Albistea entzun

Hokkaidoko indigenen susperraldia

Ainu herriak gutxienez bi mila urte daramatza Japonia iparraldeko eta Asia ekialdeko uharteetan; baina Tokioko gobernuak orain aitortu du komunitateak «hizkuntza, erlijio eta kultura propioak» dituela.
Ainu etniako hainbat kide dantza tradizional bat egiten, Kimitsu mendietako egoitza batean, Tokiotik 60 kilometrora, artxiboko argazki batean.
Ainu etniako hainbat kide dantza tradizional bat egiten, Kimitsu mendietako egoitza batean, Tokiotik 60 kilometrora, artxiboko argazki batean. E. K. BROWN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Josep Solano -

2023ko ekainak 4 - Hokkaido

Ainuak, Japonia iparraldeko eskualdeetako aborigen zapalduak, ahaleginak egiten ari dira beren hizkuntza eta kultura biziberritzeko, hamarkadetan genozidio kulturala jasan eta gero. Hain zuzen, Japoniako Dietak —kongresuaren pareko instituzio bat— aho batez aitortu du komunitate hori «hizkuntza, erlijio eta kultura propioak dituen herri indigena bat» dela. Hokkaidoko Ainu Museo ireki berriak, erakusketa interaktiboen bitartez, modu liluragarrian jakinarazten du antzinako herri horren bizimoduaren, artearen eta sinesmenen berri, eta ainuen kulturaren gaineko kontzientzia eta errespetua bultzatzen ditu, baita mundu guztiko bisitariek elkarren kulturaren berri izatea ere.

«Biziberritu egin nahi dugu, eta kulturari, historiari eta hizkuntzari eutsi etorkizunerako», azaldu du Hokkaidoko Ainu Museoaren arduradunetako batek, Shirourik bere jatorrizko hizkuntzakoa du izena. Ainu herriak gutxienez bi mila urte daramatza Japonia iparraldeko eta Asia ekialdeko uharteetan, eta errusiarrek eta hegoaldeko japoniarrek herri «basatitzat» jotzen zuten duela hamarkada gutxi arte. Edonola ere, ainuek harro eta duin eusten diete oraindik ere beren kulturari eta hizkuntzari, nahiz eta gaur egun galzorian dagoen haien hizkuntza.

2008. urtean, Japoniako Dietak aho batez onartu zuen ainuak «herri indigena» gisa aitortzea, baina, hala ere, eta nahiz eta ahaleginak egiten ari diren kultura hori sustatzeko bai gizarteari eta bai turismoari begira, Hokkaido uharteko toki gehienetan ia ez dago herri horren arrastorik arlo publikoan. Ainu etniaren XIX. eta XX. mendeetako historia eta Europako, Amerikako edo Asiako beste herri minorizatu batzuena ez dira oso desberdinak: lurrak konfiskatu zizkieten; eskolak eta barnetegiak erabili zituzten agintariek haur ainuak Japoniako kulturara hurbiltzeko, japoniera eta japoniar kultura ikasaraziz; ainu hizkuntzan aritzea eragotzi zieten, eta ehizarako eta uztarako zeremonia tradizionalak debekatu.

Ainuen Kultura Biziberritzeko eta Garatzeko Zentro Nazionala Upopoy parkean dago, Shiraoi herrian, Sapporotik ordubete baino gehixeagora. 2020ko uztailean inauguratu zuten, eta hainbat parte ditu: museo bat, ainuen bizimodu tradizionala nolakoa zen erakusten duten erreprodukzio zehatzak, eta milaka urteko kultura hori egokiro garatzeko tailerrak eta bilerak egiteko aretoak. Parkeko sarrera, «ainu espiriturako bidea», bide bitxia da: basoen eta animalien irudiak ditu grabatuak alboetan, eta, musika tradizionalak lagunduta, harrera nagusiraino gidatzen du bisitaria.

Ainu Museo Nazionala da zentrorako bisitaren abiapuntua. Atentzioa ematen duen lehen gauza zera da, errotuluak ainuz, japonieraz eta ingelesez idatzita daudela, baita batzuetan txineraz eta koreeraz ere. Erakusketa areto nagusiak herriaren ikuspegi propiotik kontatzen du historia. Ainuen bizimodua erakusteko diseinatua dago museoa: haien janzkera tradizionala eta gastronomia paregabea nolakoak diren azaltzen du, eta zenbait ataletan banatuta dago; antzinako zibilizazio horren kulturaren alderdi jakin bati eskainia dago atal bakoitza. Aretoz areto, etniaren historiari, erlijioari, arteari eta eguneroko bizimoduari buruzko erakusketak ikusteko aukera dago. Gainera, antzoki bat ere badago zentroan, eta ainuekin zerikusia duten filmak ikus daitezke han.

