UDAKO SERIEA. Politikari ohiak (II). Xabier Zubizarreta (HB eta EH).

«Sekula ez zait ahaztuko nire kontrako zentsura mozioan jaso nuen elkartasuna»

Arrasateko alkate hamalau urtean izan zen Zubizarreta, bi alditan —1987-1997an eta 1999-2003an—, eta, garai haietan, ezker abertzalearen udal agintaririk esanguratsuen bilakatu zen. 1997an, zentsura mozioa jarri zioten, Blancoren hilketa zela eta.
ANDONI CANELLADA / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2019ko uztailak 31
Xabier Zubizarreta (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1944) gaztetan 11 urtean aritu zen fraidetzako ikasketak egiten, baina 18 urte zituela utzi zituen, ikusita fraide izatea ez zela berea. Ulgor kooperatiban hasi zen lanean, Arrasaten (Gipuzkoa), 1963an. Handik hamabi urtera, Ipar Euskal Herrira egin zuen ihes, arrazoi politikoengatik, eta 1977an itzuli zen Hegoaldera: Arrasatera, emaztearekin. Debagoienako kooperatibetako bazkideak euskalduntzeko lanari ekin zion, eta 1983ra arte aritu zen halaxe. Arrasateko HBko zinegotzi aukeratu zuten orduan; 1987an, alkate, eta denboraldian egon zen.

1983an Arrasateko udal bozetan EAJk gehiengo osoa lortu zuen, baina 1987an, zu alkate. Baliatuko zineten EAJren zatiketaz.

HB izan zen boto gehien jaso zuen zerrenda 1987an, baina ez genuen espero alkatetza hartzea, 21 hautetsietatik bost genituelako eta uste genuelako beste alderdiak moldatuko zirela. Baina inbestiduran EAJk ez zuen behar beste babes lortu; egon ziren boto huts batzuk. 1991n eta 1995ean, seina hautetsi lortu genituen, eta orduan ere antzekoa gertatu zen.

Arrasate kanpotik izan ziren alderdietako buruen presioak.

Presio handiak, baina ez ziren izan eraginkorrak. Gainera, HB udal gobernuan egon izan zen EAJ, EA eta EErekin. Ez genuen akordio formal eta idatzizkorik egiten; bestela moldatzen ginen.

Zer ardatz zenituen alkatetzan?

Ardatz bat zen jendearen parte hartzea. Herriko bizitzatik bereizita zegoen udal bat hartu genuen guk, eta batzordeak zabaldu egin genituen; arlo espezifiko gehiago sortu ere bai hasieratik: Kultura, Euskara, Hezkuntza... Geroztik, Espainiako Estatuan udalen oinarrizko legedia askatasuna murrizten joan zen, eta udalak gero eta presidentzialistago bilakatu ziren, baina HB saiatu zen hori saihesten. Gure beste ardatz bat udal bizitza euskalduntzea izan zen. Ordura arte, ia guztia gaztelaniaz egiten zen. Adibidez, halako batean, erabaki genuen uraren eta zaborraren ordainagiriak euskaraz soilik bidaltzea etxeetara, baina jarriz norbaitek ele bitan nahi bazuen, eskatzeko; PSOEk auzitara eraman gintuen, baina gure aldeko epaia izan zen. Bestalde, artean hizkuntza profilen araurik ez zegoela, euskara behar zen lanpostu guztietan azterketa euskaraz egiten genuen. Hasieratik, euskarazko hedabideen alde ere egin genuen guk Arrasaten.

1997an, zure kontrako zentsura mozioa onartu zuten, Ermuko PPko zinegotzi Miguel Angel Blancoren hilketa zela eta.

Nik uste Arrasate estatuaren jomugan zegoela. Igual zen herri honek izan duen historiagatik: ETAko jende ezaguna...

Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa askatu berria zuen Guardia Zibilak Arrasaten.

Uztail gogorra izan zen. Garai haietan, ez ginen ohartzen zenbaterainoko tentsioa eta liskar giroa bizi genituen. Testuinguru hartan jarri zuten zentsura mozioa, funtsezko arrazoirik gabekoa. Gauza bat zen HBren jokabidea kritikatzea edo salatzea, baina gehiegikeria bat iruditu zitzaidan zentsura mozioa aurkeztea, nik ez nuelako inolako erantzukizunik Blancorenean. Beste interes batzuen biktima izan ginen. Ezker abertzalearen kontrako zigor politiko bat izan zen, azken batean.

Zer oroitzapen pertsonal dauzkazu egun haietatik?

