulergarria eta beharrezkoa dela onartuta ere, nahitaezkoa da gogora ekartzea zein den izurriaren benetako dimentsioa; tabernak zer ordutan itxiko diren behin eta berriz oroitaraztea baino askoz inportanteagoa.

Udan argi eta garbi ikusi zen, adibidez, itxialdi estuaren ondoren, ezarritako mugak irekitzen hasi ahala, gizartean barneratzeko zeudela birusaren transmisioaren inguruko hainbat kontzeptu. Eta erakundeetako buruzagiek ere horien gaineko ezagutza urria erakutsi zuten; «normaltasun berriaren» inguruan egin zituzten adierazpen hutsalek, eta horretan oinarrituta hartu zituzten erabakiek, argi utzi zuten ezagutza eskas bat. Edota ezagutza izanda ere beste aldera begiratu nahiago izan zutela argi utzi zuten. Argi ikusi da berriz Eguberriotan; hainbat neurri arintzea onetsi da, jakinda ere horrek kasuen gorakada bat ekar dezakeela, egoera larriagotzea. Eta argi ohartarazi dute The Lancet-en bat egin duten ikertzaileek ikuspegi horrek duen arriskuaz: «Ezinbestekoa da kasuen murrizketaren abantailak komunikatzen jakitea. Neurrion arrakasta herritarren laguntzaren eta inplikazioaren araberakoa da, eta abantaila sozial eta ekonomikoen komunikazio egoki batek herritarren laguntza erraztuko du».

Gizarte konbentzioen arabera neurriak aldatzen eta moldatzen joateak ez du batere laguntzen komunikazio horretan. Eguberrietan familiarekin elkartzekotan zebiltzan gizon-emakumez bete ziren orain dela aste bi hedabideetako kronikak; topaketa horietan kutsatu direla uste duten horien lekukotasunak bihurtu dira orain albisteak espektakulu bihurtzeko bazka. Gakoa litzateke behin eta berriz ohartaraztea, ordea, birusarentzat ez dela muga geografikorik, eta denboraren joana zedarritzeko gizakiok asmaturiko konbentzioek ere ez dutela geratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.