Euskara. Murgiltze eredua Ipar Euskal Herrian. Peio Jorajuria. Seaskako lehendakaria

«Erabakia mende erdiko atzerapauso bat da»

Jorajuriak uste du Seaskak Hezkuntza Ministerioarekin duen itunak aitzina segituko duela, oraingoz. Halere, aitortu du «mehatxu» bat gehiago izanen dela.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Seaskako lehendakaria da Peio Jorajuria (1979, Donibane Lohizune, Lapurdi). Kontseilu Konstituzionalak hartutako erabakia «anakronikotzat» jo du, eta segurtatu du Seaskak bere eredua defendatzen segituko duela.

Atzo izan zenuten Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren berri. Zer diozue?

Harrituak gara: erabakiaz eta prozeduraz. Erabaki horretara iristeko, jukutria guziak baliatu behar izan dituzte. Kontseilu Konstituzionalak dio murgiltze eredua konstituzioaren kontrakoa dela, irakaskuntzaren lehen hizkuntza ez baita euskara izaten ahal, frantsesa baizik. Guk ez dugu hori egiten, eta ez dugu hori eginen. Molac legearekin aukeraizango genuen egiten genuena sendotzeko, baina, ez denez aplikatuko, itzultzen gara orain arte ko egoerara. Kontseilu Konstituzionalaren hitzek ez dute aldatzen gaurko lege koadroa: esparru berean arituko gara, eta aitzina segituko dugu.

Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin duzuen ituna arriskuan ote da?

Norbaitek balia litzake Kontseilu Konstituzionalaren hitzak gure kontra egiteko, baina guk ez dugu atzerapausorik onartuko. Gure eredua beharrezkoa da. Iparraldean hiztun osoak sortu behar ditugu, eta murgiltzea beharrezkoa da horretarako. Kontseiluaren erabakia mende erdiko atzerapauso bat da. Anakronikoa da, eta arrunt deskonektatua Iparraldean egiten dugun lanetik. Parisko aparatu bakan horiek heldu dira horren kontra egitera: bakanak dira, baina boterean dira oraindik.

Eta hemendik aitzina, zer?

Hezkuntza Ministerioarekin dugun koadroaren barruan segituko dugu. Hezkuntza Ministerioak ez badu horrela segitu nahi, beste irtenbide batzuk atzeman beharko ditugu, baina ez dugu gure eredua aldatuko. Borroka politiko bat eraman beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.