Nire kontrako zentsura mozioan jende askok erakutsitako elkartasuna daukat gogoan. Sekula ez zait ahaztuko jasotako babesa.

Arrasate zen HBren alkatetzen artetik udalerririk handiena, eta hamar urtean zeundeten jada.

Gure hirugarren legealdiaren erdian ginen. 1999an berriro irabazi genituen udal hauteskundeak, EH modura; 1995ean baino bi zinegotzi gehiago lortuta, gainera. Horrek ere adierazten du 1997ko uztailean egin zuten maniobra politikoaren zentzurik eza.

2008an ere egon zen EAE-ANVko alkatearen aurkako zentsura mozio saio bat, Isaias Carrascoren aurkako hilketagatik.

Antzeko zerbait egin nahi zuten, baina ez zen aurrera atera Ino Galparsororen aurkako mozioa.

Arrasatekoa zen Carrasco, herriko PSE-EEko zinegotzia izana.

Alkatetzatik egundoko ahalegina egin zuten gauzak ahalik eta modurik egokienean konpontzeko. Orduan erabilpen politikoa askoz ere nabarmenagoa izan zen; Madrildik Zapatero eta Rajoy etorri ziren, eta nik uste dut manipulazio hori herrian gaizki ikusi zela.

Hilketa hura ere gaitzesteko eskatu zioten ezker abertzaleari.

Kontua hori baino sakonagoa zen, ordea; hau da, borroka armatuaren norabidea zen kontua, eta ez gaitzespena hitza erabili behar izatea. Gaitzespenarena, Madrilek ezker abertzalearen aurka hartu zuen posizio bat zen, eta nahi zuena zen guk hori esatea, eta uztai horretatik pasatzea. Ez zegoen estatuaren aldetik zintzotasunik gaiari behar bezala heltzeko, eta ezker abertzaleak inoiz ez zuen onartu hor sartzea. Horrek ez zuen esan nahi ETAk egindakoak ondo ikusi zituenik.

Garai hartan ezker abertzalearen barruan ere Carrascoren hilketak, Inaxio Uriarenak... ezinegon handia sortu zuten.

Bai. Gero eta kontraesan handiagoak sortzen ari ziren. 50 urteko ziklo armatu bat bizi ondoren, herri honetan gero eta baldintza zailagoak zeuden horretan jarraitzeko, eta interesgarriagoa zen beste bide bat hartzea. Borroka armatuaren garaian ETAren eta estatuaren artean enfrentamendu bortitza zegoen, eta ezker abertzaleko mugimenduari zegokiona zen eustea, zilegitasunez eustea, eta nik uste dut ETAren ibilbidearen bukaerara arteko prozesua egin zen bezala egin bazen, izan zela ezker abertzaleak garai hartan eutsi egin zielako bere posizio politikoei. Ezker abertzaleak ez zituen ETAren ekintzak gaitzesten, baina haren jardun armatuaren zikloari amaiera emateko lan bat egin zuen. Borroka horretan ibilitakoentzat zaila zen bide hori kolpetik uztea, eta, beraz, logikoagoa zen nolabaiteko baldintza batzuetan egitea bukaerako bidea. Beharrezkoa ikusi zen estrategia aldatzea. Baina hemen beharrezko diren beste gauza batzuk ere badira, ezker abertzaleak eta Euskal Herriak eskatutakoak, eta ukazioak segitzen du.

Nola moldatu da ezker abertzalea estrategia aldaketara?

ETAren bukaerak berak berekin ekarri du, logikoa den moduan, konfrontazioaren izaera aldaketa bat, baina aldaketa hori geure barnean ondo barneratu gabe dugu. Aurreko zikloan, estatuaren errepresioaren eta ukazioaren kontrako konfrontazio jarrera izan zen nagusi. Gaur egun, nazio eraikuntza eta gure barne egiturak indartzen joatea izan behar da nagusi, baina horrek militante bakoitzarengan jarrera aldaketa bat eskatzen du. Badago beste baldintza bat ere: egun ezarrita dagoen ia guztiari buelta ematen saiatzen ari garen bakarrak gu gara klase politikoan; Euskal Herriaren perspektibatik edo askatasun nazional ikuspegi batetik herri hau antolatzen saiatzen garenak gu gara, eta horrek asko baldintzatzen eta zailtzen du gure jokoa. Besteak konforme daude dagoenarekin.

Ezker abertzalearen helburuak gertuago al daude ala ez?