Ainu herriaren biziberritzeari eskainitako atal bat ere badago zentroan. Biziberritzearen aldeko proiektuaren bitartez, hizkuntza, kultura eta tradizioak berreskuratu nahi dituzte, eta ainuen herri bat ere sorberritu dute, bisitariek aukera izan dezaten zibilizazio horren antzinako bizimodua bertatik bertara ezagutzeko. Etxe tradizionalak jarri dituzte ikusgai, eta, hala, jakin daiteke nola bizi ziren biztanleak antzina. Ainuek egin ohi zituzten jarduera tradizionaletan ere parte har dezakete bisitariek; besteak beste, milaka urteko kultura horretako dantza, musika eta artisautza lantzeko aukera dute.

Aukera handia

Shirouriren ustez, Ainu Kultura Biziberritu eta Garatzeko Zentro Nazionala zabaldu izana «aukera handia» da komunitatearentzat, eta Japoniako Gobernuak jokabidea aldatu izanak mesede egin die, orain beste jarrera bat hartu baitu herrialdeko uharte nagusietako gutxiengo nazional bakarrari dagokionez. «Zeelanda Berriko maoriengandik ikasi beharra daukagu, eskolak sortu baitituzte indigenek beren kulturaren eta historiaren berri izan dezaten», esan du museoaren arduradunak. Nolanahi ere, ez da bereziki baikor azaldu, eta zaila iruditzen zaio hizkuntzak bizirik irautea datozen belaunaldietan.

Gaur egun, ainua galzorian dago, hiztun natibo gutxi baititu. Nibutani herrian dago hiztun natiboen multzorik handiena, museotik 30 bat kilometrora: han 100 hiztun inguru daudela kalkulatu dute, eta haietatik soilik 15ek erabiltzen dutela hizkuntza egunero. Hala ere, Hokkaidoko biztanleak identifikatuta sentitzen dira beren kultura propioarekin, eta badirudi horrek itxaropen izpi bat sortu duela kultura paregabe hori babesteko bidean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Haur bat Can Atalay diputatuaren irudi batekin, maiatzaren 1eko protesta batean, hura aske uzteko eskatzen. ©#BARRA_ABILDUA#CANATALAY

Legegintzaldia espetxetik

Lara Villalon

Can Atalay ezkerreko parlamentaria preso dago iazko maiatzetik, 2013an Istanbulgo Taksim plazan izan ziren protestetan parte hartzeagatik, Turkiako Gobernuaren kontra. Auzia justiziaren politizazioaren ikur bihurtu da herrialde hartan.

 ©OSKAR EPELDE

«Afrikaren menpekotasun aroa amaitzen ari da»

Oskar Epelde Juldain

Touoyemen arabera, kontinenteko liderren belaunaldi berri batek «forma eman nahi dio bere patuari». Eta sistemaz gogoeta bat plazaratu du: «Afrika demokratizatu behar da, ala demokrazia afrikartu?».
Armeniako Gobernuaren kontrako manifestariak, gaur, Erevanen. ©ANATOLI MALTSEV, EFE

Paxinianen dimisioa eskatu dute milaka herritarrek, «traidore» oihu artean

Gorka Berasategi Otamendi

Armeniako hiriburuan egin duten protestan, manifestariek lehen ministroari egotzi diote ez esku hartzea Azerbaijanek Karabakh Garaiari egindako erasoaren aurrean.

ERCko eta JxCko ordezkariak txaloka, atzo, Kataluniako Parlamentuan ebazpen bateratu bat onartu ondoren. ©Q. GARCIA / EFE

Erreferenduma, negoziaziora

Gorka Berasategi Otamendi

ERCk eta JxCk Sanchezen inbestidurarako baldintza ezarri dute: erreferendum baten alde «lan egiteko» konpromisoa hartzea. PSCk gaitzetsi egin du, eta bozak errepikatzeko aukera aipatu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.