Donostia 2016 Kultur Hiriburutza. Sortzaile eta kudeatzaileak

Gozotik eta gazitik

Aldez edo moldez, guztiek parte hartu dute, sortzaile edo kudeatzaile gisa, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzan. Balantzea egiteko orduan, alderdi onak eta ez hain onak nabarmendu dituzte.

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Donostia 2016k utzitako arrasto onen artean sortzaileen arteko sinergiak azpimarratu dituzte BERRIAk galdetutako bederatzi eragileek. Giltzapekoak erakusketaren zentsura kasua eta politikarien esku hartzea, berriz, txarren artean.

1. Elkarbizitzaren helburu nagusian ekarpenik egin al du?

2. Kulturgintzan berritasunik egin al du proiektuak?

3. Behin bukatuta, zer ondorio positibo utzi du, eta zein ondorio negatibo?

EIDER RODRIGUEZ  Idazlea

«Gatazkak aukerak dira, tranpolinak; ez estali beharreko lotsak»

1



Elkarbizitza jarrera aktibo eta plural bat da, berez, definizioz, gatazkak eta krisiak eragiten dituen jarrera bat, eta gatazka horiek konponduz eta krisi horiek gaindituz, ibilian, elkarbizitzen da. Gatazkak eta krisiak aukerak dira, tranpolinak, eta ez estali beharreko lotsak. D2016ren bueltan gertatutakoak ikusita, ez dut uste gatazkei eta krisiei behar adinako tokia eman zaienik. Horrelako bat gertatu orduko esbirroren bat etorri da ordena jartzera... Giltzapekoak erakusketarekin gertatu zena, adibidez: zer gertatuko zen zatar papera jarri izan ez balute? Dialogorik sortuko ote zen ideologikoki (ustez) etsai diren horien artean? Eta sortu izan balitz? Zergatik ukatu aukera hori herritarrei? Emozioak ere bahitu dituzte, eta hori oso larria da. Uste dut sobera dagoela esatea herritarrek aurre hartu diegula politikariei, baita arlo honetan ere...

2



Ez dut ongi ezagutzen proiektua; beraz, ezin dut gauza handirik esan. Badakit parte hartzea bultzatu duten proiektuak egon direla, a priori interesgarriak iruditu zaizkidanak, batez ere zozketaz aukeratutako herritar anonimoen esku utzi delako proposamen batzuk egiteko aukera.

3



Ezin zaizkio urte bati ez proiektu bati egotzi herri honek aurretik zituen eta ondoren izango dituen gaitzak, ez zait bidezkoa iruditzen. Ezin da ez urtebetean ez hiri bakar baten bueltan konpondu hainbat hamarkadatan guztiz baztertuta mantendu den zerbait, kultura. Kontzientzia politikoa dudanetik, ez dut ezagutu, eta espektro politiko osoari buruz ari naiz, kultura lehen lerrora (ezta bigarren lerrora ere!) ekarri duen proiekturik. Beti ezagutu dut baztertua, gutxietsia eta umiliatua. Zer nahi dugu ba? Kristoren trenak ditugu makina-erremintan inbertitu dugulako. Bada, egin ditzagun tren erakustaldiak, ez kultur erakustaldiak. Galderara itzulita, positiboa: D2016k balio izan du, gutxienez, esan ezin denaz hitz egiteko, esan ezin den hori bistaratzeko eta gogora ekartzeko lan handia dugula aurretik eta ezin dela lan hori politikarien esku utzi. Negatiboa: zentsura, bere aldaera guztietan (autozentsura barne).

JOSERRA SENPERENA  Musikaria

«Hainbeste ekitaldikzerbait onik ekarri behar izan du»

1



Seguru baietz. Hainbeste ekitaldik zerbait onik ekarri behar izan du. Jendea biltzen da emanaldi bat ikusteko eta elkarbizitza ariketa bat egiten du. Hori ona da.

2



Proposamen artistiko bereziren bat egon da: Time machine soup, Uda gau bateko ametsa... Eta sortzaileentzat Kalebegiak interesgarria izan da, profesional eta amateurrei elkar ezagutu eta lan egiteko aukera eman diena.

3



Zenbait emaitza artistiko on egon da. Alde negatiboan, 50 milioi euroko aurrekontua, denbora, esfortzua eta egindako zarata ez datozela bat emaitza eskasarekin. Eta okerrena, kulturarekin zerikusirik ez duten zenbait proposamen: ehunka gitarrista Hendrixen Hey, Joe! jotzen, danborradak hondartzan...

JOSE LUIS REBORDINOS Donostiako Zinemaldiko zuzendaria

«Proiektuak ez dituguztiz konbentzitu herritarrak»

1



Ez naiz gai sentitzen erantzuteko, ez baitut behar besteko daturik.

2



Programatutako hainbeste ekitaldiren artean, etorkizunerako geratuko diren proiektu berritzaileak egongo dira. Gure kasuan, hiriburutzari esker, Zinemaldiaren eta Tabakaleraren artean, nazioarteko erresidentzia eta ikus-entzunezko proiektuen garapenerako Ikusmira Berriak programa martxan jarri dugu, eta martxan jarraituko du.

3



Azterketa ekonomiko bat egingo balitz, ziur nago ikusiko litzatekeela hiriburutza hirirako eta lurralderako errentagarria izan dela. Horretaz gain, urte oso batean zehar kultura guztion erdigune izan da... Negatibo bezala, proiektuak ez ditu guztiz konbentzitu herritarrak.

RITA UNZURRUNZAGA Ekain Artelanak galeria

«Donostian gero eta turista gehiago dago»

1



Harritu egin gintuen 2015ean gurekin harremanetan jarri izanak inaugurazio garairako gure edukiak jartzeko. Titty Thusbergen erakusketa ireki genuen. Parte hartu genuen orduan, eta gero jada... ezer ere ez. Elkarbizitza hori ez dut ikusi; haiek beren programazioa eta edukiak zituzten eta... Gero urteroko martxan jarraitu dugu galeria bezala, baina hiriburutzaren urtea izanik, erakusketa laburragoak egin ditugu, mugimendu gehiago egon zedin.

2



Aukera izan nuen sinergien inguruko proiektu bat ezagutzeko. Testuinguruak nahasten zituzten: industriako jendea eta kulturakoa... proiektu ezberdinak zeuden. Hori oso interesgarria iruditu zitzaidan.

3



Galeriara etorri diren turistei galdetu izan diet hiriburutzari buruz, eta hasieran, Aste Santura bitarte edo, ez zuten ideiarik horri buruz. Gastronomiak erakarrita etortzen dira. Hasieran erakarmen gehiago izango zuela uste nuen, baina Donostian jada gero eta turista gehiago dago urtero, hiriburutza izan edo ez izan. Horrek alde onak eta alde txarrak ditu. Guk, adibidez, atzerritarren artean gehiago saltzen dugu bertako jendearen artean baino; gu turistei esker gaude zutik.

RAMON AGIRRE Aktorea

«Agian giroa jarri du, baldintza egoki batzuk»

1



Niri ikaragarri gustatzen zait erakusketa batera joan eta koadro batek edo eskultura batek Izenbururik gabe txartela daukanean. Kosta egiten zait kultur gauzak elkarbizitza bezalako hitz potoloekin lotzea. Baina seguru nago horri ere kalte baino mesede gehiago egin diola.

2



Zer da berria kulturan? Agian giroa jarri du, baldintza egoki batzuk, aitzakia esperimenturako, konbinazio berriak asmatzeko, arriskatzeko... Uda partean Shakespeare ikusi omen zuten Gladys Enean, eta euskaraz mintzo zen...!

3



Goizegi da zer utzi duen esateko. Ona edo txarra. Denon esku dago 2016an martxan jarritako dinamikak eta inertziak segida izatea edo pertsianak ixtea. Beldur naiz 2017an sortzaileek euren proposamenak aurrera eraman nahi eta «zuena ez da gure planetan kabitzen» edo «antzokia itxita dago» edo «aurten ez dago dirurik» entzun behar izango ote duten. «Kultura? 2016 bukatu zen; ez al zara enteratu?».