Jarduera armatu batek polarizatu egiten du borroka, eta estatuaren jokabideak ere horra eramaten gintuen. Ikusi da estatuaren helburua ez zela borroka armatua bukatzea; Madrilen helburua zen, eta da, Euskal Herria eskualde baten moduan mantentzea, eta, ondorioz, nazio izaera ezabatzea. Bestela, ahalegin handiagoa egingo zukeen borroka armatuari konponbide bat emateko, eta, nolabait, irteera demokratikoago bat emateko Euskal Herriari. Nik uste dut, gainera, aukerak izan zituela, baina justu kontrako jarrera hartu zuen, bereziki azkeneko urteetan, berriz ere birzentralizazio prozesu batean sartuz. Bukatu zen ETAren borroka armatua, baina arazo nazionala funtsean berbera da oraindik ere, eta ez du batere garrantzirik galdu. Nola iritsi gure helburuak betetzera? Lehen ez zegoen erraza, eta orain ere ez; baina, nire iritziz, eman dira aurrerapausoak.

Adibidez, zertan?

Garai batean baino askoz ere jende gehiagok onartzen du zein den Euskal Herriaren lurraldea. Sasoi batean lurraldea hitza edo lurraldetasuna gehiago erabiltzen genituen, eta nik uste dut orain, gutxienik, jendearen imajinarioan itsastea lortu dela Euskal Herria. Horri gehitu Nafarroan eta Iparraldean azken urteetan izan diren aldaketak. Berdin gertatzen da euskararekin: jende gehiagok aitortzen du hizkuntza nazional modura. Prozesu bat eman da hor ere, eta jendearen buruetan egon da aldaketa bat. Horrek ez du esan nahi euskara lehen baino egoera hobean dagoenik; eman behar dira aurrerapauso gehiago.

Alor soziala da ezker abertzalearen beste ikur bat. Arrasate eta eskualde hau kooperatibismoaren erreferentzia dira. Nola dago kooperatibismoa gaur egun?

Nire ustez, osasun onean. Orain urte batzuk, itxi egin zen Fagor Etxetresnak, baina ezin da esan kooperatibismoak behera egin duenik. Hartuko ziren erabaki okerrak, onak bezala, baina balorazio bat egitean garrantzitsua da kontuan hartzea kooperatiba horrek bizi izan zuen testuinguru ekonomikoa eta merkatuetakoa. Europan lorpen handiak izandakoa zen, baina aspalditik iragarrita zegoen ez zuela etorkizun ona izango, mundu mailako beste lau bat enpresa merkatua jatera zihoazelako. Enpresa modura desegin egin zen, eta bada porrot bat, jende askorengan trauma eragin duelako, baina itxi zenean bi mila langile ziren eta ia guztiei eman zieten irtenbide bat. Kooperatibismoak erakutsi du krisi egoera batean ere merezi duen sistema bat dela, nahiz eta ez izan enpresa sozialista gorri-gorri bat. Baditu balio jakin batzuk.

Aldaketarik izan al du?

Garai batzuen mitifikazioa dago. Neu 1963an hasi nintzen lanean kooperatiba batean, eta orduan ere saldu egin behar zen. Garaiek ahalbidetu egin ziguten hazkunde garrantzitsu bat izatea. Gero etorri da mundu berri bat, globalizazioa, baina kooperatibismoaren kontzientzia sasoi hartan bezainbestekoa dela esango nuke.

Arrasaten orain dela lau urtetik berriz ere EAJ dago alkatetzan. Zer esaten dizu horrek?

Guk jasandako errepresioaren faktura ordaintzen ari gara, neurri handi batean.

Aldaketa hori ez da udalerri denetan gertatu, ezker abertzaleak segitzen baitu udal agintean, EH Bilduren barruan. Eta beste udalerri batzuetan, berriz, aurreneko aldiz iritsi da alkatetzara.

Geu ere hortxe egon gara, berriro lehen indarra izateko zorian; beste hamasei boto, eta bederatzigarren zinegotzia genuke, EAJk adina. EAJk guk baino gauza gehiago ditu alde, mediatikoak-eta, baina tira, bizi dugun lehia politikoa da hau, eta onartu beharra dago. Itxaropentsu nago etorkizunari begira, berriz ere alkatetza lortuko dugulakoan nagoelako.

Zure seme Ekain, 11/13 sumarioan daukate auzipetua, epaiketaren zain. Irailean hasiko da.

Auzi horrek frogatzen du estatuak errepresioarekin jarraitzen duela, ez dakiela besterik egiten. Aurrerabidea zaila dugula erakusten du, baina bide demokratikoak jorratuz segitu behar dugu. Ea auzi horrek ere balio digun beste jende bati ikusarazteko bakoitza zeren alde eta zeren kontra dagoen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna