Alokairuen garestitzeaz ohartarazi du Jaurlaritzak, eta neurriak iragarri ditu

Zergen bidez alokairua merkatzeko neurriak hartu nahi ditu Arriolak. Erreferentzia prezioak ezarriko dituzte, etxearen kokapenaren arabera

Herritar ugarik ezin diote aurre egin merkatu librean etxebizitzek duten prezioari. JON URBE / FOKU.
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Alokairuko etxebizitzen prezio igoerari aurre egiteko, «proposamen fiskal orokor eta oso bat» iragarri du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak. Kezkatuta azaldu da alokairu merkatuak egun duen egoeraz, eta adierazi du alokairuko etxebizitzentzako erreferentzia prezio batzuk finkatuko dituztela metro koadroko, etxearen kokapenaren eta ezaugarrien arabera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalekin elkarlanean egingo dute lan hori. Erreferentzia horri jarraitzen diotenek zerga hobariak izango lituzkete. Proposamena prest dagoenean, Zerga Koordinaziorako Organoari igorriko diote.

Bilbon egindako agerraldi batean egin zuen iragarpena atzo Arriolak. Haren esanetan, alokairuak garestitzeko arrazoi nagusia da etxebizitzen eskaria handitu den arren eskaintzak bere horretan jarraitzen duela; horrez gain, ohartarazi du «etxegintzaren burbuila posible bat» gertatzen ari dela.

Neurri fiskal horiez gain, beste hainbat ere aztertzen ari da Jaurlaritza; esaterako, alokairu kontratuak hiru urtetik bostera luzatzeko proposamena eman du aditzera, etxea alokagai duen eta bertan bizi diren pertsonen arteko harremanak «egonkortzeko eta ziurtasuna emateko».

Erosi ordez alokatu

Horrez gain, babes publikoko etxebizitzaz ere aritu da Arriola. Gogorarazi du 2015eko Etxebizitza Legearen eta 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planaren arabera, bi urte barru eskaintzen diren etxebizitza publiko guztiek alokairurako izan beharko dutela; azaldu duenez, azken urteotan aldaketa bat egon da eskaeretan, eta askoz gehiago dira etxebizitza alokatu nahi dutenak erosi nahi dutenak baino. 62.000 lagun daude izena emanda etxebizitza publiko bat lortzeko, eta gehienek, 52.000 baino gehiagok, alokairuzko etxea nahi dute. Gaineratu du talde horretan daudenen %84k urtean 3.000 eta 20.000 euro artean irabazten dutela, eta ezinezkoa zaiela merkatu librean etxeak erostea.

Etxebizitza librearen prezioari dagokionez, Arriolak adierazi zuen Jaurlaritzak ezin duela askorik egin merkatzeko. Haren esanetan, prezioan eragiteko duten modu bakarra da «etxebizitza babestu gehiago egotea».

Azkenik, 50 urte baino gehiagoko etxebizitzetan egin beharrezko derrigorrezko ikuskapenez aritu zen. Uztailean bukatzen da egiteko epea, eta Arriolak atzo ohartarazi zuten ikuskaritza egiten ez dutenek ez dutela eskubiderik izango Jaurlaritzak berrikuntza lanak egiteko ematen dituen diru laguntzak jasotzeko. Etxebizitzaren Gida Planarekin, bi urtean 1.119 milioi euro inbertitzea espero dute, adibidez, etxeak ordaintzeko diru laguntzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.