ANE RODRIGUEZ  Tabakalerako kultura zuzendaria

«2017a mugarria izango da inpaktua aztertzeko»

1



Elkarbizitza kontzeptua oso zabala da, eta interpretaziora irekia. Egin den ahalegina elkarbizitzaren kultura sustatzea izan da, eta horretarako proposamen desberdinak bideratu dira. Gure kasuan, elkarbizitza kontzeptuaren pean, beste erakunde eta eragileekin batera elkarbizitza sustatu da, proiektu ezberdinak konpartitu eta programa ezberdinak koordinatzeko momentuan, eta ez da gauza erraza, denbora behar da horretarako. Elkarbizitza ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, eta D2016k egin duenaizan da gaia plazaratzea eta eremu desberdinetan lanketa batzuekin hastea. Orain, guztioi dagokigu horri jarraipena emateko ardura.

2



Pertsonalki, termino horrekin arazoak ditut. Berrikuntza aipatzen den aldiro erlatiboki interpretatu behar dela iruditzen zait. Arlo desberdinetan kulturaren bidez gizartean aldaketak sustatzeko proiektuak bultzatu dituzte, baina, lehen esan bezala, denbora beharko da beraien isla sumatzeko. Esango nuke kultura espektakulutik harago doala azpimarratu duela. Prozesu desberdinak bultzatu dituzte kultura hori sustatzeko, baina hori berritasuna den ala ez, eztabaidagarria da.

3



Oro har, positiboa izan dela esango nuke. Eztabaida piztu du, askotan kontra, baina hori ere interesgarria da. Geure buruari galdetu behar diogu ea horrelako kultur proiektuek zentzua duten, urtebeteko kultur maratoi hauek. Nire ustez, ez. Baina behin proiektua burutu behar izan denez, bere konplexutasun guztiekin onartu behar dela pentsatzen dut. Alderdi positiboak aipatzea garrantzitsua ikusten dut: kultura agenda politikoan txertatu eta estrategiko bilakatzea, herritarrek kultura egunerokotasunean txertatzea, eragile txikiei lagundu izana, kultur erakunde desberdinen artean elkarlana sustatu izana, nazioartekotasuna... 2017. urtea mugarria izango da hiriburutzak kulturan eta egunerokotasunean izan duen inpaktua aztertzeko.

KOLDO ALMANDOZ  Zinemagilea

«Ez dut uste D2016 elkarbizitzaren adibide izan denik»

1



Elkarbizitza praktikan jarri behar da. Hitzez edo irudiz bai, baina errealitatean ez dut uste D2016ko prozesuen gauzatzea elkarbizitzaren adibide izan denik. Urrezko danborra emateko komitearen moduko zerbait izan dela esango nuke.

2



Gisa honetako proiektu prefabrikatuetan zaila da haustura sortuko duten proiektuek aurrera egitea. Batzuk izan dira, baina ikusi dugu proiekturen batek arazoak, polemika edo kritikak jaso dituenean zer gertatu den. Beldurrez jokatu dugu. Denok. Antolatzaileek, sortzaile gehienok, komunikabideek eta publikoak orokorrean. Guztiok dugu gure arduraren zatia. Uste dugun baino hiri kontserbadoreago batean bizi garela erakutsi digu D2016k.

3



Niretzat positiboa agente ezberdinen arteko harremana eta sinergia izan da. Sortzaileen arteko esperientzia trukaketa horiek, ziurrenik, etorkizunean proiektu berriak sortzeko baliagarriak izango dira. Negatiboak? Izan dira, jakina, baina, proiektuarenak baino gehiago, proiektuaren ostekoak aipatuko nituzke oraintxe. Politikari eta arduradun batzuek erakutsi duten autokritikarako gaitasunik eza. Apenas egun batzuk pasatu dira urtea amaitu zenetik, eta D2016k noraezean doan barku bat dirudi. Lagun batek esan zidan bezala, «urtea amaitu da, eta oraindik ez dakigu D2016 zer izan den».

AINARA ORTEGA Abeslaria eta aktorea

«Baikor behatzen dut Donostian gertatutakoa»

1



Kultura fisikoki eta izpiritualki elkartzen gaituen lehen mailako beharra izanik, bai, besteekin iritziak eta kultura esperientziak banatzea eragin du. Esperimentazioa, laborategia eta abangoardia gailendu dira. Gure eguneroko eta urte osoko kulturari ez dakit behar besteko euskarria eskaini zaion etorkizunerako. Ikusiko dugu zer-nolako elkarbizitza dugun kultur arloko langile eta ekintzaileek biharko gizartearekin eta erakundeekin.

