Goreneko fiskalak uste du Nieblaren hilketan badela genero aldagaia

Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak uste du Asier Nieblaren hilketa epaitu zuen epaimahaiak «zuzen» aplikatu zuela genero astungarria; EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kendu zion astungarri hori epaiari. Defentsak zein akusazioek jarritako helegiteez ebatzi behar du orain Gorenak, eta fiskalak eskatu dio kontuan izateko genero aldagaia.

2018ko urrian zendu zen gazte urnietarra (Gipuzkoa), abuztuan jasandako eraso baten ondorioz: gizon batek bikotekide ohiarekin hizketan ikusi zuen Niebla, eta ukabilkada gogor bat eman zion; biktima lurrera erori zen, burua kolpatu zuen, eta, zauri larri haien ondorioz, bi hilabetera hil zen. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hamabi urte eta 11 hilabeteko zigorra ezarri zion erasotzaileari, genero astungarria aplikatuta, baina EAEkoak 11 urte eta erdira murriztu zuen kondena.

Goreneko fiskaltzak argudiatu du akusatuak ez zuela onartu bikote harremana eten izana, eta horrek eragin zuela Nieblaren aurkako erasoa; areago, adierazi du emakumea ere delituaren biktima izan zela, besteak beste, «harreman afektibo bat noiz eta norekin izan erabakitzeko askatasunari eraso» egin ziolako.

Adingabe bati, abusuak

Nafarroako Auzitegiak bi urte eta erdiko espetxealdia ezarri dio 62 urteko gizon bati, sexu abusu eta sexting delituengatik. Epaileek frogatutzat jo dute akusatua saiatu zela 15 urteko neska batekin sexu harremanak izaten —gutxienez behin adingabea bortxatzen ere saiatu zen—, eta biluzik ateratako argazkiak eskatzen zizkiola. Abusatzaileak ezinen du biktimarengana hurbildu lau urte eta erdian. Kartzela zigorra etetea onartu du auzitegiak, «zigortuak betetzen baditu aurreko betebehar guztiak, eta hiru urtez deliturik egiten ez badu».

Baionako Auzitegian ere gizon bat epaitu zuten atzo, emazteari zazpi urtez tratu txarrak ematea egotzita; fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorra galdegin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.