Ipar Korearekin elkartzeko eskaintza onartu du Donald Trumpek

Maiatz aldera biltzea proposatu dio Kim Jong-unek AEBetako presidenteari. Inoiz ez dira elkartu bi herrialde horietako liderrak

Chung Eui-yong Hego Koreako Gobernuko ordezkaria eta Donald Trump, herenegun, Etxe Zurian. CHEONG WAE DAE / EFE.
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Iragan hilabetean Hego Korean egin zituzten Neguko Olinpiar Jokoen harira Koreako penintsulan hasitako hurbiltze diplomatikoak goia jo du, Donald Trump AEBetako presidenteak herenegun arratsean egin zuen jakinarazpenarekin. Bere ohiko bidetik, Twitter bidez, adierazi zuen prest dagoela Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenarekin elkartzeko, haren eskaintza jaso ondoren Hego Koreako bitartekarien bidez. Kimen aitzinetik bi lider goren izan ditu Ipar Koreak, eta epe horretan hamabi presidente izan dituzte AEBek —hamahiru, Trumpekin—, eta ez dute inoiz halako bilera bat egin. 1953tik, Koreako Gerra bukatu zenetik, su-etenean daude bi herrialdeak, baina, ez dutenez inoiz bake hitzarmenik sinatu, gerran jarraitzen dute.

Chung Eui-yong Hego Koreako Segurtasun Nazionalerako Bulegoko burua izan da, lehenik, Kimekin eta, ondoren, Trumpekin elkartu den ordezkarietako bat. Haren arabera, maiatzean elkartzekotan gelditu dira bi liderrak. Nazioarteko agentziek Etxe Zuriko iturri anonimo bat aipatuta argitaratu dutenez, «bi hilabetera» egin lezakete bilera. «Kim Jong-un Hego Koreako ordezkariekin desnuklearizazioari buruz mintzatu da, ez geldialdi soil batez. Gainera, epe horretan Ipar Koreak ez du saiorik eginen misilekin. Aurrerapen handia egin da, baina zigorrek jarraituko dute akordio bat egin arte. Bilera bat prestatzen ari gara!», idatzi zuen Trumpek Twitterren.

Presidentea mintzatu eta ordu batzuetara egin zituen adierazpenak Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkariak, Kenyatik. Erran zuen «harritu» egin dituela Kimek erakutsi duen «jarrera argiak». Chung Hego Koreako ordezkariak Trumpekin Etxe Zurian elkartu ondoren azaldu zuen Kimek Piongiangen eskaini ziona: «desnuklearizatzeko konpromisoa», misilen probak etetea, eta AEBek eta Hego Koreak urtero egin ohi dituzten gerra maniobrak onartzea. Hain zuzen, Seulek Washingtoni eskatuta maniobra horiek aurten gibelatu egin zituzten Neguko Olinpiar Jokoengatik, hurbiltze diplomatikoa erraztuko zutelakoan, baina agendan mantendu zituzten. Ia urtero tentsio aldi handiak sortu ohi dituzte ariketa militar horiek, Ipar Koreak mehatxutzat hartzen baititu. AEBek 1953az geroztik presentzia militar zabala eduki du Hego Korean —30.000 soldadu inguru gaur egun—.

Erreakzio baikorrak

Duela hilabete batzuk Trumpek eta Kimek mehatxu larriak eta irainak egin zizkioten elkarri, baina jarrera aldaketa pozez hartu dute Koreako gatazkarekin zerikusia duten eragile gehienek. Pak Song-il Ipar Koreak NBE Nazio Batuen Erakundeak duen ordezkariak AEBei eskatu die «jarrera zintzoa eta serioa» izateko. Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak, berriz, erran du bi liderrak elkartzeko prest egotea «mugarri historiko bat» dela. Moon bera bilera bat egitekotan da Kimekin hurrengo hilabetean. Xi Jinping Txinako presidenteak «lehenbailehen» elkartzeko eskatu die Trumpi eta Kimi, eta Sergei Lavrov Errusiako presidenteak adierazi du «norabide onean emandako pausoa» izan dela. Japonia agertu da mesfidatien. Ipar Koreari «presioa» mantentzeko eskatu du Shinzo Abe lehen ministroak. Herrialdea bermilitarizatzeko konstituzioaren erreforma bat egin nahi du Abek, eta diskurtsoaren zati handi bat Ipar Korearen mehatxuan oinarritu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.