Koronabirusa

Osasun langileek «konfinamendu osora» deitu dute

Osakidetzako mila langile inguruk eskari bat sinatu dute «funtsezkoa» ez den jarduera oro eteteko. Espainiako Kongresuak alarma egoera bi astez luzatzea onartu du
Osasun arloko langile bat, paziente bat erietxera sartzen, Iruñean.
Osasun arloko langile bat, paziente bat erietxera sartzen, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko martxoak 26

Etzi dira bi aste Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta herritarren mugimendu askatasuna mugatu zuela, eta azken egunetan areagotu egin da konfinamenduaren baldintzei buruzko eztabaida. Testuinguru horretan, Osakidetzako mila langile inguruk «erabateko konfina- mendua» ezartzeko eskatu dute: «Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu eskura dituen neurri guztiak hartzeko gure lurralde osoan funtsezkoa ez den jarduera oro bertan behera utzi eta herritarren erabateko konfinamendua lortzeko, modu urgente batean, berandu baino lehen».

Osasun arloko beharginek sinadura bilketa bat abiatu dute, eta jada mila profesionalek baino gehiagok eman diote atxikimendua, eta gehiago biltzeko lanean ari dira. Izenpetutako dokumentuan, «arazoaren oinarrira» jotzea galdegin dute, kutsatzeak eta koronabirusaren hedapena eragozteko: «Badakigu garai zailak bizi ditugula eta oso kontziente gara horretaz, baina garai zailek askotan erabaki zailak eskatzen dituzte». Gogorarazi dute zenbait herrialdek jada hartu dutela erabateko konfinamendua ezartzeko erabakia: «Ekonomia garrantzitsua da, baina are gehiago pertsonen bizitzak».

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak herenegun onartu zuen alarma egoera beste bi astez luzatzeko dekretua, eta arauari atzo eman zion oniritzia Espainiako Kongresuak. EH Bildu abstenitu egin zen. Mertxe Aizpurua indar subiranistako diputatuak Espainiako Gobernuari eskatu dio «funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak» eteteko, «ezinbesteko zerbitzuak aurrera eramateko beharrezkoak diren jarduera lagungarriak salbuetsita». Hala egin ez zuenez, abstentziora jo zuen EH Bilduk.

EAJk, ordea, babestu egin du alarma egoeraren luzapena, iritzita bakartze neurriek indarrean jarraitu behar dutela. Aitor Esteban diputatu jeltzalea elkarrizketatu zuten SER irrati katean, eta, esan zuenez, eutsi egin behar zaie osasun segurtasuna bermatu dezaketen «ekoizpen industrial, ekonomiko eta abarrei» ere: «Saiatu beharra dago». «Bestela, dena erabat ixtera iristen bagara, oso zaila izango da aurrera egitea. Gaur egun, merkatuetan lehiatzen jarraitzen da, eta baliteke zenbait enpresak ikustea beste batzuek ordezkatu dituztela eta, ondoren, lanpostu asko galtzea», erantsi du Estebanek.

Sanchezek martxoaren 14an eman zuen alarma egoera arautzeko dekretua. Bi asterako zen, hala agintzen baitu Espainiako Konstituzioak, baina joan den igandean iragarri zuen hori beste bi astez luzatzeko asmoa; apirilaren 11ra arte, beraz. Horren harira, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak «energia, ardura eta indarra» izateko eskatu die herritarrei, datu «txarrak» iritsiko direlako datozen egunetan. Hala ere, astearen amaierarako bilakaera aldatzea espero du.

Grande-Marlaskak adierazi du espero dutela konfinamenduari lotutako «neurrietako batzuk» arindu ahal izatea apirilaren 12tik aurrera. Ordurako, alarma egoerak etenda beharko luke, eta, hortaz, soilik neurrietako batzuk arintzeko asmoa badu, pentsa liteke alarma egoera apirilaren 12tik harago luza litekeela.

Macronen zain

Ipar Euskal Herrian, oraingoz martxoaren 31ra arte iraungo du mugimendu askatasunaren mugatzeak, baina litekeena da hori luzatzea. Atzo, Frantziako Kontseilu Zientifikoak adierazi zuen «ezinbestekoa» dela konfinamenduari eustea, eta proposatu zuen sei astera luzatzea. Iritzi hori eskuan, Emmanuel Macron presidenteari dagokio orain erabaki bat hartzea. Erabakia, ordea, «datozen egunetan» hartuko du, Sibeth Ndiaye gobernuko bozeramailearen esanetan: «Konfinamenduak beharrezko denbora guztia iraungo du».

