Ama-hizkuntzak: denon ondarea

Bakartxo Tejeria, Unai Hualde
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Joan deneko azken hogei urteotan, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Ama-Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzen du otsailaren 21ean,Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren barruko ekimen gisa.

Unescoren ustez, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna denon ondasuna da, babestu beharrekoa. Ama-hizkuntzek ikaskuntza- eta sozializazio-prozesu goiztiarrean duten garrantzia ulertzeari esker, lorpen esanguratsuak lortu dira hezkuntza eleaniztunaren arloan. Horregatik, erakunde honen ustez, lehen hizkuntzan (L1) edo ama-hizkuntzan oinarritutako hezkuntzak eskolatze-aldiaren lehen urteetatik hasi behar du, haurtzaroko lehen urteetako arreta eta hezkuntza oinarrizkoak baitira ikasketa gizarte-kohesiorako eta komunitate-integraziorako egokia izan dadin.

EBFI Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunak lortu nahi duen kultura- eta hizkuntza-aniztasuna babestea ezinbesteko baldintza da garapen jasangarrirako, eta kultura eta herri guztientzat duintasun eta errespetu bera aitortzea eskatzen du. Aniztasuna babesteko, ezinbestekoa da oinarrizko askatasunak bermatzea: adierazpena, informazioa eta egiazko komunikazioa, eta pertsonok geure kultura-adierazpenak hautatzeko benetako aukera izatea.

Behean sinatzen dugunok erantzukizun publikoak ditugu bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan. Errealitatea eta haren aniztasuna aitortzen esperientzia luzea duten lurraldeak, eta, horregatik, bi hizkuntza ofizialak berdintasunean eta inolako diskriminaziorik gabe gero eta normalizatuago erabiltzen saiatzen direnak; aldi berean, babes berezia ematen zaie hizkuntza mendetan gutxitutakoei. Izan ere, herri-administrazioek bermatu egin behar dute herritarrek bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko duten eskubidea, bai eta hizkuntza horien ezagutza bermatuko duten hizkuntza-politikak gauzatzekoa ere. Esparru horretan ere esperientzia handia dugu hizkuntza koofizialen normalizazioan eta hizkuntza horiek ikastea bermatuko duten hezkuntza-sistemak sustatzen.

Hizkuntzek ez dute ideologiarik, denon ondare dira. Kulturaren adierazpenik zuzenena dira, eta, gure kasuan, kultura-aniztasuna Europako identitatearen zati integrala da, identitate pertsonalak definitzen dituztelako, eta, aldi berean, ondare komuna osatzen dutelako.

CELROM Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak, Europako Kontseiluak 1998an onartu etaordudanik indarrean dagoenak, estatu sinatzaileei konpromisoa harrarazten die herri-administrazioan, justizian eta komunikabideetan hizkuntza horiek erabiltzeko eskubidea bermatzeko, bai eta haien irakaskuntza bultzatzeko ere. Hogei urte geroago, laguntza eman behar zaie ikerketari eta esku-hartze estrategikoari, bai hiztun-dentsitate handiko eremuak babesteko, bai, beste muturrean, arrisku sozialari aurre egiteko, hau da, higaduratik babesteko, baita hizkuntzen desagerpenetik babesteko ere, kasu batzuetan oso aurreratuta baitago prozesu hori.

Europako Parlamentuak Minority SafePack Milioi bat sinadura Europako dibertsitatearen alde ekimena babesten duela adierazi du orain dela gutxi. Ebazpen hori (2020/2846) Europako Parlamentuko gehiengo zabal batek, talde desberdinetako 540 eurodiputatuk onartu dute, eta bertan berriro egiten zaio dei Batzordeari, subsidiariotasun-printzipioarekin bat etorriz, gutxiengoetako pertsonen eskubideak babesteko esparru komun bat osatu dezan, Batasunean oinarrizko eskubideak bermatzeko. Era berean, estatu kideei eskatzen die beharrezko neurri guztiak har ditzatela eskubide horiek erabat errespetatuko direla bermatzeko; eta Europar Batasunaren eta Europako Kontseiluaren artean elkar indartzeko lankidetza eskatzen du; horrek eraginkortasuna areagotuko luke Eskualdeetako Hizkuntzen Europako Gutunean jasotako gomendioak aplikatzean.

Hala eta guztiz ere, arlo honetan eta administrazio guztietan neurri gehiago hartzeko beharra azpimarratzen dugu. CALRE Europako Eskualdeetako Legebiltzar Legegileen Biltzarrak, zeinean parte hartzen baitugu, Valentziako Adierazpena onartu zuen 2018an. Adierazpen horrek kultura-ondarea eta hizkuntza-aniztasuna babestu beharra azpimarratzen du, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak belaunaldi batetik bestera transmititu ahal izatea bermatzeko.

Ama batek alabari bere sentimenduak bere hizkuntzan adieraztea munduko gauzarik naturalena da, gehiegitan horrela izan ez bada ere. Europako ezein lurraldetan inor ez dadila gehiago bere ama-hizkuntzari, altxor handi berezi eta denona den horri, uko egitera behartua sentitu.

SINATZAILEAK: Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute: Enric Morera, Valentziar Gorteetako presidentea (CALREko kultura eta hizkuntza aniztasunari buruzko lantaldearen koordinatzailea); Miguel Santalices, Galiziako Parlamentuko presidentea; eta Vicenç Thomas, Balear uharteetako Parlamentuko presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.