Albistea entzun

SERIEA. U-1etik bost urtera (II). Jordi Turull.

«Estatuak lortu nahi zituen ondorioak ekarri ditu errepresioak»

JxCren idazkari nagusiak «oinarrizko gobernu akordioa berreskuratu» eta «autoexijentziari berriz heltzea» nahi du: «Kontua ez da dena aldatzea, baizik eta gu aktibatzea, eta proposamenak aztertzea bateragarriak izateko».
DANI CODINA Tamaina handiagoan ikusi

Carme Porta -

2022ko irailak 29 - Bartzelona

Jordi Turull i Negre (Parets del Valles, Herrialde Katalanak, 1966) Junts Per Catalunyako idazkari nagusia da. Urriaren 1ean, Presidentetzako kontseilaria zen. Kataluniako Errepublikaren aldarrikapenaren ondoren, Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten Turull eta beste zazpi gobernukide. Kataluniako prozesuko epaiketan, hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Turulli, urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik. Ordutik bost urte igaro diren honetan, horietatik hiru preso eman ondoren, ez zaizkio «usteak» batere aldatu. Pere Aragones Kataluniako presidentearekin batzartu aurretik eginikoa da elkarrizketa.

Hiru urte baino gehiago kartzelan, 3.000 pertsona baino gehiago errepresaliaturik, eta orain badirudi bizitu egin dela berriro errepresioa, indultuen berrikuspena dela medio. Eta oraindik ere erbestean daude zenbait pertsona.

Salatuz aurre egin behar diogu Espainiako Estatuari, erakusten ari baita bere zuzenbide estatua deuseztatzeko gai dela independentismoa gerarazteko, baita autoestimu pixka batekin ere. Elkarrizketarako eta desjudizializaziorako proposamen guztiak gorabehera errepresioan ekinean badiraute, beldur direlako diraute: beldur dira egin genuena berriz egingo ote dugun. Eta egin genuena berriz egin eta hobetzen badugu, aurrera egingo dugu, orduko hartan lortzear izan ginen eta.

Estatuarentzat, oso umiliagarria izan zen urriaren 1a; eskura zituzten baliabide guztiak erabili, eta, hala ere, ez zuten hautetsontzi bakar bat ere aurkitu herrialde osoan. Badakite talentuaren, buruaren eta bihotzaren arteko konbinazio horrek arrakasta izan dezakeela berriro baliatzen badugu.

Badirudi kaleko indarra galdu egin dela; kritika gogorrak egiten ari zaizkie alderdiei, eta barne tentsio handia dago. Batzuk dinamika horretatik urruntzen ari dira, eta uste dute ez dela askorik egin aurrera.

Estatuak lortu nahi zituen ondorioak ekarri ditu errepresioak: duda ugari piztu ditu. Eta, dudak pizten direnean, konfiantza galtzen da, eta, horren ondorioz, jendea elkarri gauzak leporatzen hasten da. Gu sakabanatzea lortu du errepresioak. Urriaren 1aren indargunerik handiena zen guztiz bat eginda aritu ginela: indar politikoak, instituzioak, gizarte zibila.

Orain, horiei guztiei berriro bat eginaraztea da premiazkoena. Ez dut inor ezagutzen independentista izateari utzi diona. Jendea hor dago, baina bestelako bide bat eskatzen ari zaigu, mobilizazioari zentzua emango dion zerbait. Jendeak ahalegin handia egin zuen: erreferenduma beste biderik ez zen. Orain, eskatzen ari zaizkigu itzulinguruka ibiltzeari uzteko eta irtenbide bat aurkitzeko; denok bat eginda ekiteko, bide berri batean. Horretarako deia egin genuen guk lehen egunetik, jakinik ere alderdi guztien jarrerak direla legitimoak.

Jendea desengainatu samarra dago, baina ilusioa ere badute oraindik: irailaren 11ko manifestazioa da horren erakusgarri; hainbeste polemikaren eta eztabaidaren ondoren ere, jendea kalera irten zen, iaz baino are jende gehiago. Denok egin behar dugu ahalegina eskuzabalak izateko: ezein indar politiko ez da aurrera aterako bere kabuz. Independentismoa estrategikoki eta batera gidatzeko espazio bat eskatzen dugu.

Irailaren 11 zela-eta, tentsio handia piztu zen gobernuko indarren artean. Baretzen ari al da?