Epe luzeagoko jokaleku bat aztertzen ari da Kataluniako Generalitatea ere; baliteke konfinamendua ekainera arte luzatzea. Osasun Departamentuak landutako agiri bat argitaratu du Vilaweb atariak, eta, lan horren arabera, baliteke apirilaren bukaera aldera iristea gailurrera koronabirusak kutsatutako pertsonen kurba. Egunak zehazten ditu; oraingo bilakaera eta azkeneko datuak aintzat hartuta, apirilaren 24 eta 28 artean gerta liteke hori. Datuak plazaratu eta gero, datu horien inguruan galdetu diote Quim Torra presidenteari, eta hark baieztatu egin ditu.

Generalitatearen agiriaz galdetuta, Aurelio Barrikarte Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institututuko gaixotasun kutsakorren ataleko buruak esan zuen ez dakiela noiz joko duen goia Nafarroan: «Ezin daitezke aurreikuspenik egin ezagutzen ez dugunari buruz». Barrikartek adierazi zuen konfinamendua ezarri zenean ez zekitela Nafarroan zenbateraino hedatua dagoen koronabirusa; ondorioz, ezin daiteke aurreikusi noraino igo daitekeen eta noiz jaitsi.«Datu adierazgarri bakarra ospitaleratze kopurua da, kasu larriak ospitaleetara baitoaz ezinbestean. Eta kasuok denboran mantenduz gero, gerta daiteke joera hori, baina ez dakit zer gertatuko den astebete edo bi aste barru. Matematika eredu guztiek zuk nahi duzun emaitza emango dute. Pertsonen kutsatze ratioa edo gaixotasunaren eraginaren aldagaia aldatuta, emaitza aldatzen da, baina oinarria ziurgabea da. Ez dakizu. Asmatu dezakete, eta apiril amaieran goia jo, edo bi aste barru. Ez dakit».

Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio zuzendariak ere ez daki noiz iritsiko den gaixo kopuruaren puntu goren hori. Atzo galdetu zioten Generalitatearen aurreikuspenen inguruan, eta erantzun zuen egoera «aldakorra» dela: «Dauzkagun datuekin jardun behar dugu orain. Prebisioekin egiten dugu lan, baina ezin da zehaztu data bat. Garrantzitsuena da prest egotea puntu goren hori iristean, egoera horri modurik onenean erantzun ahal izatea».

8.735 proba

Sanchezek eman zituen COVID-19 gaitzak jota hildakoen eta kutsatutakoen datu eguneratuak; azken orduetan 22 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 59 osatu. Horrez gain, positiboak 543 gehiago dira, baina sendagiria jaso dutenak ere hazi egin dira: 407. Era berean, datu bat nabarmendu zuen Sanchezek: orain arte, birusa antzemateko 8.735 proba egin dituzte, horietatik 1.199 herenegun; alegia, aurreko egunetan baino % 30 gehiago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Berritasunei neurria hartzen

Edurne Begiristain, Lander Muñagorri, Igor Susaeta

Izurriaren hazkundea dela-eta Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurri murriztaileak indarrean sartu diren egunean zalantzak plazaratu dituzte herritarrek. Kexu dira hartutako neurrien «desorekarengatik»
Bilbo, astelehen gauean: kaleak hutsik egon ziren etxeratze aginduarekin. ©LUIS TEJIDO / EFE

Mugak mugikortasunari

G. Goikoetxea - I. Urdalleta

Indarrean sartu dira Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak: ezin da udalerritik irten, ezin dira sei lagun baino gehiago elkartu, gauez ezin da kalean egon. Duda batzuk sortu dituzte

Hiru egunean beste 110 herritar ospitaleratu dituzte Hegoaldean

Joxerra Senar

Urriaren 17tik, etengabe handitu da erietxeen okupazioa. Nafarroan, beteta daude ZIUko oheen %39; Indurain kontseilariak dio aste «zailak» datozela: ebakuntzak bertan bera uzten ari dira

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna