Albistea entzun

Eskatu dute eskola publikoa izateko sistemaren «benetako ardatza»

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Bilbon. Galdegin dute «guztiz» aldatzea Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legeak hartu duen norabidea
Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak deitutako manifestazioaren burua, atzo, Bilbon.
Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak deitutako manifestazioaren burua, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko azaroak 6 - Bilbo

Eskola publikoa indartzeko eskatzea eta Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legeari ezezkoa ematea. Bi xede nagusi horiekin, milaka herritarrek bat egin zuten atzo Euskal Eskola Publikoaz Harro taldeak Bilbon antolatu zuen manifestazioarekin. Maribel Lopez de Luzuriagak, plataformako ordezkariak, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren norabidea «guztiz» aldatu beharra dagoela adierazi zuen: «'Hezkuntza lege honi ez' ozen esateko unea da, eta indar politikoak interpelatzeko ordua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legeak duen norabidea guztiz aldatu dezatela exijitzeko». Baina nola aldatu? «Eskola publikoa hezkuntza sistemaren benetako ardatz izango duen hezkuntza sistema nahi dugu, gizarte kohesiorako eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortuko duena».

Hogeitik gora eragilek antolatu dute manifestazioa. Tartean, EHIGEk, Heizek, Steilasek, CCOOk, Ikamak eta Ikasle Abertzaleak taldeak. Halaber, bat egin dute, besteak beste, ELAk, LABek eta Ernaik. Eragileek ez ezik, norbanakoek ere babestu dituzte deitzaileen aldarrikapenak. Jokin Garaia, eskola publikoko irakaslea eta gurasoa, esaterako, Oñatitik (Gipuzkoa) joan da Bilbora. Manifestazioa hasterako, argi izan du zertarako egon behar zuen bertan: «Hezkuntza Lege berri honi ezezko biribila emateko». Uste du Jaurlaritza prestatzen ari den legeak ez duela sare publikoa indartzen, eta, bitartean, itunpekoa «blindatzen» ari direla. Gainera, euskararen arloan ere «gabezia ugari» nabaritu dizkio.

Antzera mintzatu da Koldo Zabala ere, Laudioko (Araba) gurasoa eta irakaslea: «Euskal eskola publiko euskalduna babestera etorri gara. Oraingoz, ez dugu zalantzarik lege honek kontrako bidean egingo duela». Haren esanetan, zirriborroak sareen dualtasuna mantentzen du,«eta horrek ez du ezer konpontzen». Horren ordez, eskatu du eskola publikoan sakontzeko, baita eragileen parte hartzea bermatzeko ere: «Uste dugu hau dela bidea, eta itunpekoek egiten duten lana ere kontuan izan behar da, zalantza barik. Elkarlanetik Euskal Herri euskalduna lortuko dugu». Maite Uharte gurasoa ere publikoaren alde agertu da protesta hasterako: «Beharrezkoa da eskola publikoa defendatzea eta lege proiektu berriaren aurka borrokatzea». Izan ere: «Uste dut euskal eskola publikoa izan behar dela ardatza eta lehentasuna izan behar duela, eskola bakarra delako guztiona defendatzen duena eta kalitatezko hezkuntza guztientzat defendatzen duena».

17:30 aldera zabaldu dute Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez leloa zuen pankarta. Eta haren atzean elkartu dira milaka lagun. Kartelak eskuan: «Harro, desberdinon topagunea delako», «Euskalduna delako, harro» eta beste hamaika mezurekin. Eta leloak ahoan: «Euskal eskola publikoa» eta «pribatua ez da publikoa» oihuak nagusitu dira, baina entzun dira «ez, ez, ez, lege honi ez», «euskara ere publikoaren alde», «hemen gaude publikoaren alde» eta bestelako batzuk ere.

Lau eskaera nagusi

Ordubete pasatxoko bidea eginda iritsi dira udaletxe aurrera, eta bete dituzte haren ataria nahiz aurrean dagoen zubia. Han, Lopez de Luzuriagak irakurri du komunikatua. Salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila aspalditik ari da sare pribatuaren aldeko neurriak «etengabe» hartzen: «Publikoa ahoan, baina eskola pribatua dute gogoan Jaurlaritzako kideek, eta eskola publikoa pixkanaka desegiteko bidean jartzen ari dira».