Tentsioa baino gehiago, argi geratu da oso ezberdinak direla gobernukide baten estrategia eta bestearena. Bietako bat alde bakarrez jarduten ari delako kexatzen gara gu. Gobernu akordio bat dugu sinatua, eta horrek egin behar gaitu bateragarri berriro. Zehaztuta dago nola: berriro bildu beharra dago independentismoaren mahai estrategikoa, eta elkarrizketa mahaiak ahalik eta transbertsaltasun independentistarik handiena eduki behar luke ordezkatua. Hori orain ez da betetzen, baina hori zehazten zuen akordioa lehendik zegoen.

Zergatik hartu dituzte jarrera horiek? Hauteskundeen aurreko tentsioagatik? Egiatan daudelako kezkatuta gobernuaren egonkortasunaz?

Junts Per Catalunyaren kasuan behintzat ez da hala. Gainera, udal giroa ezagutzen duenak badaki hauteskunde horien parametroak oso ezberdinak direla. Kataluniako udalerrien %60k 2.000 biztanle baino gutxiago dituzte; horiei gehituz gero 20.000 biztanle baino gutxiagokoak, %80 dira guztira. Eta, halako udalerrietan, marka baino garrantzitsuagoa da nor aurkezten den.

Beharbada, gobernuaren jarduna nork gidatu balego auzitan hauteskundeetan, eragina izango luke markak, baina gu oraintxe ez gara ari parametro horietan. Beharbada, kontua gehiago da gidaritza politikoak berritzea. Orain beste leku batean kokatu behar dugu. Kalkulagailua bazter utzi behar dugu orain, eta iparrorratzean jarri arreta.

Baina badirudi batzuek dinamika alderdikoiagoak dituztela, edo interes partikularrak.

Urriaren 1eko ikasgaietako bat hauxe izan zen: aurrera egin ezingo genuela ematen zuen momentu txar guztiak gorabehera, transzendentzia zentzua gailentzen zen azkenean. Jendeak nahiago izan zuen baliagarria izan, garrantzitsua izan baino. Egun gutxi batzuetan berregin behar izan zen bozkatzeko sistema guztia, estatuak desegin egin zigulako.

Orduan, hain ikaragarria izan zen batasuna, hain handia konfiantza eta hain erabatekoa aitortza, ezen siglek berdin baitzuten: helburua zen garrantzitsuena. Exijentzia handia ere bazegoen. Jendea kontzentratu egin zen zegokiona ondo egiten; ez zen begira ibili ondokoa zertan ari zen. Eta hortxe dago arrakasta, alor guztietan gertatu baitzen hori: gobernutik hasi, eta hautetsontzia jaso behar zuen pertsonarenganaino. Orain, independentismoak arazo handi bat du jarreraren aldetik; berriz aktibatuko bagara, nahitaezkoa da benetako aurkaria zein den ikustea, elkarri gauzak leporatzeari uztea, eta berriro bat egitea. Denok behar dugu elkar.

Egun gutxi barru, bost urte beteko dira urriaren 1 hartatik. Askok uste dute legatua galdu egin dela, eta ez dagoela zuk aipatu duzun jarrera hori. Nola hartzen duzu hori?

Oinarrizko gobernu akordioa berreskuratzea eskatzen dugu guk, eta autoexijentziari heltzea berriz. Kontua ez da dena aldatzea, baizik eta gu aktibatzea, eta proposamenak aztertzea bateragarriak izan daitezen; zeren bateragarriak baitira, nahiz eta batzuetan ematen duen ezetz.

Ezin dugu presiorik gabe negoziatu: lañokeria litzateke kontrakoa pentsatzea. Hortaz, konfrontazioa ere prestatu behar dugu, negoziazioak huts egingo balu.

ANC Biltzar Nazional Katalanak epe batzuk ezarri ditu alde bakarreko independentzia deklarazioa egiteko. Zer iritzi duzu horretaz?

Hori eztabaidatu ahal izatea nahiko nuke nik. Alde bakarreko independentzia deklarazioa aktibatuz gero, iraun dezan aktibatu behar da, ez lehen egindako gauza bera egiteko. Eta, horretarako, jakin beharra dago zer tresna ditugun, eta, halaber, geure buruari galdetu behar diogu zer egiteko prest gauden eta zer ondorio onartuko ditugun.

