Jaurlaritzaren LPSak 57 udalerritako mendiguneak hautatu ditu zentral eolikoak egiteko

Kokatze eremu hautatuak izendatu dituzte zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak ezartzeko. Eguzki instalazio handiak 53 udalerritan kokatuko dituzte

Jaurlaritzaren LPSak 57 udalerritako mendiguneak hautatu ditu zentral eolikoak egiteko.
inaki petxarroman
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Hasierako onarpena eman dio Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari, eta bere webgunean argitaratu du horren inguruko hasierako onespenaren agindua. Horiek horrela, maiatzaren 10etik hasita 45 egun izango dituzte udalek eta herritarrek alegazioak eta ekarpenak egiteko. Besteak beste, 2030erako energia berriztagarrien hazkunde handi bat bideratzeko helburuari bide eman nahi dio Jaurlaritzak plangintza horrekin, bereziki zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak eraikita.

Besteak beste, Euskadi 2030 Energia Estrategiaren helburuak lortzeko tresnak ezarri nahi dituzte. Helburua da urte horretan energiaren bukaerako kontsumoaren %21 berriztagarrien bidez lortzea. Gaur egun, %10ekoa da kontsumo hori. Energia eolikoa eta fotovoltaikoa sustatu nahi ditu bereziki Jaurlaritzak; besteak beste, 2020an instalatuta zegoen potentzia gehituz. Potentzia eolikoa 167 megawattetik 783ra handitu nahi du; eta fotovoltaikoa, 55 megawattetik 293ra.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 57 udalerritako mendiguneak hautatu dituzte zentral eolikoak ezartzeko. Planta fotovoltaikoak egiteko, berriz, 53 leku (23na Araban eta Bizkaian eta zazpi Gipuzkoan). Kokatze eremu hautatu izendapena eman diete toki horiei LPSan.



Energia eolikoari dagokionez, Arabako hemeretzi udalerritan, Bizkaiko 26tan eta Gipuzkoako hamabitan ezarriko lituzkete haize instalazio handiak. Eskala handiko parkeak izango dira; hots, bost haize errota baino gehiago izango dituzte, edo 30 megawatteko baino potentzia handiagoa. Kontuan izan behar da 50 megawatt baino potentzia handiagoa dutenak Espainiako Gobernuak kudeatzen dituela.

LPSaren arabera, kokapenaren egokitasuna «handia edo ertaina» da eremu horietan; urte osoko haizearen batez besteko abiadura segundoko 6,22 metro da, eta gutxienez bi kilometro luze dira, jarraian edo etenekin.

Zerrenda horretan sartu dituzte LPSaren aurrerapen txostenean ageri ziren kokagune asko, baina beste batzuk desagertu egin dira zerrenda horretatik: esate baterako, Mandoegiko instalazioa, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Aurreko mapan ageri ez zen proiektu bakarra ezarri dute oraingo mapetan, ordea: Cantoblanco-La Manzanerakoa (Araba).

Halaber, eskala ertaineko instalazio eolikoak utzi dituzte zerrenda horretatik at. Horiek dira bost errota baino gutxiago dituzten instalazioak eta 30 megawatteko potentziatik beherakoak. Horiei dagokienez, Jaurlaritzak ebatzi du LPSak ezin dituela instalazio horietako lur erreserbak aurreikusi modu zuzenean. Funtzio hori beheragoko lurralde antolaketarako beste araudi batzuek dutela ebatzi du, lurralde plan partzialek (LPP) eta hiri antolamendurako plan orokorrek (HAPO), besteak beste.