2



Ekarpen asko izan ditu. Maiz, gizarteak zurrupa dezakeena baino berrikuntza gehiago ekarri dituela ere esango nuke, sarritan berrikeriak ere bai. Buruan zirimolatu zaizkit zilar koloreko proiektu-izenburu asko, anglizismo franko, txinparta handiko hitz jokoak baina baita sakonki ukitu nauten proposamenak ere.

3



Baikor behatzen dut Donostian gertatutakoa, lortutakoa, eragindakoa. Kultura denon ahotan sumatzea itxaropenez aditzen dudan musika da, eta, era berean, arinkeriaz entzun daitekeen doinua ez ote den ere galdetzen diot neure buruari. Udako gau bateko ametsa-n eta itxiera instituzionalean lan egin dut, besteak beste, eta, kultura nire ogibide bakarra izaki, eskertu beharra daukat hori ere. Nire maiterik maiteena ordea, jazz musika, barra gainetako banderillak adina nahi nituzke Donostian barrena, ez uztailean bakarrik jateko izozki arranditsua balitz bezala.

HARKAITZ CANO Idazlea

«Benetan halakotransformazio batespero genuen?»

1



Norberak zituen aurreikuspenen arabera dago hori. Katarsia oholtzara ekartzen lagundu duten zenbait egitasmok eta ezberdinen arteko elkarrizketa batzuek aportatu dute beren harea aletxoa, nire ustez. Jende ezberdina elkarrekin lanean jarri da, eta hori bada zerbait. Besterik da kulturari eta kultur eragileei fede gehiegi ez dien erakunde sare eta gizarte batek —guk geuk—, derrepente, gure bizikidetza arazo guztiak konpontzeko eskatzea kulturari edo 2016ari... Benetan halako transformazio bat espero genuen? 2016ari esker denok Le Monde Diplomatique irakurri, eta iganderoko bermuta utzita Shakespeareren sonetoak irakurtzen hasiko ginela? Oso xaloa iruditzen zait hori, eta apur bat zinikoa. Noiztik dugu halako fedea kulturan? Entreteni gaitzaten nahi dugu soilik, edo prest gaude geure burua hausnarketaren bidean modu kritiko eta zintzoan jartzeko? Elkarbizitza —hain ideia eder eta noblea, izatez— entzun orduko mesfidantza eragiten duen hitz horietako bat bilakatu da, hori bai: marka edo logo baten pareko zerbait, politikoki zuzena denaren erreinuan debaluatu egin da hitz horren esanahia. Uste du bakoitzak elkarbizitzari buruzko bere ideia proiektatzen duela: batzuek bakarrizketarako eskubideari deitzen diote elkarbizitza, eta beste batzuek, anestesiari. Niretzat, elkarri entzutea da elkarbizitza, eta horretan oso eskas gabiltza oraindik.

2



Arrisku batzuk hartu dira, eta hori estimatzekoa da, nahiz eta erdietsi den emaitza ez den beti biribila izan. Zenbait egitasmo, agian, erakargarriak ziren paperaren gainean, baina praktikan egikaritza ez da beti ideiaren mailan egon.

3



Diziplina ezberdinetako jendearen artean lantalde politak sortu dira (Kalebegiak), eta sormen lanak bultzatu (Dramaturgia berriak). Lan lerro horiei eutsi beharko litzaieke, eta sortzaile hasiberrien lana gehiago bultzatu. Bestalde, berez kultur eskaintza txukun samarra daukan hiri batean eskaintza hori indartzea zirudien baino lan zailagoa suertatu da. Kontraprogramazio arazoak ere izan dira, eta ekitaldien kopuruan gehiegi jarri da agian azpimarra, egitasmo zehatzei buruz hitz egin beharrean. Gutxien gustatu zaidana Giltzapekoak erakusketako zentsura izan da. Psikiatrikoan eta kartzelatan dauden preso eta gaixoen testuinguruan ez zegoen, nire ustez, inolako motiborik obra horiek ez erakusteko. Ez al genuen, bada, artearen birgizarteratze indarrean sinesten? Gezurra al zen dena? Azkenik, kosta egiten zait kultur ekitaldietan jende gaztea ikustea, eta hori seinale kezkagarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.