Giza trafikoa. Nancy Porsia. Kazetari eta analista

«Libian atzemandako migratzaileak desagertu egiten dira maiz»

Gerran egon arren, migratzaileek Afrika iparraldeko estatua dute Europarako sarbide nagusia. Porsia kazetari italiarrak azaldu duenez, «Libiak ez du armadarik; miliziak arduratzen dira segurtasunaz».

BERRIA.
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko gatazketan aditua da Nancy Porsia kazetari eta analista (1981, Matera, Italia). Italiaren eta Libiaren arteko akordioak, migratzaileak geldiaraztea helburu duenak, lau urte bete berritan hartu dio BERRIAri telefonoa, eta argi utzi dio zein izan den hitzarmen haren ondorio nagusia: «Negozioetarako bide berri bat zabaldu zien giza trafikoan aritzen ziren miliziei».

Duela lau urte Tripolik Erromarekin akordioa sinatu zuenetik egoera zaildu egin da iheslarientzat, eta irabaziak handitu trafikatzaileentzat, ezta?

Turkiaren eta EB Europako Batasunaren arteko akordioak mugarri bat ezarri zuen EBko kide ez ziren herrialdeentzat; besteak beste, Libiarentzat. Bruselaren funtsetatik laguntzak jasotzeko bidea zabaltzen zuen, eta trukean migratzaileen krisia kudeatu besterik ez zuten egin behar. Duela lau urte Italiak eta Libiak migratzaileak gelditzeko akordioa hitzartu zutenean, negozioetarako bide berri bat zabaldu zitzaien giza trafikoan aritzen ziren miliziei. Ez dugu ahaztu behar Libiako milizia askok joko bikoitza egiten dutela; batetik, migratzaileengandik dirua irabazten dute haiek toki batetik bestera mugituz, eta, aldi berean, segurtasun indarren rola betetzen dute migratzaile horiek berak itsasoan geldiarazi eta Libiara itzularaziz.

Bide berriak urratu zituen, beraz, akordioak.

Hori da. Hitzarmena sinatu ostean kontrabandoan edo giza trafikoan aritzen ziren, eta estatuarekiko harremanak zituzten milizia asko ohartu ziren are irabazi handiagoak izan zitzaketela migratzaileak atzemanez. Konturatu ziren migratzaileak harrapatu eta atxilotze guneetara eramanez ia irabazi berak lortuko zituztela, eta estatuaren onespena ere lor zezaketela. Ez dugu ahaztu behar Libian miliziak arduratzen direla segurtasunaz. Milizia horiek helarazten diote informazioa Barne Ministerioari edo Defentsa Ministerioari. Diruaz gain, legitimazioa ere lortu nai izaten dute.

Aipatu dituzun milizia horiekberak aritzen dira giza kontrabandoan?

Bai. Libian ustelkeria izugarria da. Hala ere, 2017an akordioa sinatu eta berehala, milizia gehienak migratzaileak atzematen eta atxilotze guneak zabaltzen hasi ziren, nahiz eta jakin hori legez kontrakoa zela, pentsatuz hori zela gobernuaren errekonozimendua lortzeko biderik azkarrena.

Jakin daiteke zenbat pertsona erortzen den urtero milizia horien eskuetan?

Ez. Ezinezkoa da. Gainera, atzemandako migratzaile horiek desagertu egiten dira maiz, erregistratzen ez dituztelako edo bahitzen dituztelako, edo besterik gabe, ihes egitea lortzen dutelako. Adibide bat jarriko dizut. Akordioa indarrean sartu zenean, 2017ko uztailean, Tripoli mendebaldean giza trafikoan aritzen zen miliziarik handienetako batek, egun batetik bestera, abandonaturik zegoen espetxe zahar bat hartu zuen, eta atxilotze gune gisa zabaldu. Milizia horrek itsasoratzeko zain zeuden migratzaileak hartu zituen pilatuta zeuden kanpalekuetatik, eta espetxean sartu zituen, soilik erakusteko Italiako Gobernuari gai zirela haientzat arazo zena kudeatzeko.

Bestalde, kostazainek atzematen dituzten migratzaileak, maiz, ez dira Nazio Batuen Erakundearen erregistro guneetara heltzen, desagertu egiten dira, dela ziega sekretuetara eramaten dituztelako haien truke erreskateak eskatzeko, edo dela lan behartuetarako baliatzen dituztelako.

Zergatik ez dituzte erregistro ofizialetan jasotzen, kostazainek zenbatu ostean?

Ez dutelako beharrik. Itsasoan erreskate asko egiten dituztela erakutsi behar dute akordioari eusteko, eta Europari frogatzeko gai direla eskatu dieten lan zikina egiteko, baina hortik aurrera ez die kezkarik sortzen zer gertatzen den migratzaile horiekin.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar Libia gerran dagoela. Duela hilabete batzuk, esaterako, [Khalifa] Haftarrek Tripoliren aurkako erasoaldia abiatu zuenean, ia erabat eten zen migrazio fluxuen gaineko kontrola, miliziak defentsa lanetarako behar zituztelako.

Baina egoera horretan ere Libiak migratzaileentzako pasabide garrantzitsua da gaur egun ere.

Bai, eta bada horretarako arrazoi garrantzitsu bat, Libiak ez duela armadarik. [Muammar] Gaddafik agintea eskuratu eta berehala desegin zuen, bere aurkako estatu kolperik egon ez zedin. Aldiz, gainontzeko herriek armada sendo bat dute, baita Tunisiak berak ere. Horregatik, nahiz eta herrialde hura Europatik are gertuago egon, migratzaileek nahiago dute Libiara jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.