Irizpide horrek zuzenean eragingo dio, esate baterako, Arabako Errioxari, eremu hori energia eolikoaren ustiaketarako egokitzat jo baitzuten ia osorik. Orain, baina, erabaki dute Arabako Errioxako LPPak erabaki beharko dituela kokagune zehatzak. Antzera geratuko dira aurrerapen dokumentuan Gipuzkoarako aurreikusita zeuden kokaleku asko. Beraz, LPSak ezarritako proiektu eoliko eta fotovoltaikoez gain, beste batzuk ere garatu ahal izango dira etorkizunean, lurralde antolaketarako eskualdeko beste plan batzuen bidez. Muga bakarra izango dute egitasmo horiek: esklusio eremuetan ez egotea.

Kokatze eremu hautatuen ezaugarri nagusia da lur erreserbak zuzenean ezarri ahalko direla, eta, beraz, udal hirigintzako arauek bere gain hartuko dituztela industria erabilera horiek modu automatikoan. Administrazioak proiektuei ematen dien eraikitzeko baimenean LPSaren planoak aurreikusi dituzten lur okupazioak doitu ahal izango dituzte, eta haien hedadura %20raino handitu, betiere esklusio eremuetan sartu ezean.

Nekazaritza lurrak

Lurraldea antolatzeko irizpideen arabera banatu dituzte eremuak, eta haietan mugatu dute instalazio berriztagarriak ezartzea. Natura 2000ko natura babesguneetan ezin izango dira eraiki instalazio berriztagarriak. Nekazaritza eta abeltzaintzaren atalean, berriz, LPSak eragotzi egingo du balio estrategiko handiko nekazaritza lur eta mendi larreetan planta eoliko eta fotovoltaiko handiak ezartzea. Horrek esan nahi du, esaterako, 2,5 megawattetik gorako potentzia duten planta fotovoltaikoak ezin izango direla eraiki halako guneetan. Horrek eragin dezente izango du Araban; besteak beste, aurrerapen dokumentuan Arabako Errioxan agertzen ziren proiektu fotovoltaiko asko ez direlako agertzen orain onartutako dokumentuan.

Edozein moduz, Arabako mapan ageri da eskala handiko proiektu fotovoltaiko gehien, Lautadan eta Añana inguruan. Agerikoa da, alde horretatik, desoreka bat dagoela hiru herrialdeen artean. Bizkaiko mapari erreparatuz gero ere, instalazio berriztagarri gehienak Enkarterrin egongo lirateke.

Horri dagokionez, saturazio eremuak aipatu ditu txostenak. Instalazio fotovoltaikoetarako saturazio indizea %10 dela dio LPSak, eta ekoizpen eolikoaren instalazioetarako, 4,5 haize errotakoa 100 hektareako. Saturazio indize hori planoetan jasotako eskualde edo ikuseremu guztietan aplikatuko da. Ikuseremu horretan kokatze eremu hautatu bat egonez gero, saturazio indizea %15era handitu daiteke fotovoltaikoetarako, eta 7 haize errotara energia eolikorako.

Parkeen zaharberritzea

Eginda dauden parke eolikoak euren bizitza baliagarriaren amaierara iristear direla eta, zaharberritzeko eta berrindartzeko aukera aurreikusi du planak. Horrela, kokagune horiek (Elgea-Urkilla, Oiz eta Badaia, kasurako) zaharberritu ahal izango dituzte, besteak beste, jarrita daudenak gaur egungo haize errota berri eta handiagoekin ordezkatuz. Hedaduraz gehienez %20 handiagoak izatea onartuko lukete horien kasuan ere, betiere mugatutako eremuetan sartu ezean.

Adibide baterako, Elgea-Urkillan potentzia %40 inguru handitzeko aukera ikusten dute, eta Oizen, %63. Are eta gehiago handituko litzateke Badaiaren potentzia: %110. Ingurumen azterketak dioenez, baina, zaharberritzeak «aukera mugatuak» ditu, eta ohikoez gain beste ingurumen kalte batzuk eragingo lituzkeela aitortu du.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, ekonomia deskarbonizatzeko tresnak behar dira, eta bide horretan «ezinbestekotzat» jo ditu energia berriztagarrien instalazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.