Duela bost urte, ez nion halakorik galdetu ere egin neure buruari; hain bat eginda geunden, olatuak berekin eraman gintuen. Dena prestatzen ari ginen, eta, bat-batean, aurrean itxi zitzaidan ziegako atea; eta, hala ere, sekula ez nintzen bakarrik sentitu. Kartzelara joatea ondorioen parte zen. Aletu eta eztabaidatu dezagun ANCren proposamena, eta garrantzitsuena ez dadila izan noiz egingo dugun: helburua posible izatea bihur dadila garrantzitsuena. Azken batean, bidea markatzea da garrantzitsuena; epeak zabala izan behar du, egoeraren arabera agian aldatu egin beharko da-eta estrategia. Baina ANCk proposamen bat egin izana, bere hartan, ona da nire ustez; beste hasiera bat da. Bost urte hauetan, eusten ibili gara, baina soilik eutsiz ezin da aurrera egin.

Estrategiak ez badira elkarren kontrakoak, uste duzu ez dela posible estatuarekin hitz egitea?

Arazoa da gobernu batekin hitz egiten ari garela, ez estatu batekin. Espainiako Gobernuak herritarrak ordezkatzen ditu, baina ez estatua. Hemen, erregimen frankistak hor dirau instituzioetan, ez baita aldaketarik izan: trantsizioan, lehengo familia eta gobernari berberak geratu ziren estatuko eremu estrategikoetan. Eremu horietako bat justizia da, eta, orain, justiziako goi kargudunak izugarrizko aktibismo politikoan dabiltza.

Esaten da epaileek independenteak izan behar dutela baina ez neutralak, eta horrek joera arriskutsu bat markatzen du. Horren adibide bat da Ingalaterrako erregina inpartziala izan zela Eskoziako erreferendumaren auzian, eta Espainiako erregeak, berriz, mezu argi-argi hau eman zuela urriaren 3an: hemendik aurrera, Kataluniako politika ez dute ebatziko hautetsontziek, baizik eta togek.

Zer iruditu zaizkizu Pere Aragones presidenteak herenegungo osoko bilkuran egin zituen proposamenak?

Osoko bilkura garrantzitsua zen hau, hizpide hartzekoak baitziren gobernu ituneko indarren arteko konfiantza berretsi beharra, estrategia komuna indartu beharra. Pere Aragones presidenteak «argitasun akordio bat» egitea proposatu du orain, erreferendum adostu bateranzko pausoak emateko, baina, berez, oraindik ez dira bete gobernu akordioak.

Kataluniako gatazka konpontzeko edozein proposamenek alderdi eta erakunde independentista guztien adostasuna izan behar du abiapuntu. Gogoan izan behar dugu Espainia ez dela Kanada. Aragonesek esplikatzen digunean nola egin nahi duen hori, orduan eman ahalko dugu iritzi oso bat.

Bihar: Eulalia Reguant CUPen Kataluniako Parlamentuko bozeramailearen elkarrizketa.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Palestinako herritarrak Israelgo segurtasun indarrek hildako palestinar baten hiletan, Ramallahn. ©Alaa Badarneh / EFE

Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «borborka hastear» dagoela ohartarazi du NBEk

Maddi Iztueta Olano

Erakundeak bi estatu sortzeko plana onartu zuenetik 75 urte betetzen dira gaur, baina liskarrak ez du etenik izan ia. Israelgo segurtasun indarrek lau palestinar hil dituzte bart.

Erreskatatu dituzten hiru gizonak, 'Alithini II' petrolio ontziaren lema gainean. ©@salvamentogob

Petroliontzi baten lemaren gainean 11 egunez iraun duten hiru lagun erreskatatu dituzte Kanarietan

Paulo Ostolaza

Ontzia Lagostik abiatu zen, Nigeriatik, azaroaren 17an. Lehen arreta eman eta gero, hipotermia zantzuekin ospitaleratu dituzte hiru gizonak.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, atzo, Bukaresten egindako agerraldian. ©ROBERT GHEMENT / EFE

Stoltenberg: «NATOk Ukraina babesten jarraituko du, eta ez dugu atzera egingo»

Mikel O. Iribar

Mendebaldeko aliantza militarra bilera egiten ari da Bukaresten. Reutersen arabera, NATO presio egiten ari zaie armak ekoizten dituzten enpresei, hornidura «arazoak» dituztelako.

Irango emakumeen aldeko protesta bat, Istanbulen (Turkia), larunbatean. ©ERDEM SAHIN / EFE

Iranek ez dio lagunduko NBEri protestetako errepresioa ikertzen

Maddi Iztueta Olano

NBEk misio bat sortu du Mahsa Aminiren aldeko mobilizazioetako errepresioa ikertzeko. Protestetan 300 lagunetik gora hil dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...