Iker Aranburu.
Gerra Ukrainan. Ondorio ekonomikoak. ANALISIA

Zigorrak guztientzat dira

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Ukrainan militarki esku hartuko ez dutenez, NATOko herrialdeek bi bide baizik ez dituzte Errusiari aurre egiteko: Ukrainako Gobernua armekin eta diruarekin laguntzea, eta Errusia ekonomikoki zigortzea. Jada indarrean jarri dituzte lehen zigorrak Europako Batasunak etaAEBek. Horien artean badira sinbolikotzat jo daitezkeenak, esaterako Vladimir Putinek haien lurraldeetan izan ditzakeen aberastasunak izoztea. Pentsatzekoa da Errusiako presidenteak ez duela bere izenean ondasunik kanpoan, nahiz eta baden susmoa haren inguruko oligarkek testaferro lana egiten diotela.

Sinbolikotik gutxi dute, berriz, beste zigorrek: kanpoko finantzaketa zailduko diete Errusiako bankuei eta enpresa publikoei; Errusiako banku nagusiak, Sberbankek, ezin du nazioarteko operazioetan lan egin, AEBek dolarretan zituen kontuak itxi dizkiolako; EBko eta AEBetako enpresek debekatua dute beren enpresei Errusiara armagintzan, energian eta aeronautikan teknologia eta osagaiak esportatzea.;

Errekamaran gorde dute beste neurri bat, «nuklearra», Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroaren hitzetan: Errusiako bankuak SWIFT nazioarteko eragiketak egiteko baliatzen den sistematik kanpo uztea. Horrek asko zailduko lituzke Errusiaren esportazioak eta inportazioak, produktu horiek ordaintzerik izango ez luketelako.

Hori da, hain zuzen, neurri hori ez hartzearen arrazoi nagusia: eragotz dezake Europak Errusiako gasa, petrolioa eta beste lehengaiak inportatzea. Eta ez dira gutxi: inbasioaren lehen egunean 700 milioi dolarren erosketak egin zizkion Mendebaldeak Errusiari. Fluxu hori eteteak Errusiaren diru iturri nagusia etengo luke, baina kolpe handia litzateke EBrentzat ere: errusiarra da kontsumitzen duen gasaren %40, petrolioaren %25, eta uranioaren, metalen eta gariaren portzentaje oso esanguratsu bat.

Nolanahi ere, orain badirudi botoi nuklear hori sakatzeko prest dela EB: Italiak eta Hungariak aukera hori baztertzeari utzi diote, eta Alemania da bidean dagoen bakarra.

Arazo horri izkin egiteko modu bakarra da petrolioa eta gasa beste leku batzuetan erostea. Zaila dirudi, nahiz eta egia den azken asteetan gas natural likidotua garraiatzen duten itsasontzi gehiago iritsi direla Europako portuetara AEBetatik, Qatarretik eta Australiatik. Bilbora ere iristen dira, likido hori berriro gas bihurtzeko planta bat baduelako. Baina Errusiak utziko lukeen hutsunea betetzeko gasontzi asko beharko lituzke, eta Europa ez da bakarra sari preziatu hori desiratzen.

Energia garestia

Gainera, inor ez dadila tronpatu: merkatuaren legeak dio produktu baten eskari handia dagoenean haren prezioak gora egiten duela. Hau da, halabeharrez ekarriko duela energiaren garestitzea, inflazioak gorago egingo duela, herritar ahulenei bereziki kalte eginez, eta agian beste krisi bat eraginez. Panorama arriskutsua baita herritar pobretuen botoak behar dituzten agintarientzat ere.

Bada azken orduetan aipatu den zigor bat: AEBek Errusiako Bankuaren erreserben erabilera trabatzea. SWIFTetik kanpo uztea baino gogorragoa, analista batzuen arabera. Erreserba horiek dira Putinek azken urteetan eraikitako defentsaren zutabeetako bat. Krimea bereganatu ondoren jasotako zigorrei aurre egiteko, Errusia Gotorlekua izeneko politika ezarri zuen, eta haren bidez neurriak hartu ditu Mendebaldeko inportazioen eta finantzaketaren menpekotasuna gutxitzeko. Politikoki ez ezik, ekonomikoki ere Asiara begira jarri da, Txinara bereziki. Gainera, gastu politika zuhurrarekin eta lehengaien prezio garestiarekin, esportazioetatik lortutako diruaren zati handi bat gorde du, eta horrekin elikatu ditu funts subirano bat eta kanpo erreserbak (630.000 milioi dolar). Neurri batean esan daiteke Mendebaldeak finantzatutako gerra dela Ukrainakoa.

Faktore horiekin guztiekin, pentsa daiteke luzerako joko duela gerra e konomikoak, eta Errusia eta errusiarrak gogor zigortuko dituela, baina baita beste europarrak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.