Horren aurrean, lau ildo nagusiren baitan jositako aldarrikapenak egin dituzte. Sare publikoa «sendotzea eta handitzea» proposatu dute, «herritar guztientzako eskubideen bermea baita» Horretarako, «zentzuzko planifikazioa» ezinbestekoa iruditzen zaie, eskola lekuen eskaintza «errealitatera egokituta» eta sare pribatuko «gehiegizko eskaintza» ez itunduta egin beharko dena. Gainera, nahi dute ikastetxe publikoei «beharrezkoak dituzten baliabide guztiak» ematea eta hala nahi duten ikastetxeei publiko bihurtzeko bideak zabaltzea.

Baina, publiko-itunpeko auzia ez da konpondu beharreko bakarra, topagunearen irudiko. Hizkuntzari dagokionez, euskara «galtzaile» aterako dela uste dute: «Euskal eskola publikoa da ikasle gehien euskalduntzen duena, eta urteetako ibilbideak argi utzi digu murgiltze ereduaren bidez lortzen dela, behar diren baliabideak emanez eta tokian tokiko errealitatea kontuan hartuta». Euskalduntzearen erronkaren aurrean, uste dute ez dela nahikoa ikasleek B2 maila lortu beharko dutela adieraztea: «Nola bermatuko da ikasleen B2 maila hori ikastetxe guztietan eta ikasle guztientzako? Euskararekin atzerapausorik ez».

Gainera, nabarmendu dute hezkuntza komunitatearen zeregina «bigarren maila batean» geratzen dela: «Guraso elkarteetan eta parte hartze organoetan egiten den lana ordain ezinezkoa da, eta honi aitortza eta tokia eman behar lioke legeak».

Erlijiori ematen dion presentzia ere ez dute gustuko: «Legeak erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa mantenduko du, eta ideia erlijiosoak dituzten ikastetxeei finantzaketa berbera emango zaie». Aurkako bidetik jotzeko eskatu dute: «Bada garaia erlijioa, edozein dela ere, ikastetxeetatik kanpo uzteko». Funtsean: «Lege hau pribatizatzailea da, uko egiten dio eskola publikoa sistemaren ardatz bihurtzeari, ez du amaituko segregazioaren arazoa, doktrinatzea onartzen du eta euskararen normalizazioan atzerapausoa da».

EP-IU, manifestazioan

Elkarrekin Podemos-IU Eusko Legebiltzarrean lau alderdi politiko nagusiek lortu zuten hezkuntza akordioko kide izaki ere, koalizioaren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Miren Gorrotxategi manifestazioan izan da. Haren hitzetan, hezkuntza komunitatea argi adierazten ari da Hezkuntza Lege aurreproiektuak ez duela bat egiten «euskal eskola publikoaren interesekin». «Uste dut gobernuak ondo entzun behar diola komunitateari, eta horren inguruan ekin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatu Medikoaren hordagoari men egiteko prest azaldu da Txibite

Ion Orzaiz

Lehendakariak justifikatu du Osasunbideko sendagileei aukera ematea osasun pribatuan ere jardun daitezen: «Profesionalak erakartzeko bidea da». Erabakiaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Ezkerra
Miren Basaras. / ©Aritz Loiola, Foku

«Komeni da zaurgarrienek maskara erabiltzen jarraitzea»

Edurne Begiristain

Osasun sistemaren gaineko presioa «apaldu» izanaren ondorio da garraio publikoan maskara janzteko derrigortasuna kendu izana, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak azpimarratu duenez.

'Aita Mari' ontziak Mediterraneoan aurkitutako migratzaileen ontzi baten erreskatea, artxiboko irudia. ©Itsas Salbamendu Humanitarioa

'Aita Mari' ontziari espediente bat ireki diote, ia milioi bat euroko isunekoa

Isabel Jaurena-Edurne Begiristain

Zigorra 2020ean Palermon (Sizilia, Italia) gertatu ziren ekintza batzuen baitakoa da. Aita Mari-k alegazioak aurkeztuko ditu.

Ikasbidea ikastola, Duran ©Irekia

Ikasbidea ikastetxeak hotzari aurre egiteko konponbide iraunkor bat eskatu du

Irati Urdalleta Lete

Azaldu dutenez, arazoak dituzte ikastetxeko galdararekin, baina Eusko Jaurlaritzak esan die ez dutela uda baino lehen konponduko. Salatu dute ikasgeletan hamahiru edo hamalau gradu izan dituztela.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.